Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Sorgailu fotovoltaikoek etengabe potentzia maximoan jarduteko kontrol-sistema berria
Erabiltzailearen akzioak

Sorgailu fotovoltaikoek etengabe potentzia maximoan jarduteko kontrol-sistema berria

2017/03/29 - unibertsitatea.net
Ziurgabetasunari aurre egin eta eraginkortasuna handitu arren, potentzia handiagoko prozesadore eta elementuak behar dituenez garestiagoa da.
Sorgailu fotovoltaikoek etengabe potentzia maximoan jarduteko kontrol-sistema berria

Oscar Barambones. UPV/EHU

UPV/EHUko Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko Kontrol Aurreratua Taldeak kontrolerako zenbait algoritmo eta sistema sortu eta garatu ondoren, hainbat alorretan ezarri ditu -robotikan, makina elektrikoen motorren kontrolean edota sorgailu eolikoetan- eta konturatu dira metodoetako bat, lerratze-kontroleko eskema bat (SMC, ingelesez) baliagarria dela sorgailu fotovoltaikoak kontrolatzeko. “Kontrol-mota hori berritzailea eta adimenduna da, eta sendoa, inguruneko kondizioak edozein direla ere. Probak, gainera, panel fotovoltaiko komertzialetan egin ditugu, eta, hortaz, zuzenean sektorean txertatu ahal izango litzateke”, azaldu du Oscar Barambonesek, ikerketa-arlo horretako arduradunak.

Barambonesen ustez, kontrol-sistema berriaren abantaila nagusia da sorgailuek gaur egun instalatuta dituztenekin alderatuta “aukera ematen dutela sorgailuek etengabe potentzia-puntu maximoan lan egiteko, eta, hala, eraginkorragoak izateko. Gaur egungo kontrol-sistemek perturbazioan eta behaketan oinarritutako algoritmoak erabiltzen dituzte, eta, horren ondorioz, sorgailu fotovoltaikoaren lan-puntua etengabe oszilatzen ari da, hau da, ez du lan-puntu optimoan lan egiten, puntu horren inguruan baizik, eta, hortaz, eraginkortasun txikiagoa dute”.

Lerratze-kontrola “egokia da”, Barambonesen arabera, fotovoltaikoen moduan ziurrak ez diren faktoreekin lan egin behar duten sistementzat “erradiazioa aldatu egiten da, hodeiak pasa daitezke eta abar, edo sorgailura konektatzen den karga ere desberdina izan daiteke. Kontrol-mota hori, dituen ezaugarriengatik, gai da ziurgabetasun horiek gainditu eta sorgailuaren lan-puntua une bakoitzeko kondizioetara egokitzeko, beti puntu optimoan lan egin dezan”.

Probak panel fotovoltaiko komertzialetan egin dituzte eta industrian arazorik gabe erabili daitezke, baina Barambonesek aitortu du gaur egungo kontrol-sistemak baino garestiagoak direla, eta horrek “merkaturatzea zail dezakeela”. Izan ere, “kostu konputazional handiagoa dute, hau da, ezin dira kostu txikiko prozesadoreetan inplementatu, eta, hortaz, kalkulu-gaitasun handiagoko prozesadoreak behar dira. Prozesadorea ere aldatzea beharrezkoa litzateke kasu askotan. Ez dugu kalkulatu horrek izango lukeen kostuaren eta kontrol-eskema berriak inplementatuta handituko litzatekeen eraginkortasun-ehunekoaren arteko aldea”.

 

 

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari