Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Lide Arana: “Gure alorrean ikertzaile gaztea izateak atzerrian lan egitea suposatzen du”

Dokumentuaren akzioak

Lide Arana: “Gure alorrean ikertzaile gaztea izateak atzerrian lan egitea suposatzen du”

2015/10/13 - Unibertsitatea.net
Lide Arana Urbietak IkerGazte Kongresuan hartu zuen parte, elkarrizketatu egin dugu bere ikerlana eta ikertzaileen egoera gehiago ezagutze aldera.
Lide Arana: “Gure alorrean ikertzaile gaztea izateak atzerrian lan egitea suposatzen du”

Lide Arana

Lide Arana Urbietak IkerGazte Kongresuan hartu zuen parte eta bertan "Lipido Solidozko Nanopartikulak substantzia lipoolugarrien garraio eta egonkortasuna hobetzeko" lana aurkeztu. UPV/EHUko irakaslea da Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra sailetan, hala ere, ikertzaile lanetan ere badabil. Elkarrizketatu egin dugu bere ikerlana eta ikertzaileen egoera gehiago ezagutze aldera. 

Zer da ikerlan honetan jorratzen duzuna?

 Gure ikerketa ildoaren helburua konposatu liposolugarriak gorputzean leku egokira eta modu egonkorrean bideratzeko nanogarraiatzaileak garatzea da. Zehatzago esanda, lipido solidoz osaturiko nanopartikulen konposaketa ezberdinak eta hauen ezaugarriak aztertzen dihardugu.

 Zerk motibatu zintuen hori ikertzera? 

Azken urteotan nanogarraiatzaile egokien beharra gero eta gehiago nabarmendu da, izan ere, farmako egoki bat garatzea ez da beti nahikoa izaten gaixotasun baten tratamendu on bat lortzeko. Substantzia hori gorputzeko ehun zehatz batetara iritsi arazi behar da, bidean bere izaera aldatu gabe. Ondorioz, farmakoak garraiatzaile egokietan txertatuko bagenitu tratamendu askoren efizientzia asko hobetuko litzateke, bide batez albo ondorioak gutxituz. Garraiatzaile hauen beharra areagotu egiten da substantzia liposolugarrien kasuan, gorputzeko ingurune urtsuan barreiatzea bereziki zaila delako. Proiektuak asko erakarri ninduen eta aurrez erabili gabeko nanoteknologiari dagozkion teknikak ikastea ere erronka polita iruditu zitzaidan. 

Zer da substantzia liposolugarri bat? 

Uretan disolbatzen ez den substantzia liposolugarria edo hidrofobikoa dela esaten da, oliba olioa edo argizaria esaterako. 

Nola hobetu daitezke horren garraioa eta egonkortasuna? 

Organismo batek arrotzak diren substantziak deuseztatu eta kanporatzeko joera izaten du. Beraz, gorputzean berariaz sartu nahi dugun gauza orok mekanismo hauek ekidin behar ditu. Bestalde, aipatu bezala, substantzia hori liposolugarria bada eta gorputzean zehar garraiatu nahi badugu ingurune urtsuan egonkortuko duen egitura bat beharko du. Arazo hauek ekiditeko konposizio eta ezaugarri egokiak dituzten nanogarraiatzaileeak erabiltzen dira, substantzia bertan txertatuz ingurunetik babesturik eta batzuetan organismoarentzat ikusezin geratzen delako. 

Zeintzuk dira ikerketa honetan atera dituzun ondorioak? 

Erabilitako nanopartikula konposaketa ezberdinen tamaina, homogeneitate, toxikotasun eta egonkortasuna aztertu ditugu eta guztien artetik konposizio batek oso ezaugarri aproposak dituela ondorioztatu dugu. Gainera nanopartikula mota honek substantzia liposolugarriak txertatu eta zeluletara bideratzeko gaitasuna ona azaldu ditu. 

Zein izan da gehien harritu zaituen emaitza?

 Nanopartikula mota honek substantziak barneratzeko duten gaitasunak harritu nau gehienbat, beste nanopartikulekin alderatuta substantzia kantitate handiak txertatzeko gai izan baikara. 

Zer suposatzen du gaur egun ikertzaile gaztea izateak? 

Gure alorrean ikertzaile gaztea izateak atzerrian lan egitea suposatzen du, ikertzeko grina izan eta familia era lagunak atzean uztea inoiz itzultzeko aukerarik izango ote duzun jakin gabe. Hemen ikertzaile eta gazte izateak ia kontraesan bat suposatzen du, araua betetzen ez duen salbuespena izatea. Ziurgabetasuna, diru laguntzak erregutuz bizitzea luzapenean jasotako denbora noiz amaituko zaizun beldur.