Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Dislexiaren gaia ikertu dute Lauaxeta Ikastolako gaztetxoek Zientzia Azokan

Dokumentuaren akzioak

Dislexiaren gaia ikertu dute Lauaxeta Ikastolako gaztetxoek Zientzia Azokan

2018/03/22 - Unibertsitatea.net
Lauaxeta Ikastolako Hiruki Zientzialariak Taldeak Zientzia Azoka ekimenaren baitan bizitako esperientzia jaso dugu atarian. Naiara Mentxaka irakaslea eta Naia Eguskiza eta Irati de Pablo ikertzaileak izan dituzte bidelagun proiektuan.

Elhuyarrek kultura zientifikoa gizartean sustatzeko egiten dituen ekimenetako bat da Zientzia Azoka (#zientziazoka). Ekimenean 12-18 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte eta 2018ko edizioan 33 ikastetxetako 911 ikasle ari dira proiektua lantzen.

UEUk bat egiten du proiektuarekin eta lanean ari diren bost talderen esperientziak jasoko ditugu atarian.

Asteon Lauxeta Ikastolako Hiruki zientzialariak Taldearen esperientzia jaso dugu. Arantza Berasategui, Maider Etxezarraga eta Olatz Fernandezek osatzen du taldea eta dislexiaren gaia landu dute Naiara Mentxaka irakaslea eta Naia Eguskiza eta Irati de Pablo ikertzaileen gidaritzapean.

Idatziz edo ikastetxean egindako bideo grabaketen bitartez jaso dugu prozesuan bizitakoa. Hona hemen:

 

Hiruki Zientzialariak (Arantza Berasategui, Maider Etxezarraga eta Olatz Fernandez) ikasle taldeari egindako elkarrizketa:

 

 

Naiara Mentxaka irakasleari egindako elkarrizketa:

 

 

 Naia Eguskiza eta Irati de Pablo ikertzaileei egindako elkarrizketa:

 irati,naia, hiruki ZA

 

Zerk bultzatu zaituzte ekimen honetan parte hartzera?

Ekimen honetan parte hartzera gure zientziarako gogoek eta ilusioek eraman gaituzte. Orain artean, UEUko ikastaroetan parte hartu izan dugu, Ikergazten ere ibili ginen iaz, han hor hemen aritzen gara ikertzen (EUDIA ikerketa-taldean), gure ekarpentxoak aurkezten (kongresuetan, worshopetan...) eta horrek guzti horrek bultzatu gaitu esperientzia eta ekimen honetan parte hartzera.

Esperientzia bizitzea izan da gure helbururik behinena, baita ikasle batzuen laguntzaile izanik, belaunaldi berrietakoei, gaztetxoenei, zientziarekiko eta zientziarako gogoak piztea, suspertzea, kitzikatzea.

Nola antolatu duzue ikasleekin lana? Zer da azpimarratu diezuena?

Proiektu honetan hainbat alderdi egon gara inplikaturik eta uste dugu guztion arteko talde lanean oinarriturik irten duela aurrera. Batetik ikasleak eurek egon dira, prozesu osoko protagonistak, baita ikasleen familia eta ikastetxeko tutorea eta ekimenaren antolatzaileak ere. Eta gu unibertsitatetik ere proiektuari erantzuna ematen ahalegindu gara. Guztion arteko komunikazioaz, harreman-sare positiboa osatu dugu, ikasleei zientzian murgiltzeko eta arakatzeko aukera hobeezina eskainiz.

Guk gure aldetik, aurrez aurreko bilera bi antolatu ditugu ikasleekin (urtarrilak 19, otsailak 16). Horretarako, familien inplikazioa ezinbestekoa izan da eta horrekin kontatu izan dugu, beraz, bihoazkie gure eskerrik zintzoenak, neskon familiei. Bestetik, Zientzia Azokako arduradunei ere badaukagu zer eskertu, prozesuko koordinatzaile eta laguntzaile lanetan ibili baitira. Prozesu osoan zehar egon gara kontaktuan, harremanetan. Baita nesken ikastetxeko tutorearekin ere.

Hasiera baten, lanaren nondik norakoak zehaztu ostean eta markoa trazatu ostean, gidoi orokor bat diseinatu genuen elkarrekin, lanaren hezurdura finkatuz. Ostean, suertatu diren zalantzei erantzuna emateko eta ikaskuntza prozesuan aurrera egiten laguntzeko aurrez aurreko bilerak antolatu ditugu. Horiez gain, etengabeko kontaktua izan dugu ikasleekin ere, Driven bidez, emailez...

