Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Lateralitatea aztergai, Neanderthaletatik gaur arte

Dokumentuaren akzioak

Lateralitatea aztergai, Neanderthaletatik gaur arte

2017/10/06 - unibertsitatea.net
Eder Dominguez Ballesteros UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko ikertzaileak egin du ikerketa industria litikoa aztertuz
Lateralitatea aztergai, Neanderthaletatik gaur arte

Arg: UPV/EHU

Historiaurreko tresnak oso informazio baliagarria dira gure arbasoen bizimodua nolakoa zen jakiteko. Hala uste du Eder Dominguez Ballesteros UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaile eta doktoreak. Historiaurreko populazioen lateralitatea aztertu du bere tesian, industria litikoaren analisiaren bitartez. Tresnak buruak asmatutakoak direnez, industria litikoen bitartez giza kognizioari buruzko informazioa lortzen saiatu da.

 

Lateralitatea espezie batzuek duten nolakotasun bat da. Zeregin jakin bat egiteko unean, gorputzaren alde bakoitzari rol desberdinak esleitzen zaizkio eta alde horretako bat da dominanteagoa. "Azterketa horiek saiatzen dira gure bilakaeran izan den buruko asimetrien ezagutzari eta hizkuntzaren garapenari buruzko informazioa gehitzen, lotura handia baitute lateralitatearekin" doktore berriaren esanetan.

 

Dominguezen ikerlanean Neolitoko eta Eneolitoko garaiko analisia izan da abiapuntua (ekoizleak ziren); eta gero, neanderthalek, jada Paleolitoan, osatutako gizarteak aztertu ditu (ehiztari-biltzaileak ziren). Ekoizleen kasuan —Neolito eta Eneolito garaikoak—, 100 aizkora leundu aztertu ditu, eta gizarte ehiztari-biltzaileen kasuan —Paleolito aldia—, 690 harri ezpal. Lortutako emaitzek agerian uzten dutenez, "lateralitateko populazio maila, ehiztari-biltzaileen kasuan, 3/7 ezker/eskuin ratiokoa da, eta gizarte produktoreak zertxobait lateralizatuagoak dira, ezker/eskuin ratioa 2,7/7,3koa da".

 

Gizarte industrializatuen kasuan ezkertien ehunekoa % 5 eta % 15 artekoa da, industrializazio mailaren arabera. Hala ere, Dominguezek argitu duenez, "esku lateralitatearen kontrol genetikoa dagoen arren, kulturak, egoera sozioekonomikoak, sexuak eta adinak eragin handia dute gizabanakoaren esku dominantzian bertan". Berdin lateralitatea neurtzeko kontuan hartzen digutun zeregin motak ere. Zuhurtziaz alderatu behar ditugu historiaurrekoen esku lateralitatea eta gaur egungoena. Kontu handiz alderatu behar dira gaur egun esku dominantzia neurtzeko erabiltzen diren zereginak (idazkera esate baterako) eta gure arbasoenak.

 

Historiaurreko lateralitate maila abiapuntu hartuta buru antolamendua hizkuntza artikulatua sortzeko egokia zela ondorioztatu dute."Edonola ere, lateralitatearen eta hizkuntzaren arteko lotura ezaguna bada ere, ezin da baieztatu aztertutako populazioetako gizabanakoek hizkuntza zutela, soilik esan daiteke hizkuntza izateko gauza zen buru antolamendua zutela"