Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Hezkuntza zientifikoak dituen erronkei buruzko jardunaldi bat antolatu dute Deustuko Unibertsitateak eta Berritzegune Nagusiak

Dokumentuaren akzioak

Hezkuntza zientifikoak dituen erronkei buruzko jardunaldi bat antolatu dute Deustuko Unibertsitateak eta Berritzegune Nagusiak

2014/05/19 - Unibertsitatea.net
'Erronka Handiak Zientzia Hezkuntzan' izeneko ekimenaren helburu nagusia da zientziak irakaskuntzan duen egoera aztertzea eta egun arlo horretan sortu diren aukerez jabetzea.

Hezkuntza zientifikoak edo zientzia-hezkuntzak egun dituen erronkei buruzko 'Erronka Handiak Zientzia Hezkuntzan' izeneko tailer bat antolatu dute Deustuko Unibertsitateak eta Berritzegune Nagusiak ekainaren 11an, Bilbon.

Jardunaldiaren helburu nagusia da Inquiry Based Science Learning metodoa bertatik bertara ezagutzea eta ikasgelan nola aplikatzen den ikustea. Metodologia horren bitartez, informazioaren hartzaile pasibo izan beharrean, ikasleak dinamiko eta independente bihurtzen dira arazoak eta problemak ebazteko garaian.

Bada, jardunaldi horietan, IBSLrekin hainbat herrialdetan eta ikastetxetan izandako esperientziak ere aurkeztuko dituzte, eta, gainera, teknologia berriek metodologia hori garatzeko sortzen dituzten aukerak ere izango dituzte hizpide: hala nola, simuladoreak, laborategi birtualak eta urrutikoak. Zientzia ikasteko eta irakasteko tekniketan dauden azken joerei buruzko adibide praktikoak ere aztertuko dituzte.

Teknologiaren Eindhoveneko Unibertsitateko Teknologia Zientzietan doktore Ton de Jongek eskainiko du tailerra, eta Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleei zuzenduta dago. Ingelesez izango da, baina oinarrizko mailarekin aski izango dela diote antolatzaileek. Matrikula zabalik dago, eta Berritzegune Nagusiak erakundearen webgunearen bitartez egin daiteke.

Deustuko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Fakultateko Ingenio ikasgelan izango da tailerra 17:30etik 19:00etara.

 

(Iturria: Naturzientziak)