Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Iñaki Bildosola: "Teknologia berriek mesfidantza sortzen dute enpresa gehienetan, bereziki txiki eta ertainetan"

Dokumentuaren akzioak

Iñaki Bildosola: "Teknologia berriek mesfidantza sortzen dute enpresa gehienetan, bereziki txiki eta ertainetan"

2017/02/20 - unibertsitatea.net
Iazko ekainean defendatu zuen Iñaki Bildosolak (Getxo,1983) "Cloud Computing Ezagutzen Enpresaren Ikuspuntutik: Ezagutza Osoa Lortzeko Ikuspegi Berria eta Hartzea Gauzatzeko Tresna" izeneko tesia. Telekomunikazioan ingeniaria (UPV/EHU) da Bildosola eta proiektuen zuzendaritza zein ekonomia analisirako masterrak egin ditu gerora. Azken Txiotesian parte hartu zuen, zientzia euskaraz bultzatzen duten ekintzak ezinbestekoak direla uste duelako.

Cloud computing edo hodei-konputazioa aztertu duzu, baina ez teknologia arlotik.
Hori da. Nire tesia Enpresa Antolakuntza sailean garatu dut. Zentzu horretan interesa ez zegoen teknologiaren ezaugarri teknikoetan, baizik eta honek enpresetan eduki dezakeen eraginean eta bere hartzea nola gauzatzen den.

Zerk eraman zaitu arlo hori ikertzera?
Alde batetik teleko izateak informazioa eta komunikazio teknologiekiko (IKT) nolabaiteko hurbiltasuna ematen zidan. Bestetik, nire ikerketa karrera enpresen antolakuntzan jorratzea nahi nuen, arlo tekniko hutsa pixka bat alde batera utziz. Horretan nengoela ikerketa proiektu baten hartu ninduten (PIC kontratua), non Cloud Computing teknologia hartzearen erronka lantzen zen; bereziki ETE motako (Enpresan ertain eta txikiak) enpresentzako erabaki-hartze tresna baten garapenaren bitartez. Hauxe izan zen nire tesiaren abiapuntua.

Beste ikuspuntu batetik landu nahi izan duzu gaia, teknologia hori erabiltzeko enpresek jarritako hormak gainditu asmoz. Zergatik hormak? Ezezaguna delako? Mesfidantza sortzen duelako?
Bai bata zein bestea. Teknologia berriek, IKT arlokoek bereziki, mesfidantza sortzen dute enpresa gehienetan. Sentsazio hau horrela da bereziki ETE arloko enpresetan. Zergatik? Langileak normalean aldakuntzen aurka daude, eta berrikuntzak aldakuntzak dira azken finean. Horretaz gain, ETE-etan IKT teknologietan ezagutza mugatua izan ohi da, ez dute horretaz soilik arduratzen den departamenturik ez langilerik. Zentzu horretan, asko kostatzen zaie tren berrietara igotzea eta horrek lehiakortasunaren galera dakar.

Cloud teknologiak, gainera, berezitasunak ditu. Teknologia honen bitartez gure fitxategiak enpresatik kanpo gordeta egongo dira eta honek segurtasun aldetik mesfidantza sortzen du.

Teknologia ulergarri egitea bakarrik ez, hau enpresan sartzeko erabakia hartu behar dutenentzat tresnak ematea ere izan da zure helburua? Bide orria aipatu duzu.
Bai, bide orri kontzeptua oso orokorra da. Kasu honetan, tresnaren bitartez pausoz pauso Cloud teknologia norberaren enpresan inplementatzeko bidea eskaintzen da. Tresna “erabiltzen” duen pertsona batek, enpresa baten erabaki-hartzailea izango dena idealki, teknologia nola lortu eta honek zeintzuk onura dakartzan ulertu beharko luke. Horixe da ideia behintzat.

Onura aipatu duzu. Enpresei zer eskaintzen die hodei-konputazioak?
Dena. Gaur egun enpresa jarduera oro dago IKT arloko teknologietara lotuta. Cloud Computing-ak teknologia hauek guztiz aldatu ditu. Labur esanda, hardware eta software guztiak telematikoki hornituko dira, kontratuen bitartez.

Adibidez, eta ikuspegi teknikoa alde batera utziz, orain arte zuk zure enpresan biltegiratze kapazitatea (memoria) handitu nahi bazenuen, hornitzailera jo eta zerbitzari berri bat erosten zenuen. Cloud teknologiarekin, aldiz, hornitzaile batekin kontratu bat edukiko duzu eta aipatutako beharra edukitzekotan, telefonoz deitu eta kontratatuta duzun memoria handitu nahi duzula adieraziko duzu; berak kontratua aldatuko du eta “berehalakoan” zuk zure ordenagailuan aldaketa eginda edukiko duzu. Kontua da zerbitzari hori fisikoki hornitzailean egongo dela, eta guk soilik telematikoki, hau da urrunetik, erabiliko dugula.

Garrantzitsuena zera da, gure beharrekin, oso modu eraginkorrean, bat datozen irtenbideak kontratatuko ditugula, dirua aurreztuz.

Azken txiotesian parte hartu duzu, zerk bultzatuta? Nolako esperientzia izan da?
Zientzia euskaraz bultzatzen duten ekintzak ezinbestekoak direla uste dut. Gure hizkuntza folklore elementu bat baino gehiago izatea nahi badugu, serio hartu behar dugu bizitzaren esparru guztietan erabiltzearen erronka. Txiotesiaren berri jakin nuenean guzti hori egiteko modu alai eta dibertigarria iruditu zitzaidan, oinarri serio batekin, noski. Esperientzia polita iruditu zitzaidan. Bat-batean hiru lau urtetan nire egunerokoa izan dena sei txiotan eta modu ulergarrian idatzi behar nuen. Tesiari buruzko perspektiba guztiz aldatu zidan.

Iaz Txiotesia, aurten IkerGazte kongresua antolatuko du UEUk. Beharrezkoak iruditzen zaizkizu era horretako ekimenak?
Bai noski. Aipatu dudan bezala euskara eta ikerkuntza batzen dituzten ekimenak ezinbestekoak dira. Horretaz gain, ikerketa arloan hasiberriak garenoi laguntza eta informazioa eskaintzen badiete orduan “pakete” guztia daukagu.

Zer da zuretzat IkerGaztea izatea? Zer suposatzen du horrek?
Bereziki erraza ez den bide baten hasieran kokatua sentitzen naiz. Helburuak nolabait argi ditut eta hauek lortzeko eman beharreko pausoak pixkanaka ezagutuz noa. Bidearen bukaeran benetan gustuko ditudan gauzetan soilik lan egiten ikusten dut nire burua. Bidea luzeegia ez suertatzea espero dut!

txiotesia,elkarrizketa