Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Madalen Goiria: "Etxean hezteko aukera eskubide bat da eta legeztatu egin beharko litzateke"
Erabiltzailearen akzioak

Madalen Goiria: "Etxean hezteko aukera eskubide bat da eta legeztatu egin beharko litzateke"

2014/11/12 - Unibertsitatea.net
Madalen Goiria zornotzarrak "homeschool"aren gaia lantzen dihardu azken urteetan. Doktorego-tesia gai honen inguruan jorratu du eta gaia lantzen duen bloga ere editatzen du.

Madalen Goiriak (Zornotza, 1958) zuzenbide ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Tesia etxean heztearen lege egoeraren gainean egin zuen (”La opción de educar en casa. Implantación social y encaje del homeschool en el ordenamiento jurídico español”) eta gaiaren gaineko gora-beherak “La opción de educar en casa” deituriko blogean ere lantzen ditu.

Berarekin izan gara homeschoola deritzonaren gainean hitz egiteko:

Etxean hezteko aukera edo "Homeschool" delakoa landu duzu doktorego-tesian. Honez gain, gaia blog baten jorratzen duzu, liburua ere kaleratu duzu... Nondik sortu zitzaizun gaia lantzeko interesa?

Bizitza akademikoaren gorabeherak izan dira. Unibertsitatean hasi nintzenean "egile eskubideen" gaia "Copyright" sistemarekin konparatuz ikerlerroa aukeratu nuen. Hemen eta Britainia Handian landu nuen gaia, eta han nengoela entzun nuen homeschool delakoaren berri.

Gero, denborarekin, egile eskubideen gaia albo batera utzi eta gurasoen ahalmena jorratzeko nahia sortu zitzaidan. Hala ere, nire ikerketa zuzendaria den Jacinto Gilek ohartarazi zidan esparrua zabalegia zela eta mugatu egin behar nuela. Hortaz, berak gomendatu zidan “Etxean hezteko” eskubidea jorratzeko.

Ezer baino lehen, zer esan nahi du zehazki etxean hezteak? Zeintzuk dira bere berezitasunak?

Zuzenbidean, zentzu hertsian etxean hezteak seme-alabak sei urte betetzean eskolara ez bidaltzea esan nahi du. Alegia, etxean jorratzea beraien heziketa akademikoa eta heziketa pertsonala.

Zentzu hertsian ulertzen da horrela, izan ere, umeak eskolara eramateko beharra aldarrikatzen da hezkuntza legeetan. Ondorioz, etxean hezteko aukera legeen aurkakoa bihurtzen da eta honek egoera berezia sortzen du.

Berezia da aukeratzen duen jendea gutxi delako, besteak beste zaila delako gurasoetako bat etxean seme-alabak hezten geratzeko formularekin asmatzea. Gainera, normalean, gurasoetariko baten soldatari uko egin behar zaio eta ezin da albo batera utzi 6-16 urte bitarteko seme-alaben hezitzaile izateak dakarren erantzukizuna.

Hala ere, etxean heztearen abantailak asko dira. Alde batetik, familia bizitza  eta guraso eta seme-alaben arteko harremanak sendotu egiten dira. Bestetik, heziketa banakoa da, ume edo gazte bakoitzaren erritmora eta interesetara egokitutakoa.

Europako herrialde askotan dago etxean hezteko aukera araututa baina gurean hutsune legal bat dagoela diozu. Legedia aldatu, eta heziketa publikoaz eta pribatuaz gain, etxean irakasteko aukera eskaintzearen alde egin behar dela uste duzu.

Bai, horren alde nago eskubide kontu bat delako. Hainbat herrialdetan eskubide aitortza hau inolako arazorik gabe ematen da eta hemen ere seme-alabak etxean hezi nahi dituzten gurasoei aukera eman behar zaie. Honek familien ahalmen esparrua indartzea dakar eta hori ez da txarra, baina estatua ez da gai honetan herritarrez fidatzen. Eskubideak garatzea eta beren esparrua zabaltzea demokrazia kontua da eta etxean heztea ere, nire ustetan, demokrazia kontua da.

Hori lortu ahal izateko Heziketa Lege Organikoa aldatu beharko litzateke. Legearen 4.2 artikuluak dio heziketak 10 urteko eskolaratzean datzala (6 urtetik 16 urtera). Horri gehitu beharko litzaioke heziketa hori gurasoen ardurapean etxean egin daitekeela. Hori printzipioz nahikoa litzateke etxea bera eskola bihurtzeko.

Gaur egun Hego Euskal Herrian etxean hezteko aukera hautatzen duten familiek zein traba aurkitzen dituzte?

Arazo gehienak semea edo alaba eskolan noizbait erroldatuta egon badira eta gero etxean heztea erabakitzen dugunean hasten dira. Kasu hauetan “absenteen protokoloa” hasten da eta ondorioz, tokiko administraziora (udaletxera, adibidez) edo ikuskaritzara pasatzen da gaia eta epaitegietan bukatu dezake.

Eusko Legebiltzarra arazoaren jabe da. Arartekoa ere behin baino gehiagotan bildu da seme-alabak eskolara bidaltzen ez dituzten familietako ordezkariekin. Ildo honetatik 2007an landutako txosten batean gizartean gaiaren gaineko eztabaida sortzeko nahia jaso zuen.

Hala ere familiek pairatzen duten traba nagusia gizartean bertan aurkitzen duten ulermen falta da. Bakarrik sentitzen dira eta ez dute babesik aurkitzen beraien inguruan.

... eta traba guztien gainetik eredu hau hautatzen duten euskal familiak zenbat diren jakin badakigu?

Ez dakigu. Legez kanpoko zerbait denez aukera hautatu dutenentzat oso zaila da homeschooler gisa beraien burua agertzea eta ez dago jarduera horren gaineko daturik jasotzeko modurik. Esan ohi da Espainiar Estatuan 2.000 familia baino gehiago daudela eta baliteke Euskal Herrian 200 baino gehiago izatea.

Europako beste herrialde batzuetako egoera normalizatua iritsiko dela uste duzu? Noizko?

Ni baiezkoan nago. Azken bi urteetan egon dira saiakerak baina azkenean ez da nahi zena lortu. Seme-alabak etxean hezten dituzten familien ordezkariak LOMCE proiektua bultzatu duen gobernuarekin eta Espainiako Parlamentuko alderdi politikoekin kontaktuan egon dira. Hala ere, LOMCE legean, eskola publikoaren eta pribatuaren aukerez gain, ez da etxean heztearen aukera aurreikusten.

Hala ere, Hezkuntza Lege Organikoetatik at badira beste ekimen batzuk familia hauen egoera hobetzeko. Alegia, urrutiko eskolak legeztatzea eta etxean hezi diren neska-mutilei 16 urterekin eskola-graduatu titulua lortzeko azterketa askeak egiteko aukera eskaintzea. Izan ere, egun, legeak ez die neska-mutiko hauei azterketa hori 18 urte bete arte egiten uzten.

Epe laburrera begira zeintzuk dira eskuartean dituzun proiektuak?

Momentu honetan liburu sorta bat idazten ari naiz  “La serie 10 del homeschool”. Bertan homeschoolarekin zerikusia duten gaiak lantzen ditut eta momentuz saileko lehengo sei aleak argitaratu ditut. Datozen hiru urteetan lanarekin amaitzea da nire helburua.


Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari