Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Herri bilketa eta ikus-entzunezko ondarea aztergai

Dokumentuaren akzioak

Herri bilketa eta ikus-entzunezko ondarea aztergai

2017/05/04 - unibertsitatea.net
Xenpelar Dokumentazio jardunaldiak antolatu dituzte laugarrenez eta maiatzaren 12an izango dira Amasa-Villabonan. Doakoa da, baina maiatzaren 10a aurretik eman behar da izena

 

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren. Maiatzaren 12an izango da laugarren edizioa Amasa-Villabonako Subijana etxean eta oraingo honetan herrietako ezagutza bildu eta geroratzeko egitasmoek sortzen duten ikus-entzunezko ondarearen inguruan antolatu da, zehazki bideo grabazioen eta euskarri digitalen inguruko esperientziak partekatzeko.

2017ko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Ahozko Lantegia, Euskal Herriko Ahotsak  eta Koldo Mitxelena Liburutegia dira eta antolatzaileen esanetan, "Aniztasun handia dago herri bilketa sustatzen duten eragileen artean: herriko elkarteek, udalek, eta herri liburutegiek edo artxiboek sustatutako ekimenak izan ohi dira, tokiko bilduma aberaste aldera". Eta aipatu eragileen esperientzia zein kezkak plazaratuko dira jardunaldiotan.

 

Ikus-entzunezko ondarearen bilketa eta tratamenduan lan egiten duten eragile eta herritar guztientzat irekita dago, eta batez ere, bideo grabazioekin lanean hasi eta nola egin jakin nahi duten herrietako eragile, liburuzain, artxibozain eta langileei zuzenduta. Jardunaldi irekia da, doakoa, baina izena eman behar da parte hartzeko. Izena emateko helbidera idatzi behar da maiatzaren 10a baino lehen.

Egitaraua

10:00 Ikus-entzunezko ondarearen tratamendu dokumentala. Nere Erkiaga. Xenpelar Dokumentazio Zentroa

10:20 Ekitaldien grabazioak nola egin: oinarrizko oharrak. Eneritz Urkola. Bertsoa.eus

10:35 Elkarrizketen grabazioak nola egin: oinarrizko oharrak. Idoia Etxeberria. Ahotsak.eus

10:50 Bideo fitxategien oinarrizko edizioa eta internet publikazioa. Haizea Odria. Ahotsak.eus

Atsedena

12:00 Amarauna Lekukoak: auzoko bizilagunen bideo grabaketak liburutegiko tokiko bilduman. Larraitz Idarreta. Ernest Lluch Kultur Etxeko Liburutegia (Donostia)

12:20 Oiartzuarren baitan: herri hizkeraren bilketa bideo elkarrizketen bidez. Ane Lardi, Ttur Ttur Euskaltzaleon Bilgunea (Oiartzun) eta Idoia Etxeberria, Ahotsak.eus

12:40 Durango 1936: gerrako memoria kolektiboa eta omenaldia bideoen bidez. Unai Iturriaga eta Andoni Bareña. Durango 1936 Elkartea

13:10 Aldudarrak Batasuna: 1986 ko lehen bideokameratik, herri telebistara. Ihintza Bidart. Aldudarrak Batasuna elkartea

13:30 Iritzi Trukea