Ia zer azpimarratu diegun galderari erantzuteko, batik bat, zientzia begiratzeko betaurrekoak opari egin dizkiegula esango genuke. Zientziarekiko eta zientzia egitearekiko ikuspegi zabalagoa, ikerkuntza eta zientzia ikuspegia transmititzen ahalegindu gara. Horrez gain, aurrera egiteko aholkua eman diegu, euren lanean sinesteko, esfortzuak bere isla daukala erakutsiaz.
Apirilaren 21ean Bilbon ospatuko den Zientzia Azokara joateko asmoa daukagu, gure ikasleekin jakina. Azken batean, proiektuan parte hartu duten gainerako inplikatuek gu geu ere proiektuaren parte izatea eta sentitzea lortu baitute.

Nolako esperientzia izaten ari da?

Ikerkuntza ume edo gazte begiz ikusi gura izan genuen hasiera baten, euren interesguneak zeintzuk ziren ezagutuz, euren zientziarekiko egonezinak, jakingurak, motibazioak, gogoak... Baina esperientziak aurrera egin ahala, askoz ere uzta oparoagoa jaso dugu, zientziarekiko betaurreko zoragarriak oparitu baitizkigute gure hiru ikasleek. Gure gogoak eurenekin elkartuz lan-talde dotorea osatu dugula iruditzen zaigu.

Azken batean, esperientzia hitzez defini beharko bagenu, esperientzia honakoa izaten ari dela esango genuke: oparoa, positiboa, produktiboa, aberasgarria, eboluziozkoa, norabide bikoitzekoa, eraikitzailea, efikaza eta efizientea, berezia eta polita. Baina bakar batez adierazi behar izatekotan, esperientzia kolosala bizi izan dugula azpimarratuko genuke.

Zientziarekiko interesa sustatzeko modu egokia dela uste duzue?

Duda barik, bai.

Gure ibilbide xumea ere kontatu diegu ikasleei, gure ikerketen nondik norakoak, esperientziak... Eta hori guzti hori eurek hasieran planteatutako lanari lotuta, ikerkuntzarako lehenengo urratsak ematen hasteko bidea izan dela uste dugu. Ikasleek euren lanean estatistika apur bat, grafikoak, datuen analisiak, ondorioak, etorkizunera begirako erronkak eta abar proposatu dituzte, diotenez, datorren urtean lanean eta ikerkuntzan jarraitzeko gogotsu daude. Beraz, gure helburua eta azken batean, Zientzia Azokako helburua betea dela uste dugu.

Gainera, Zientzia Azokak eskainitako esperientziari esker, elkar ezagutu dugu eta proiektua amaitutakoan ere, aurrerantzean, eurekin lan egiteko, gidatzeko eta laguntzeko konpromisoa hartu dugu, eurek prest eta gogotsu baitaude lanari ekiteko.

Errepikatuko al duzue esperientzia?

Bai, pozarren gainera. Batetik, ikasleek eta gainerako eragileek guri egindako ekarpenagatik eta baita guk egindako ekarpenagatik ere. Uste baitugu, ekarpen positiboa eman diogula proiektuari berari, proiektuak guri eman digunaren parekoa.

Gehiagorik ez bada ere, gure gogoak transmititu dizkiegu, gure esperientzia xumea. Eta gainera euren gogoak, jakin-mina, grina, kutsatu dizkigute.
Hasieran, gogotsu geunden, prestutasun osoz. Baina gure ikasle-taldea ezagutu ostean, oraindik eta gehiago. Izan ere, euren lana, ekarpena, gogoak, inplikazioa, ekimenerako jarrera... izugarria izan da. Guk espero eta pentsatu baino handiagoa eta horrek oraindik eta gehiago inplikatzera eraman gaitu.

Esperientzia ahaztezina izan da, espero dugu horrelako beste askoren lehenengoa izan izana. Kolosala izan da.

Eta zer esango zenieke beste ikasleei parte hartzeko?

Animatzeko, parte hartzeko, probatzeko, zientzian murgiltzeko, esperientzia bizitzeko, ausartzeko, esperimentatzeko, ikertzeko. bitartean prozesuan zehar gozatzeko, aukera aprobetxatzeko, zientziaren parte sentitzeko, euren ekarpena egiteko, motibatzeko.


 logo_elhuyar                            ueu_logo

 

 

Zientzia Azoka