Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Hozkailu solidarioa unibertsitatean

Dokumentuaren akzioak

Hozkailu solidarioa unibertsitatean

2016/01/14 - Unibertsitatea.net
Leioako UPV/EHUren Bizkaiko campuseko Ostalaritza Eskolaren ondoan jarri dute soberan geratzen diren jakiak biltzeko hozkailua.
Hozkailu solidarioa unibertsitatean

Leioako Ostalaritza Eskolako hozkailu solidarioa. ARGAZKI: UPV/EHU

Ostalaritza Eskola izango da proiektuaren bultzatzaile nagusia; hartara, jantokia itxi ondoren -15:00etatik aurrera-, hozkailu solidarioan sartuko ditu elikagai ontziratuak eta iraungipen-datadunak. Horrela, lehenengo eta bigarren platera zein postrea jarriko ditu hala behar dituenaren eskura.

Jaki bila gerturatzen denak goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara aurkituko du hozkailua zabalik. Hona hemen hozkailua egoki erabiltzeko argitaratu duten arautegia.

UPV/EHU, Leioako Ostalaritza Eskola eta Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak elkarlanean abiatutako ekimenaren emaitza da unibertsitateko hozkailu solidarioa. Inaugurazio ekitaldian adierazi dutenez, "helburua soberan geratzen diren jakiak aprobetxatzea da, bai eta soberazko janaria produktu solidarioa, baliagarria eta autogestionatuta bihurtzea ere".

Orain arte, Galdakaon abiatutako ekimen hau, gerora, Quero-n (Toledo) eta Gasteizen egin da; orain, Leioan ere badago aukera -unibertsitate-campus batean hozkailu solidario bat martxan jarri den lehen aldia da-. Bide berean, hurrengo hozkailuak Valentziako Unibertsitateko Galileo Galilei ikastetxe nagusian eta Gironan jartzea aurreikusten da.