Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Igor Elortza Aranoak: “Edozein hizkuntzatan ikasi daitekeena ikasi daiteke euskaraz”

Dokumentuaren akzioak

Igor Elortza Aranoak: “Edozein hizkuntzatan ikasi daitekeena ikasi daiteke euskaraz”

2012/06/14 - unibertsitatea.net
Igor Elortza Aranoak Topografia Injinerutza Teknikoa ikasi zuen EHUn baina, izatez, bertsolaria da. Hainbat txapelketetan parte hartu eta bost alditan txapelduna izan da.

Igor Elortza Aranoak Topografia Injinerutza Teknikoa ikasi zuen EHUren Gasteizko Campusean. Hala ere, ez da inoiz topografo lanetan aritu, bertsolaria da. Hainbat txapelketetan parte hartu eta bost alditan txapelduna izan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Eta finalista 2001 eta 2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Horrez gain, gidoigile, kantari, liburu saltzaile eta euskara zuzentzaile gisa aritu da.

 

Txikitatik trebea izan zara bertsotan, beraz, zergatik aukeratu zenuen egindako karrera? Noiz piztu zitzaizun ingeniaritzarako zirrara? Letretarako dohain berezi bat izanda, zergatik zientziak eta ez letrak? Oroitzen zara zure aukeraren arrazoiaz?

Nire aukeraren arrazoiak ez ditut zehatz gogoratzen. Dakidana da fisika eta marrazketa oso gogoko nituela institutu sasoian, eta horrek eroan ninduela topografiaren berri izatera. Eta karrera bat estudiatu nuen bitartean, ofizio bat ikasi nuen. Aukeratzeko ordua heldu zitzaidanean, ofizio bilakatutako afizioaren alde egin nuen. Baina oraindik ere jarraitzen dut zientziarekiko zaletasuna eta interesa edukitzen. Iruditzen zait zientzia eta letrak bereiztea, gure gizarteak egin duen moduan, akats bat dela. Iruditzen zait lan munduari begirako hezkuntza sistema daukagula, pertsonei begirakoa barik, eta pertsona guztiengan piztu beharko litzatekeela zientzia zein letretarako interesa, horretarako hezkuntza-modua landuz. Musika, adibidez, matematika da. Delineazioa poesia da.

 

Ikasketak asterakoan imajinatutakoa topa zenuen? Espero zenuenaren berdina izan zen unibertsitatea?

Harritu ninduen, adibidez, lehenengo kurtsoan 130 ikaskide izateak. Gela handia zen, eta hori aldaketa handia zen 30 laguneko institutuko klasetik etorrita. Ikasketei dagokienez, aurreikusitakoa topatu nuen, gutxi gorabehera. Banekien marrazketa eta kalkulu asko egin beharko nituela, eta baita informatika kontuetan trebatu ere; autocad, kalkuletarako programazioak eta abar. Orain, zenbat funtzio eta programazio egin nituen gogoratuta, kostatu egiten zait neure burua han kokatzen. Lau orduko azterketak zenbaki bakar batera heltzeko!

 

Zer bota zenuen falta?

Euskaraz ikastea.

 

Gaur egun, gero eta karrera gehiago euskaraz egiteko aukera dago. Hala ere, zenbait ikasgai eta material euskaratu gabe daude. Zure kasuan halakorik gertatu zen?

Oraintxe bertan ez dakit topografia euskaraz ikasterik badagoen. Sasoi hartan aukera aztertzen ei zebiltzan. Materialari dagokionez, ez zegoen ezer. Hain zuzen ere, nik eta Arkaitz Diaz Letamendik horretan egin genuen gure karrera bukaerako lana, topografiari buruzko materiala sortzen euskaraz: Topografiaren Oinarrizko Kontzeptuak izenaz argitaratuta dago, EHUk.

 

Hizkuntza, zerbait ikasterako orduan, oztopoa izan daitekeela uste duzu? Etorkizunean egoera hobetuko dela uste duzu?

Hizkuntza bera ez da inoiz oztopo. Zelan izango da, ba! Euskaraz ikasten dena edozein hizkuntzatan ikasi daiteke, eta edozein hizkuntzatan ikasi daitekeena ikasi daiteke euskaraz. Etorkizunari buruz, zer esan. Oraingo krisi hotsek ez dute erraztuko euskarazko aukera hobetzea, baina, edozein kasutan, eta epeak epe, borondate politikoa da kontua.

 

Lehen urratsak 13 urterekin eman zenituen, Bizkaiko Eskolarteko Txapelketan. Hortik aurrera hainbat txapelketetan parte hartu duzu eta bost alditan txapelduna izan zara Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Eta finalista 2001 eta 2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Gaur egun zertan zabiltza?

Gaur egun plazarik plaza nabil bertsotan. Txapelketei dagokienez, buruhauste dezenterekin nabil, hemendik aurrera parte hartuko dudan ala ez. Bestetik, Gu Ta Gutarrak proiektuarekin egin genuen moduan, bertsoa beste diziplina batzuekin nahastuko duen ekimenen bat gauzatu gura nuke epe ertainean.

 

Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke? Ideiaren bat duzu?

Sorkuntzan jarraitu, alabekin batera hazi, maite nautenekin eta ditudanekin bizitzaz gozatu, eta, garrantzitsuena: pare bat kilo hartu!