Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ibon Aristi de la Hoz: “Biologoak mendikoak edo laborategikoak gara”

Dokumentuaren akzioak

Ibon Aristi de la Hoz: “Biologoak mendikoak edo laborategikoak gara”

2012/06/07 - unibertsitatea.net
Ibon Aristi de la Hoz 2010ean Biologian lizentziatu zen. "Aldaketa globalak ibai mediterranearretako prozesu ezberdinetan duen eragina" da lantzen ari den tesiaren izena eta euskalnatura.com-en lan egiten du.

Ibon Aristi de la Hoz 24 urteko gazte Getariarra da. 2010ean Biologian lizentziatu zen eta hurrengo ikasturtean "Biodibertsitatea, Funtzionamendu eta Ekosistemen gestioa" unibertsitate masterra egin zuen. Karrerako 3. urtean Ibai-Ekologiako laborategian laguntzen hasi zen bertako laginketa zein bestelako kontuekin. 5. urtean lan zehatzagoak egiten hasi eta tesiaren nondik norakoak zehazten hasi zen. "Aldaketa globalak ibai mediterranearretako prozesu ezberdinetan duen eragina" da lantzen ari den tesiaren izena. Honez gain, 2008tik hona eta beste ikaskide batzuekin batera euskarak, batik bat zientziaren munduan, interneten duen gabezia bete asmoz Euskal Natura izeneko web orri batean darabil lanean.

 

Zergatik aukeratu zenuen egindako karrera? Noiz piztu zitzaizun zientzietarako zirrara? Eta zergatik zientziak eta ez letrak? Oroitzen zara zure aukeraren arrazoiaz?

Biologiaren mundua, nola edo hala, beti oso presente izan dudala iruditzen zait, bai familiako zaletasunengatik, eta baita bizi naizen inguruagatik ere. Dena den, Biologia karrera aukeratzearen arrazoien artean, dudarik gabe, institutuan izan nuen irakasle bat dago. Letretako karrerak ez ditut inoiz baztertu, dena den zientziek nire izaera eszeptikoarekin askoz ere gehiago egiten dute bat.

 

Ikasketak hasterakoan imajinatutakoa topa zenuen? Espero zenuenaren berdina izan zen unibertsitatea?

Egia esanda, Biologia ikasten zuen inor ez nuenez ondoan, ez nuen inolako erreferenterik. Karrera hasi, eta batez ere, bigarren seihilekotik aurrera nire gustukoa zena aurkitzen hasi nintzen eta indarrak eman zizkidan aurrera segitzeko.

Unibertsitateari dagokiola ere, ez dakit bada zer esan. Ez nuen, ez idealizaturik ezta satanizaturik ere, besterik gabe nire etorkizunari zegokiola beste igarobide bat zen.

 

Zer bota zenuen faltan?

Karrerari begira, duda izpirik gabe, irteera gehiagoren beharra sumatu nuen. Beti esan izan dugu biologoak "Botakoak" edo "Batakoak" gaudela, hau da, mendikoak edota laborategikoak. Bada, gure karreran espezializazioa hobea balitz, bereizketa hau are nabarmenagoa izango litzateke, eta beraz, "Botakook" mendira joateko aukera gehiago izango genituzke.

 

Gaur egun, gero eta karrera gehiago euskaraz egiteko aukera dago. Hala ere, zenbait ikasgai eta material euskaratu gabe daude. Zure kasuan halakorik gertatu zen?

Biologiaren kasua, ezagutzen dudan egoerarik onenetakoa da, hau da, karrera hasi eta bukatu euskara hutsean egin dezakezu. Konparaketak egite aldera, nahiz eta hau ez den egokiena izaten, fakultateko eta campuseko egoera baino askoz hobea da ezbairik gabe. Zeren denok ezagutzen ditugu karrera batzuk lehen urtea soilik dutenak euskaraz, edo soilik ikasgai batzuk, edota ... segida handi bat kasuan kasuko aldatzen dena. Dena den, eta biologiara itzulita, ikasgai batzuren eskaintza gazteleraz soilik izan dugu, eta nahiz eta beste batzuk euskaraz izan, emaniko euskararen kalitateak asko du hobetzeko.

 

Hizkuntza, zerbait ikasterako orduan, oztopoa izan daitekeela uste duzu? Etorkizunean egoera hobetuko dela uste duzu?

Hizkuntza bat inoiz ez da oztopo izango, ikasi nahi duenak hizkuntza horretan ikasi nahi ez badu behintzat. Euskara, etengabe eboluzionatzen ari den hizkuntza bat da, garai, modalitate, zientzia, alor, ... guztietara ondo baino hobeto doituz gainera, nahiz eta batzuk horren kontrako apologia egiten tematu.

Etorkizuna, eguneroko txikikeriaz osaturik dago azken finean, norberari dagokionetik hasita. Baina, unibertsitateko etorkizunari begira, ez dakit fede edota esperantzatik baina, hobeagoa izango delakoan nago.

 

EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean lan egiten duzu eta UEUko udako ikastaroetan ere parte hartzen duzu irakasle gisa. Ibai Ekologia da zure espezialitatea eta euskalnatura.net-en ere aritzen zara. Gaur egun, ekologiak zure bizitzaren atal oso inportantea osatzen du, baina beste zerbaiten lanean zabiltza?

Euskal Natura da, behar bada, denbora gehien hartzen didana. Egun jende mordoxka bat gabiltza bertan lanean, eta irteera, erakusketa, hitzaldi eta interneteko edukiak, eta hau egingo duen jendea antolatzen, denbora dezente pasatzen dut. Horrez gain, eta euskal naturakoarekin batera, eskutik helduta joango baitira hemendik aurrera, UEUko Natur Zientzien saila hartu dugu.

 

Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke? Ideiaren bat duzu?

Etorkizuna dudarik gabe mendira begira egingo nuke lan, eta ahal izanez gero, mendian bertan. Zientzia da gehien motibatzen nauen lana, hau da, zalantza berriak sortu eta erantzunak bilatu ahal izatea. Dena den, biharko egunari begira, zientzialari baten gisa ez dut ikusten nire burua, hau da, etengabeko artikulu zientifikoen produkziora. Alabaina, nire kuriositate ase ezin honi erantzun asmoz zientzia egingo dudalakoan nago. Eta gero, nola ez, jendeari helarazi, dibulgatu. Baina batek daki...