Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Maialen Urbietak lehenengo Research Pitches Contest saria jaso du

Dokumentuaren akzioak

Maialen Urbietak lehenengo Research Pitches Contest saria jaso du

2017/09/25 - unibertsitatea.net
Eleaniztasun goiztiarraren onurak aztertu ditu Urbietak UPV/EHUko Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterraren barruan.
Maialen Urbietak lehenengo Research Pitches Contest saria jaso du

Argazkia: UPV/EHU

Research Pitches Contest lehiaketa Compostela Unibertsitate Taldeak antolatu du lehenengoz. Bideo labur baten, gehienez 3 minutuko iraupenekoa, euren ikerlana azaldu behar izan dute parte-hartzaileek. Guztira 10 unibertsitateko ikasleek parte hartu zuten joan den ikasturte amaieran eta orain, irailean, izan da sari banaketa.

Maialen Urbieta Agirrezabalagak (Getaria, 1993) jaso zuen puntuaziorik altuena "A study of multilingual writing" lanarekin eta 900 euroko saria jaso du. UPV/EHUko Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterraren barruan egin zuen ikerketa lana Urbietak Mikel Goikoetxearekin batera eta eleaniztasun goiztiarra onuragarria dela frogatzea zen helburua. Horretarako 114 ikaslek bi hizkuntzatan (euskaraz eta gaztelaniaz) egindako idazlanak aztertu zituzten. Urbietaren kasuan, testuen antolaketa eta edukiak izan ditu ikergai.

Bere ikerketaren arabera, pertsona eleaniztunek elebakarrek baino baliabide gehiago izan ohi dituzte, testua antolatzeko gaitasuna hizkuntza batetik bestera  transferitu daitekeelako. Gainera, Urbietaren esanetan, “pertsona eleaniztunek onurak dituzte maila kognitiboan, ez azterketa emaitzetan bakarrik”.

Masterra bukatuta, Irakasle-eskolan Lehen Hezkuntzako laugarren maila egiten ari da; "euskara, hezkuntza tresna" minorra, hain zuzen ere. UEUko online irakaskuntzaren arduradun lanetan ere badabil.

Iturria: EHU/UPV