Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Intentsitate handiko ariketa fisikoa onuragarria da bihotzarentzat

Dokumentuaren akzioak

Intentsitate handiko ariketa fisikoa onuragarria da bihotzarentzat

2013/03/21 - Unibertsitatea.net
Erresuma Batuan gauzatu den ikerketa batek ondorioztatu du ariketa fisiko bizia onuragarria dela bihotzarentzat. Bertan UPV/EHUko Sara Maldonado Martín doktoreak parte hartu du.
Intentsitate handiko ariketa fisikoa onuragarria da bihotzarentzat

Irudia: UPV/EHU

Ariketa fisiko bizia egitea bihotzerako onuragarria dela ondorioztatu du Gloucestershire Unibertsitateak (Erresuma Batua) eta UPV/EHUk elkarlanean landutako ikerketa batek.

Erresuma Batuko unibertsitatean eraman zen aurrera ikerketa eta bertan neurrizko ariketak eta ariketa gogorrak bihotz-maiztasunaren aldakortasunean zein eragin zuen ikertzea zen helburua.

Horretarako 16 lasterkari hautatu ziren eta hauen baldintza fisikoak aztertu ziren. Ondoren, lasterkariek 800 metroko sei segida egin behar izan zituzten korrika egiteko zinta baten eta segida bakoitzaren artean hiru minutuko atsedenak hartuz. Parte-hartzaileei uneoro kontrolatu zitzaizkien bihotz-maiztasuna eta arteria-presioa eta ariketa bi intentsitateren arabera programatu zen: ertaina (lasterkariari bere gehieneko oxigeno-kontsumoaren %75 gastarazi zioten) eta bizia (lasterkariari bere gehieneko oxigeno-kontsumoaren %95 gastarazi zioten).

Froga egin eta ordu batera lasterkari gehienen sistema autonomo sinpatikoak erantzun egiten zuela eta arteria-presio sistolikoak behera nabarmen egiten zuela ikusi zuten ikerlariek. Beraz emaitzek intentsitate handiko ariketaren onurak ordu bete pasatuta nabaritzen hasten zirela erakutsi zuten.

Hala ere, intentsitate handiko ariketa espezialistek gainbegiratuta egitea beharrezkoa dela azpimarratzen dute ikerlariek: UPV/EHUko Sara Maldonado Martín-ek eta Gloucestershire Unibertsitateko David James, Steven Munson eta Mark De Ste Croix-ek.

2012ko abenduan argitaratu ziren ikerketaren emaitzak Research Quarterly for Exercise and Sport aldizkarian eta duela gutxi American Alliance for Health, Physical Education, Recreation and Dance aliantzaren sari bat jaso dute.