Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Itxaso Martin: ""Normala" denean denok dakigu nola jokatu, besteak beldurtu egiten gaitu"

Dokumentuaren akzioak

Itxaso Martin: ""Normala" denean denok dakigu nola jokatu, besteak beldurtu egiten gaitu"

2013/11/14 - Unibertsitatea.net
Itxaso Martinek (1981), ikus-entzunezko komunikazioan eta gizarte eta kultur antropologian lizentziaturak egin ondoren ikerketa feministak eta generoak masterra egin zuen. Orain, doktoretza egiten dabil. Elkarrizketatu egin dugu.

Itxaso Martinek (1981), ikus-entzunezko komunikazioan eta gizarte eta kultur antropologian lizentziaturak egin ondoren ikerketa feministak eta generoak masterra egin zuen. Orain, doktoretza egiten dabil, eta askorentzat tabu dugun gaia jorratzen ari da bertan: emakumeak eta eromena. Horretaz gain, pasa den urtean “Ni, Vera” izeneko liburua argitaratu zuen, psikiatriko batean egon den emakumearen eta bere birbilobaren arteko bizipenak kontatzen dituena. UEUko Antropologia Sailburuetako bat da.

Tesian murgilduta zaudela badakigu, baina, bukatu al duzu?

Ez, hauxe dut bigarren urtea eta oraindik beste bi dauzkat aurretik, beraz, oraindik ez dira hasi benetako estuasunak.

Emakumeak eta eromena da zure tesiaren gaia. Laburbiltzerik bai?

Ez da erraza tesi bat garatzen ari zarenean laburpena egitea, aldaketak eguneroko kontua direlako. Nik aztertu nahi dudana da, nola erabili izan den eromena lehen eta buruko gaixotasuna orain hainbat jarrera zigortzeko. Emakumeen kasuetan oinarrituta egiten ari naiz lana, unean uneko arauek, kulturak eta gizarteak markatzen duen horretatik ateratzen diren emakumeak berriro ere arauan sartzeko erabili izan da "eroaren edo buruko gaixotasunaren" etiketa. Bazterrean uzten dugun horrek gizarteari buruz zenbat gauza esaten dituen azaltzen saiatzen ari naiz.

Nondik dator ideia?

Ideia bizipen pertsonal batetik dator. Nire familian gertatutako kasu bat dela eta. Antropologia ikasten ari nintzen garaian hasi nintzen kasu horri bueltak ematen, batez ere, zer nolako tabua zen konturatzen. Mari Luz Estebanek proposatu zidan ikerketa egiteko gai aproposa zela, eta horrela hasi zen dena. Beste zerbait garatzekotan...egia esan, une honetan buru belarri nabil gai honekin eta ez dut beste ezer buruan, baina uste dut literaturarekin eta emozioekin lotutako zerbait izango litzatekeela, betiere antropologiaren ikuspegitik.

“Ni, Vera” liburua ere idatzi duzu. Liburuak eta tesiak zuzeneko erlazioa dute ezta?

Bai. Liburuak urte luzez psikiatriko batean itxita egon zen emakume baten eta bere birbilobaren arteko harremana kontatzen du. Tesia ere hortik doa, baina lana akademikoagoa izaki bestelako edukia eta itxura daukala esango nuke.

Tesia egitean liburuaren ideia etorri zitzaizun edo alderantziz?

Liburuaren ideia izan zen abiapuntua, liburuarena edo idaztearena hobeto esanda, liburua bat izango zenik ere ez bainekien idazten hasi nintzenean. Horri buruzko ikerketa egin zitekeenik ez  zitzaidan bururatu orduan.

“Normala ez dena gizartean ez dago ondo ikusia”, esan duzu. Zer nahi duzu esatea honekin?

Egunerokoan erabiltzen dugun hitz bat da "normala". Hau "normala" da, eta beste hori ez. Era horretan, zerbait baztertzen ari gara, "normaltzat" jotzen ez duguna. Kaltegarria izango balitz bezala. Askotan ez gara ohartzen zer nolako sailkapena egiten dugun horrelako hizkera erabiltzean, zer nolako bazterketa. "Normala" denak (hau da, unean uneko eta tokian tokiko gizarteak onartzen duena) denok dakigu nola jokatu, besteak beldurtu egiten gaitu. "Normalaren" barruan sartzen diren ezaugarriak kulturalki aukeratutakoak dira, norbaitek esaten digulako zer den "normala" eta zer ez. Eta guk, naturaltzat hartzen ditugu, gainontzeko emozio, bizipen, jarrera... guztiak (baita guk geuk ezaugarri horietatik kanpo duguna) baztertuz eta kaltegarritzat joaz.