Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Irantzu Fernandez: “Heldutasunetik nerabezarorako maitasuna idealizatzeko joera dago”
Erabiltzailearen akzioak

Irantzu Fernandez: “Heldutasunetik nerabezarorako maitasuna idealizatzeko joera dago”

2013/05/06 - Unibertsitatea.net
Irantzu Fernandez Soziologian eta Gizarte Antropologian lizentziatua da eta UEUko Antropologia sailburuetako bat da. Nerabezaroko maitasunak hartu ditu bere tesia egiteko aztergai.

Nerabezaroko maitasunak hartu ditu Irantzu Fernandezek bere tesia egiteko aztergai. Lehen maitasunak duen garrantziaz ohartuta, nerabeek maitasun hau ikusteko duten modua ezagutzeko aukera izan du, eta orain, tesia idazteari ekingo dio. Irantzu Fernandez Soziologian eta Gizarte Antropologian lizentziatuta da eta UEUko Antropologia sailburuetako bat da.

Tesia nerabeak eta maitasunari buruz egiten ari zara. Zein da izenburu zehatza? Eta zergatik aukeratu duzu gai hau?

Egia esan oraindik ez diot izenik jarri, normalean “nerabezaroaren eta maitasunaren” inguruan lanean ari naizela esaten dut. Ikerketa hau Feminismoko masterraren amaierako lanaren jarraipena da, hasiera batean izenburu bera mantendu nion ikerketari, Maitasuna nerabeen arteko genero sozializazio prozesuetan. Baina orain izenburu horrek ez du guztiz bat egiten ikerketarekin. Ikerketa prozesuan zehar gako ezberdinak agertuz joan dira eta horietako batzuk ere izenburuan egon behar dutela uste dut. Horregatik, amaitu arte, izana izan arte, ez diot izenik jarriko. Bizipen ezberdinengatik aukeratu nuen gaia. Ikerketa egiten hasi nintzenean, hezkidetzan proiektu batean lanean nengoen. Hasiera batean hortik bideratzea pentsatu nuen. Baina aurretik ere, nerabeekin lanean aritu nintzen. Gogoratzen dut hezitzaile bezala lanean, nerabe batzuekin maitasunari buruz hitz egiten, nerabe batek hezitzaile bati “baina zu ze zinen moja bat?” esan ziola. Hitz horiek buruan ditut oraindik. Hortik, ikusitakoetatik, irakurritakoetatik eta izandako zenbait elkarrizketetatik gaia aukeratu nuen, arrazoi ezberdinak gurutzatu ziren.

Nerabeak eta nerabezaroa pasa dutenak desberdin ikusten al dute maitasuna? Zein da ezberdintasuna?

Bizitzaren momentu ezberdinetan maitasuna ezberdin bizi dugu. Adinak, generoak eta klase sozialak bezala, eragina du maitasunaren ikuspegi eta bizipenetan. Adinaren arabera gure gorputzean eta emozioetan kokatzen gara, hala nola, gizarte antolaketa oso batean kokatzen gara. Horrez gain, maitasunean trebatu ahala, begirada aldatu egiten da. Zenbait ezberdintasun daude nerabeen eta nerabezaroa pasa dutenen artean: maitasunaren sailkapenen hierarkizazioa, harremanen abiadura, seme-alaben ikuspegia, adiskidetasuna eratzeko moduak…Hala ere, generoak adinak baino ezberdintasun gehiago sortzen dituela esango nuke.

Nerabezaroko maitasuna idilikoagoa al da?

Idilikoa ageriago egon daiteke, nerabeek izan dituzten maitasun praktikak urriagoak izan direlako. Hala ere, adinaren arabera “idilikoa” den hori proiektatzen eta eraikitzen dugu. Nerabeek uste dute etorkizunean euren (bikote) maitasun harremanen normalizazioa gertatuko dela, ez da ohikoa beraien bizipenak idilikotzat hartzea. Izan ere, maitasunaren konfigurazio hegemonikoa helduek izan ditzaketen bizitza ereduekin lotuago dago. Baina, bestetik ere, heldutasunetik nerabezaroko maitasuna idealizatzeko joera dagoela esango nuke, nerabezaroko maitasunarekiko “erromantizismoa” dagoela. Heldu gehienek gai honen inguruan ikertzen nagoela esatean “ze polita!” erantzuten dute.

Tesiaren zein fasean zaude?

Idazketa lanetan nabil, eta ez dakit noiz amaituko dudan. Datorren ikasturtean espero dut amaitzea, ahalik eta lasterren.

Nola bizi duzu tesia idaztearen prozesua?

Hiru momentu edo jarduera bereiziko nituzke. Lehendabizi, irakurketa momentua, prozesu osoan lantzen joan naiz irakurmena. Lan erraza eta “polita” bezala har daiteke eta bada, baina honek arazoak sortu dizkit lan denborak zehazteko momentuan. Aisialdiaren eta lanaren arteko muga malgua bilakatu daiteke eta gatazkatsua izan daiteke. Ez dakit oso ondo nola azaldu, zapore gazi-goxoa uzten dizu irakurmenak. Tokiko lanari dagokionez, nerabeekin egotean (behaketa parte-hartzaileak, elkarrizketak eta eztabaida taldeak), hor asko disfrutatu dut. Nerabeen bizitzetan sartzea eta beraien gora-beherak ikustea plazerra izan da, nahiz eta momentu batzuetan zenbait zailtasun izan ditudan. Azkenik, idazketa zalantzarik gabe momenturik gogorrena dut. Behin ikerlari bati entzun nion esanez “el escribir duele”. Zure buruarekin aurkitzeko momentua delako eta emozio ezberdinak nahasten direlako mintzen du. Batzuetan orrialde zuriak amildegiak bilakatzen dira.

Ze asmo dituzu etorkizunerako?

Etorkizunean lanari dagokionez, ikerkuntzan jarraitu nahiko nuke. Tesiaren gogora-behera hauek izan arren, antropologiak engantxatzen duela esango nuke. Bestetik, irakaskuntza gustuko dut ere... Baina ez dakit zein aukera izango ditudan, momentuan ikusi beharko dut.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari