Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Idoia Astigarraga Agirre: “Euskaraz ikertzea erabakitzen dugunok oso modu kontzientean egiten dugu hautu hau”

Dokumentuaren akzioak

Idoia Astigarraga Agirre: “Euskaraz ikertzea erabakitzen dugunok oso modu kontzientean egiten dugu hautu hau”

2017/05/12 - unibertsitatea.net
Idoia Astigarraga Agirrek (1967, Durango) 10 urte egingo ditu aurten unibertsitate-munduan. Ikus-entzunezko lizentziatura Madrilen ikasi ondoren, Euskal Telebistak ekoitzitako hainbat programetan egin du lan. Goenkalen eta Wazemank-en, besteak beste. Mondragon Unibertsitateak Komunikazio Gradua abian jarri zuenean aukera izan zuen unibertsitatera salto egiteko. Azken lau urteotan, eskolak emateaz gain, tesiarekin dabil eta ondo bidean uztailean defendatuko du. Aurretiaz, baina, IkerGazten aurkeztu ditu ikerketaren zenbait emaitza.

Zer da ikergaztea izatea zuretzako?
Duela pare bat hilabete txio bat idatzi nuen, gutxi gorabehera honakoa zioena: “Ni ere ikergaztea naiz, nahiz eta gazte-gazte ez naizen”. Esan gura dudana da, adinez gaztea ez naizen arren, gaztea naizela ikertzaile moduan, eta “gaztetasun” horretatik bizi dudala ikergaztea izatea.

Zerk ekarri zaitu kongresura?
Ikergazten parte hartzen dugunoi aukera ona eskaintzen digu kongresuak gure ikerketa plazaratzeko. Gainera, uste dut euskaraz ikertzea erabakitzen dugunok oso modu kontzientean egiten dugula hautu hau; eta foro aproposa iruditzen zait euskaraz ikertzen dugunok elkar ezagutzeko eta oihartzuna emateko euskarazko ikerketei; gazteak izan zein ez, ikerketa euskaraz ere egiten dela esateko.

“Gazteen jarrera ikus-entzunezko edukiekin, nola telebistan hala Interneten”. Horixe aurkeztu duzuna. Zerk eraman zaitu arlo hori ikerketzera?
Internetek mundu bat zabaldu du ikus-entzunezko edukien kontsumoan, eta edukiak ikusteko aukera berriek zuzenean eragiten dioten telebistari. Horrez gain, gaur egun gutariko edozeinek aukera daukagu edukiak sarean zabaltzeko eta baita ere edukiak sortzeko. Nik ikertu ditudan gazteak XX. mende amaieran jaiotakoak direnez, natibo digitalak direla esan ohi da, teknologia berriek eta Internetek eskaintzen dituzten aukerak ondo ezagutzen dituztenak. Bada, jakin gura izan dut zeintzuk diren gazte horiek ikus-entzunezko edukien kontsumo-ohiturak, eta zein neurritan aldatzen den edukiekin daukaten interakzioa telebista edo internet-erabiltzaile diren heinean.

Zein metodologia erabili duzu ikerketarako?
Ikergazten aurkeztuko dudan artikuluak tesiaren ikerketa-galdera baten emaitzak azaltzen ditu, metodologia kuantitatiboa erabilita. Dena den, tesian metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa uztartu ditut, eta galdetegiaz gain, egunerokoak eta elkarrizketa erdi-egituratuak baliatu ditut.

Internet bidezko kontsumoa aintzat hartzekoa bada ere, gazteek telebistari denbora gehiago eskaintzen diotela diozu.
Bai, hala da. Telebista ikustea oso errotuta dago gure egunerokotasunean, baita adin-tarte horretan ere. Hala ere, ezin ditzakegu gazte guztien joerak homogeneizatu; izan ere, gazte batzuen ikus-entzunezkoen kontsumoa oraindik ere telebistan oinarritzen den bitartean, beste gazte batzuk telebistari bizkar emanda bizi dira; eta beste leku batzuetara jotzen dute ikus-entzunezko edukien bila.

Youtubek ez al dio aurrea hartu telebistari?
Ez. Oraindik ez, behintzat. Egia da gazteen artean oso ohikoa dela YouTubera jotzea ikus-entzunezkoak kontsumitzeko. Gainera, oro har, erraztasuna daukate gura duten edukia aurkitzeko eta gustuko dituzten YouTubeko kanaletan harpidetza eginez, gazte batzuentzat YouTubek telebistaren funtzioa betetzen du; eta, kasu horietan, YouTubek telebista ordezkatu du. Baina, lehen esan dudan bezala, ohiko telebista ikustea oraindik oso txertatuta dago gure egunerokotasuneko errutinan.

Zeintzuk dira momentuz atera dituzun ondorioak?
Aurreko bi galderetako erantzunetan daude ateratako bi ondorio. Horiez gain, beste ondorio esanguratsu bat da Ikergazteko kongresuan aurkeztu dudana. Asko idatzi da telebista eta Interneten kontsumoaz eta medio horien aurrean daukagun jokaeraz, eta telebista aurrean egotea jarrera pasiboekin lotu ohi izan da eta Interneteko jarduera jarrera aktiboekin. Bada, tesiko ondorioetariko bat da ezin dela lotu telebista-kontsumoa jarrera pasiboekin eta Internet-eremuan egiten ditugun jarduerak jarrera aktiboekin.