Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Ikerketa unibertsitate mundura mugatuta dagoela ikusten dut gehienbat "
Erabiltzailearen akzioak

"Ikerketa unibertsitate mundura mugatuta dagoela ikusten dut gehienbat "

2015/02/05 - Unibetsitatea.net
Daniel Carballo 44 urteko Zumaiarra dugu, arkitektura estudio batean egiten du lan bere emaztearekin batera eta egun, Donostian bizi da. Hiru seme-alaba ditu eta arkitekturaz aparte, argazkigintza eta marraztea ere gustatzen zaio.

 

Daniel Carballo, zesta puntan ibilia da afizionatu mailan, jolasteari utzi eta jolasten irakasteko Pilota Monitore titulua atera zuen arte. Urte berean, 1997an, arkitektura tituloa lortu zuen UPV/EHUn, eta arkitekto estudioetan ibili ondoren, bere kontura hasi zen lanean emaztearekin batera. Gaur egun horretan dihardu, baita UPV/EHUn irakasle bezala ere 2014-2015 ikasturtean, eta horretaz gain, Pilotarien Batzarra elkartearen sare sozialak kudeatzen ditu 2009tik. 

2011n ikasketak berreskuratu zituen eta UPV/EHUko Birgaitze master ofiziala burutu zuen, eta 2012ko ekainean “Pilota jokoa alde zaharrean” izeneko tesina aurkeztu. Ikerketa lana aurkeztu zuenetik, masterreko ikerketa taldea kooordinatzen du, eta “Pilota jokoaren ezarpena zentro historikoetan. Ezarpen graduak arkitekturan” izeneko ikerketan dabil buru belarri doktorego tesia prestatzen eta pilota jokoarekin zerikusia duten beste hainbat saltsatan dabil sartuta, besteak beste.  

Bere helburuen artean, pilota modalitate guztiak ikasi eta irakastea dagoela azpimarratzen du. 


Zergatik pilota modalitate guztiak ikasteko nahi hori?

Galdu diren pilota jokoak ikasi eta irakasteko ahalmena izateko eta, batez ere, horiek galdu ez daitezen.  

Zergatik aukeratu zenuen “pilota jokoa” eta “alde zaharra” uztartzen zituen gai bat?

Hirigintza eta pilota nire profilean sustraiturik ditudala uste dudalako, pilota jokoak uste nuena baino eragin handiagoa izan baitu gure hirigintzan.  

Ikertu duzunaren arabera ze eragin izan du pilota jokoak arkitekturan, eta batez ere alde zaharrean?

Pilota joko aintzindariaren plazak 60 metro luze eta 15 zabal izan zezakeen. Herrietan badaukagu propotzio hauek dituen hainbat adibide. Harresi alboan, herriaren zabalpenean, edo zelaian, herria handitzean etxeak inguruan eraikiko dituena. 

Hala ere aztarna zaharrenak harresi ingurukoan eta kale nagusietan aurkituko ditugu. Noski bote luzea, laxoa eta mahai jokoak aurki ditzazkegu. Joko zuzenak denak. 

Eta gertatu al da alderantziz, hau da, izan al du alde zaharrak eraginik pilota jokoan?

Jokoa historikoki arkitektura eta hirigintzara egokitu da. XVIII- XIX. mendeetan espazio zabal eta luzetan ezarri zen pilota joko plaza. Arrakasta lortzean, aldiz ( XIX. mendean) jokoaren arkitekturak hirigintza eraldatzeraino. Herri plazetan ezker paretak eraikitzeraino. Izena eta izana lapurtu dio gure joko zaharrari. 

Nola ikusten duzu ikerkuntza mundua, nahikoa laguntza jasotzen dituzte ikertzaileek?

Ez dakit. Nire kasua “adineko” ikertzailearena izanda, ez daukat laguntza asko jasotzeko aukerarik. Eskertzen dira hala ere UPV/EHUko egiturak, baita gabezia garai hauetan egiten dituzten laguntza eskaintzak.  

Balioztatzen al dugu ikerkuntza Euskal Herrian? 

Ez, ez dut uste hala denik. Gutxi batzuk dira ikerketa gizartea egoki egituratzeko beharrezkoa dela onartzen dutenak.  

Eta zer egingo zenuke zuk horri buelta emateko?

Bakoitzaren ahalmenaren neurrira guztiok eskaini beharko genioke ikerketari denbora, musu-truk bada ere...edozein alorretan.  

Non uste duzu dagoela arazoa edo muga?

Nere hurbilean ikusitakoari dagokionez, ikerketa unibertsitate mundura mugatuta dagoela ikusten dut gehienbat. Gizarteari irekitzeko eta oihartzuna emateko beharra dago eremu honetatik kanpora.  

Zeintzuk lirateke zuretzako ikerlan bat egiteak dakartzan onurak eta zeintzuk alde txarrak?

Onurak denak. Historia berregituratu, gure aztarnen irakurketa egin, argi daukat gaur egungo ikuspegia aldatu egiten duela. Zer esanik ez etorkizuneko baliabide eta beharrei begira, zientziak duen erronka. 

Alde txarrak, bizitza pertsonala egituratzen duela eta horrek baldintzatzeko arriskua dakarrela berarekin.

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

#KzJaia Kultura zientifikoa

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari