Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Jaione Etxebarria Elezgarai: "Ezinbesteko da ekonomikoki jasangarria izango den kalitatezko osasun eta arreta sistema bat ezartzea"
Erabiltzailearen akzioak

Jaione Etxebarria Elezgarai: "Ezinbesteko da ekonomikoki jasangarria izango den kalitatezko osasun eta arreta sistema bat ezartzea"

2017/06/12 - unibertsitatea.net
"Gailu mikro-fluidiko analitikoetarako osagaien garapen eta azterketa" aurkezpenagatik ingeniaritza eta arkitektura arloko IkerGazte saria jaso du Jaione Etxebarria Elezgaraik (1985, Ondarroa). Ingeniaritza Kimikoan lizentziatua da Etxebarria (UPV/EHU) eta ikasketak bukatu bezain laster IK4-Ikerlan ikerketa zentroan hasi zein ikertzaile gisa praktika egiten, mikrosistemen sailean hain zuzen ere. "Hortxe izan nuen lehenengo aldiz mikroteknologien berri. Espazioan laginak aztertzeko gailuak egitea helburu zuen proiektu baten parte hartu nuen ia urte betez, departamentu berean doktoretza egiteko aukera suertatu zitzaidan arte. Nire ikerketari hasiera emanaz batera eta hori indartze aldera, material aurreratuen ingeniaritza masterra egiten hasi nintzen". 2015ean defendatu zuen tesia.

Zerk ekarri zaitu IkerGaztera? Zer nolako esperientzia izan da?
Euskaldun gisa, euskararen erabilera eguneroko eremu guztietara zabaltzeko oraindik lan handia egin beharra dagoela uste dut, eta are gehiago lan munduan eta ikerketa bezalako esparru “globalizatu” baten. IkerGazte kongresua aukera paregabea da euskara ikerketaren munduan indartzeko, eta euskaldunok geure lanak geure hizkuntzan plazaratu ahal izateko. Esperientzia oso ona izan da, beraz. Gai ezberdin eta interesgarri asko trukatzeaz aparte, euskal ikerlarien artean sarea egin edo harremanak sendotzeko aukera paregabea eskaintzen duelako. Eta gainera, beste behin ere erakutsi ahal izan da posible dela goi mailako eta nazioarteko ikerketa euskaraz egitea.

Zer da zuretzako ikergazte izatea?
Hitzak berak dioen bezala, ikerketa munduan murgiltzen hasi diren ikertzaile gazte eta euskaldunak direla esango nuke nik, beraien tesi edo postdoktoretza garaian daudenak alegia.

Minbiziaren diagnosi goiztiarrerako eta tratamenduen egokitzapenerako kontzeptu berri bat ekarri duzu kongresura: INDICATE. Zer dago sigla horien atzean?
IkerGazten aurkeztutako lana INDICATE izeneko proiektu europar baten proposamenean egindako aurrerapenak dira. Proiektuaren izena bere ingelesezko sigletan oinarritzen da, “IN vitro DIagnostics for CAncer TEsting” edo “Minbiziaren in vitro diagnosi testa” esan nahi du. Lan honetan minbiziaren diagnosi goiztiarrerako eta tratamenduen egokitzapenerako kontzeptu berri bat aurkezten da, non gailu hibrido miniaturizatu batekin odoleko DNA zirkulatzailea analizatuz, kasuan kasuko mutazioaren presentziarik ote dagoen ezagutu nahi den.

Gailu horren osagai mikro-fluidikoen diseinua eta garapena da aztertu duzuna. Zer da zehatz mehatz aztertu duzuna?
INDICATE gailua ClearBlue obulazio testaren antzeko in vitro diagnosi tresnetan inspiratuta dago, baina funtzionamendu askoz konplexuago batekin. Pazientearen odol lagin bat erabiliz minbiziaren diagnostiko goiztiarra ahalbidetuko duen “biopsia-likidoa” izango da, eta horretarako laborategiko hainbat funtzio ezberdin bildu beharko ditu.

