Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Imanol Ubeda: “Uste dut idazteko bokazioa nuela eta horregatik animatu nintzela kazetaritza ikastera”

Dokumentuaren akzioak

Imanol Ubeda: “Uste dut idazteko bokazioa nuela eta horregatik animatu nintzela kazetaritza ikastera”

2012/05/29 - unibertsitatea.net
Imanol Ubeda kantaria Tolosan jaio zen 1973an. 1991an kazetaritza ikasi zuen EHUn. Ordutik hona, Galtzaundi, Entzun! eta NOAUA! aldizkarietan, Hitzen Uberan web orrian eta irratian aritu da lanean.

Imanol Ubeda kantaria Tolosan jaio zen 1973an. 1991an hasi zituen kazetaritzako ikasketak EHUn, eta 1996an, oraindik karrera bukatu gabe zuela, Entzun! musika aldizkaria jarri zuen martxan. Bi urtez lanean aritu zen aldizkari honetan koordinatzaile gisa. Ondoren, Galtzaundi herri aldizkarian aritu zen 2001. urtera arte. Geroztik, Usurbilgo NOAUA! herri aldizkarian egiten du lan eta Hitzen Uberan web orrialdean ere badabil, kolaboratzaile moduan. Irratian ere ibili da Imanol. Egin Irratiko "Igo bolumena" saioan kolaboratu zuen eta Herri Irratian saio bat gidatu zuen 10 urtez.

 

Zergatik aukeratu zenuen egindako karrera? Oroitzen zara zure aukeraren arrazoiaz?

Ez nuen oso argi. Baina ordurako, Tolosaldeako Galtzaundi aldizkarian kolaboratzen hasiak ginen anaia eta biok. Gustuko nuen idaztea eta horregatik aukeratu nuela uste dut. Garai hartan, anai-arreba zaharrenak Argian ari ziren kazetari lanetan eta horrek ere eragingo zuela pentsatzen dut. Gogoan dut amaren proposamena, ia zergatik ez nuen abokatu izateko edo ikasi nahi. Baina lege kontuak hain arrotzak egiten zitzaizkidan... Esandakoa, uste dut idazteko bokazio hori banuela eta uste dut horregatik animatu nintzela kazetaritza ikastera.

 

Ikasketak hasterakoan imajinatutakoa topa zenuen? Espero zenuenaren berdina izan zen unibertsitatea?

Egia esan, gelan ikasle piloa ginen eta zaila zen konplizitatea lortzea irakasleekin. Hori izan zen ezberdintasun handienetako bat. Irakasleak, gainera, borroka gogorrean zeuden eta lehen urteak ez ziren uste bezain politak izan. Hala ere, oroitzapen ederrak utzi zizkidaten Josu Amezaga, Xabier Aierdi eta Txema Ramirez de la Piscina irakasleek. Gainontzean, kazetaritza ikasketak ez ziren zailak eta ez genuen titulua eskuratzeko zailtasun handirik izan. Kazetari ofizioa, dena den, ondoren ondu nuen, lanean hasi nintzenean.


Zer bota zenuen falta?

Ikastolan irakasleekin genuen tratu zuzen hori. Eta ikasleen arteko giroa. Baina behin egoera berrira egokitu ondoren, gustura osatu nituen unibertsitate garaiko urteak.

 

Gaur egun, gero eta karrera gehiago euskaraz egiteko aukera dago. Hala ere, zenbait ikasgai eta material euskaratu gabe daude. Zure kasuan halakorik gertatu al zen?

Bai, bazen orduan ere halakorik. Irakasle batzuen euskara-maila oso eskasa zen. Baina tira... Tamalez, beste fakultateetan gertatzen zenarekin, ezer berririk ez. Pentsatu nahi dut gauzak hobetu egingo zirela Kazetaritza fakultatean eta, oro har, unibertsitatean.

 

Hizkuntza, zerbait ikasterako orduan, oztopoa izan daitekeela uste duzu? Etorkizunean egoera hobetuko dela uste duzu?

Galdera hau ez dakit nola hartu. Itsusia iruditzen zait, ez bada probokatzeko egin. Noiztik da hizkuntza zerbait ikasteko oztopo? Oztopo izango da baliabide falta, gogo eza... Baina ez hizkuntza bera.

Etorkizunari begira, herri honen beste esparruetan bezalaxe, hezkuntzan ere gauzak hobera egingo dutela pentsatu nahi dut. Izan ere, okerrago egotea tristea izango litzateke.

 

Imanol Ubeda izena ez da ezezaguna suertatzen gaur egun. Kantari famatua bilakatu zara. Azken lana Luigi Anselmiken “Zoo ilogikoa” liburuko poema musikatzea izan dela esan liteke? Gaur egun zertan zabiltza?

Barka baina ez naiz kantari famatua eta ez dut hori izateko inongo interesik gainera. Luigi Anselmiren abestiari dagokionez, Hitzen Uberan web orrialderako hainbat poema musikatu ditut, tartean horixe, eta zeharo harrituta utzi nauzu. Uste nuen inork ez zituela entzuten... Tira, etxean egindako grabazioak dira horiek, lau pistako grabagailu digital batean. Bestetik, kantu berriekin nabil borrokan. Bide Ertzeaneko lagunekin grabatu nahi nituzke, baina oraingoz ezin ezer zehatzik esan.

 

Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke? Ideiaren bat duzu?

Lasaiago bizi. Eta ez pentsa, ez da erraza. Gero eta konplikatuagoa dirudi.