Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ikasketak amaitu eta langabezian daudenei lan munduratzean laguntzeko, 345 beka eskainiko ditu UPV/EHUk

Dokumentuaren akzioak

Ikasketak amaitu eta langabezian daudenei lan munduratzean laguntzeko, 345 beka eskainiko ditu UPV/EHUk

2014/02/19 - Unibertsitatea.net
Formakuntza ikastaro bat jasotzeaz gain, hiru hilabeteko praktikak egingo dituzte bekadunek enpresetan.
Ikasketak amaitu eta langabezian daudenei lan munduratzean laguntzeko, 345 beka eskainiko ditu UPV/EHUk

Irudia: UPV/EHU

Ikasketak amaitu, eta ikasitako horrekin zerikusia duten lanposturik aurkitzen ez dutenen kopurua gora doala ikusita, UPV/EHUk deialdia ireki du Lehen Aukera izeneko bekarako.  Guztira, 345 beka eskainiko ditu ikasketak amaitu berri dituztenei lan munduratzean laguntzeko. Beka horien 17, gainera, % 33 ezintasun maila edo gehiago dutenei daude bideratuta. Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalarekin elkarlanean antolatutako ekimena da.

Bekadunek 25 orduko formakuntza ikastaro bat jasoko dute, eta horrez gain, hiru hilabeteko praktikak egingo dituzte enpresetan. Praktika horiek ordaindutakoak izango dira. Programa pilotu horren helburua da lagun horiek haien ikasketekin lotutako lanbidean gehiago trebatzea eta enplegu kualifikatuan aritzeko behar diren ezagutzak jasotzea.

Izena emateko baldintzen artean daude, baina, 2012/2013 ikasturtean lizentziatu, diplomatu edo graduatu izana; ingeniaritza, arkitektura edo masterra bukatu izana eta Lanbiden izena emanda egotea.

Eskariak aurkezteko prozedurari dagokionez, berriz, bi modu daude: batetik, UPV/EHUko Erregistro Orokorrean aurkeztea, eta bestetik, bide telematikoa erabiliz, UPV/EHUren GAUR plataforman ikasle tituludun moduan erregistratuta. Eskariak aurkezteko epea martxoaren 11ra arte dago irekita.

(Iturria: UPV/EHU)