INDICATE bezalako sistema integratu multifuntzionalak garatzean ohikoa da prototipoen ekoizpena era modularrean bideratzea, modulu bakoitzak laborategiko funtzio bat biltzen duelarik, eta gehienetan ikerketa talde ugarik parte hartu ohi dute prozesu horretan. INDICATE gailurako kontzeptu batzuk beste talde batzuk ikertu eta frogatuta dituzte jadanik, esaterako kasuan kasuko minbiziaren mutazioa identifikatuko duten zunden diseinua. Nik aurkeztu ditudan emaitzetan, kontzeptu horiek eta laborategiko prozesu ezberdinak era miniaturizatuan gauzatzeko beharko diren egitura mikro-fluidikoen fabrikazio eta funtzionamendua ilustratu dut. Hala nola, 3D inprimaketa bidezko fabrikazioa, odola filtratzeko sistema, seinalearen anplifikatze gunea, ponpa autopropultsatuak eta txip hibridorako hurbilpen bat.

Zerk eraman zaitu gai horretan sakontzera?
Gaur egun, gizartearen erronka nagusi bat osasuna eta ongizatea dira. Hori lortzeko Horizon 2020 (H2020) Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntza programak definitu duten bezala, ezinbesteko da ekonomikoki jasangarria izango den kalitatezko osasun eta arreta sistema bat ezartzea. Europar Batasuneko, bai eta Euskal Herriko gizarteari dagokionez, bizi esperantza gero eta handiagoa da, eta ondorioz biztanleria gero eta zaharragoa. Zahartzearekin zuzenean lotutako gaixotasunen artean, aipatzekoa da minbiziaren hedatzea nabarmena izan dela azken hamarkadan. Honekin batera, gaixotasuna garaiz antzematea ezinbestekoa dela ikusi da, pazientea gaixotasunaren hasierako etapetan tratatu ahal izateko eta etapa horietara hobekien egokitutako terapiak aplikatuz gaixotasunaren garapena gelditu ahal izateko. Beraz, ildo horretan, ezinbestekoa iruditzen zaigu sintomak erakusten dituen pazienteei medikuaren kontsultan bertan, in situ, analisi bat egin eta berandu baino lehenago minbizia ote duen aztertu ahal izatea. Horregatik aurkeztu dugu izaera ez-inbaditzaile eta eramangarria duen prototipo honen proposamen hau, laborategitik urrun eta makina espezializatu garestirik erabili gabe analisia gauzatu ahal izateko.

Zeintzuk dira atera dituzun ondorio nagusiak?
Oraindik oso goiz da gailuaren osotasunean oinarrituz ondorioak ateratzeko, bere garapena modulu ezberdinetan egiten gabiltzalako eta ibilbide luzea dagoelako aurretik. Baina lortutako emaitzak itxaropentsuak dira oso. Gainera proposatu dugun diseinuari esker, gailuak hainbat minbizi ezberdinen mutazioak aztertzeko malgutasuna emango digula uste dugu. Modulu bat aldatuz gailua mutazio bat edo beste detektatzeko erabili ahal izango baita. Era berean beste gaixotasun asko detektatzeko baliogarria izango dela uste dugu.

2015ean defendatu zenuen tesia. Zein izan da ordutik zure ibilbidea?
Tesia bukatutakoan Ikerlanen eta microLIQUID enpresan egon nintzen ikerlari gisa, Lab-on-a-chip (LOC) eta Point-of-Care (POC) izenez ezagutzen diren diagnosirako plataforma automatizatuak garatzeko proiektuetan lanean. 2016an gaur egun dihardudan EHUko mikrofluidika taldean hasi nintzen, beraz oraindik nire ezagutza esparruan dihardut ikertzen, nazioarteko proiektu ezberdinak jorratuz.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari