Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Lau hitzaldi orokor IkerGazte2017 kongresuan
Erabiltzailearen akzioak

Lau hitzaldi orokor IkerGazte2017 kongresuan

2017/03/10 - unibertsitatea.net
Laurence Tresse Lyoneko astrofisika ikerketa zentroko zuzendaria, Jose Ramon Etxebarria UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea, Arkaitz Carracedo, Ikerbasque ikertzailea eta CIC bioGUNEn ikerketa taldeburua; eta Elin Haf Gruffyd Aberystwyth unibertsitateko irakasle eta ikertzailea izango dira gonbidatuak.

Apurka apurka zehazten doa IkerGazte2017 "Nazioarteko Ikerketa Euskaraz"  kongresuko egitaraua. Maiatzaren 10, 11 eta 12an izango da kongresua Iruñean eta guztira lau hitzaldi orokor izango dira.

Maiatzaren 10ean Laurence Tresse doktoreak zabalduko du kongresua, A Journey into the World of Galaxieshitzaldiarekin.  Tresse astronomoa da eta 2016. urtetik Frantziako Lyoneko Astrofisikako Ikerketa Zentruko (CRAL) zuzendaria da.

2012tik 2015era Marsellako Astrofisikako Laborategiko Kosmologia taldeko ikerketa burua izan zen. Objektu anitzeko espektroskopian aditua da.

Katedralaren eraikuntzaizango du mintzagai Jose Ramon Etxebarriak. Etxebarria UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea da, UEUkidea. Ingeniaritzan doktorea da eta Fisikako irakasle gisa aritu zen hainbat urtez UPV/EHUko Leioako Zientzia Fakultatean. Azken hamar urteotan testu zientifiko-teknikoen arauak eta terminologia irakasten ditu Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Hasieratik egin du lan Udako Euskal Unibertsitatean, irakasle modura zein irakasmaterialen argitalpenetan. Testugintza teknikoan, hiztegigintzan eta dibulgazio zientifikoan zaildua da, betiere euskaraz. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean berak sortutako 170 lan baino gehiago bildu dira.

Bigarren egunean, maiatzaren 11an, Arkaitz Carracedok Bizitza eta karrera ikerkuntzan: Nire esperientzia izeneko hitzaldia emango du.  Carracedo Ikerbasque-ko ikertzailea da eta CIC bioGUNEko Onkologia Molekularreko Programaren parte den lantaldearen burua da, gaur egun. Minbiziaren CIBEReko kidea da eta baita EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra saileko irakasle elkartua ere.

Biomedikuntzan lizentziatua, kanabinoideek minbiziaren aurka duten eragina ikertu zuen (2001-2006) doktoretzarako eta bere ikerketa lerro nagusia minbizi zelulen elikadura-berezitasunen ingurukoa da.

Azkenik, maiatzaren 12an, Elin Haf Gruffydd Jones-en txanda izango da. Gruffydd Aberystwyth-eko (Gales) unibertsitateko komunikabide eta kultura/sormen industrien arloko irakaslea da. Unibertsitateko Mercator Institute for Media, Languages and Culture institutuko zuzendaria ere bada.

Galesez, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz hitz egiteaz gain, katalanez, galegoz, italieraz eta euskaraz ere aritzen da.

Bere ikerketa arloak ondokoak dira: Minority/Minoritised Language Media, Media and Arts Policy, Sociolinguistics of Media, Identity and Politics of Media, Media Compliance and Regulation, Online and Social Media, Creative Translation, Multilingual Media Practices.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari