Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Historiaren lekuko diren harri-egiturak
Erabiltzailearen akzioak

Historiaren lekuko diren harri-egiturak

2017/03/22 - unibertsitatea.net
"Bechrock" deituriko harri egiturak aztertu ditu Nikole Arrieta Irabazabal UPV/EHUko Kimika Analitikoko saileko ikertzaileak. Eremu tropikal eta subtropikaletan sortzen dira berez, eta arraro bada ere Bizkaiko kostaldean ere badira.
Historiaren lekuko diren harri-egiturak

Nikole Arrieta. UPV/EHU

UPV/EHUko Kimika Analitikoko saileko Nikole Arrieta Irazabal (Bilbo, 1985) ikertzaileak, doktoretza-tesirako, beachrock-ak aztertu ditu. Jarduera metalurgikoko hondakin industrialak barruan gordetzen dituzten zementatutako hondar formazioak, hain zuzen ere. Garapen industrialaren inpaktuaren eta honek kostaldean izan duen eraginaren lekuko dira harri berezi horiek.

"Zenbait fenomeno geologikoren ikerketak ingurumen-iragana berreraikitzen eta gizakiak izan duen eragina zehazten laguntzen digu, dena erregistratuta geratzen baita. Klima-aldaketak izan ditzakeen eraginei aurre egiteko ere informazio baliotsua eman dezakete", azaldu du Arrietak. Marearteko eremuetan sortzen diren harri-egiturak dira beachrock-ak. Normalean, eremu tropikal eta subtropikaletan sortzen dira. Hala ere, Bizkaiko kostaldean ere badira halakoak. "Oso arraroa da gurea bezalako latitude epeletan aurkitzea; munduan 8-10 kasu daude" Arrietaren esanetan. Gure kostaldeko kasuan burdin zementuak dituzte.

Ikerketa lanean zementu motak aztertzeaz gain, zementuan harrapatutako materialak ere aztertu dituzte. "industria-iraultzaren garaiko galdaketa-zepak aurkitu ditugu, bai eta Europako enpresa batzuen zigiluak dituzten hondakinak ere; barkuetan etorri, eta hemen botatzen zituzten zepak. Horregatik, teknofosilak edo giza jardueraren aztarnak aurkitu ditugu hondartzetan; kasu honetan, nazioarteko enpresen hondakin industrialek beachrockaren adina zehazten laguntzen digute".

Hori guztia Antropozenoaren ("gizakiaren aroa" litzatekeena) garai geologikoaren erregistro geologikoaren adibide bat izan litekeela diote. Lurra aro geologiko berri baterantz doala diotenek erabiltzen duten izendapena da hori.

"Tunelbokan, ikerketa egin den estuarioaren eskuinaldeko kala batean, dauden geruzak mundu mailan aztertu dira, Antropozenoaren ebidentzia gisa" Arrietak aipatu duenez. Izan ere, mundu mailan latitude epeletan fenomeno hau duten eremu gutxi izateaz gainera, "are gutxiago dira hemengoen ezaugarriak dituztenak; barnean duten zepa-kantitatea sekulakoa da. Estatu Batuetako eta Australiako unibertsitate batzuetako ikertzaile entzutetsuekin lankidetzan aritu naiz, eta zur eta lur gelditzen dira guztiak argazkiak edo materialak ikusten dituztenean".

 

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari