Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Itsas produktu naturalak ospitaletako infekzioak sortzen dituzten zenbait bakterioren kontra

Dokumentuaren akzioak

Itsas produktu naturalak ospitaletako infekzioak sortzen dituzten zenbait bakterioren kontra

2017/02/24 - unibertsitatea.net
NUPeko zenbait ikertzaile gernu-infekzioak eta inplanteekin lotutako beste zenbait infekzio eragiten dituzten bakterioen kontrako inhibitzaileen bila ari dira
Itsas produktu naturalak ospitaletako infekzioak sortzen dituzten zenbait bakterioren kontra

NUPeko ikertzaileak Navarrabiomed zentroan. NUP

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait ikertzaile bakterio-biofilmeek osasun-zentroetan sortzen dituzten infekzioak tratatzeko bestelako estrategien bila ari dira Navarrabiomed zentroan (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen ikerketa biomedikoko zentro mistoa). Gernu-infekzioak eta inplanteekin lotutako beste zenbait infekzio eragiten dituzten bakterioen kontrako inhibitzaileen bila ari dira itsas produktu naturaletan.

Proiektua Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatzen du. Guztira 920.845 € jaso ditu eta hortik 141.745 € dagozkio Nafarroako erakundeari. Leongo Biomar enpresa da proiektu burua, eta Navarrabiomed-eko Patogenesis mikrobianoaren taldeko ikertzaileekin batera (Saioa Burgui Erice, Begoña García Martínez, Iñigo Lasa Uzcudun, Sonia Sáenz Lahoya, Cristina Solano Goñi eta Jaione Valle Turrillas), Kantabriako Unibertsitateak eta Nafarroako Recombina enpresak ere parte hartzen dute.

Herrialde garatuen erronka terapeutikoa infekzio kroniko jakin batzuei aurre egitea da. Infekzio horietan ehun edo material bati itsatsita ugaltzen dira bakterioak eta haien babeserako matrize bat osatzen dute. Biofilm deritzen egitura horiek antibiotiko-terapiek huts egitea ekarri dute, eta prebentziozko immunizazioa eragozten dute” Iñigo Lasa katedradunaren esanetan. Gaur egun, Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioa zuzentzen du Lasak. Nafarroako Foru Erkidegoan osasun-ikerketa sustatzeko laguntza zientifikoa eta teknikoa ematen duen Nafarroako Gobernuko erakundea da berau.

Ikertzaileak buru-belarri ari dira mila bat itsas produktu natularez osatutako bildumatik konposatu aktibo jakin batzuk identifikatu asmoz. Konposatu horiek bi helburutarako balio behar dute, biofilmen sorrerarekin harremana duten hiru bakterio-prozesuen aurka egiteko batetik; eta egitura horiek sortzea inhibitzeko eta, antibiotikoekin konbinatuz, inplante medikoei lotutako infekzioen tratamendua errazteko, bestetik.