Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Haur-pobrezia munduan" hizpide

Dokumentuaren akzioak

"Haur-pobrezia munduan" hizpide

2016/02/19 - Unibertsitatea.net
Nafarroako Unibertsitate Publikoan haur-pobrezia munduan gaitzat daukan biltzar bat egingo dute datorren astelehenean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Munduko Haur-pobreziaren aurkako Unibertsitateen arteko Nazioarteko Biltzarra egingo dute datorren astelehenean, otsailaren 22an.

Bertan, antolatzaileen aburuz, "gogoeta egin nahi da haurren artean pobrezia gutxiagotzeko laguntzen duten estrategia sozial, administratibo eta politikoei buruz" eta sarrera irekia da bertaratu nahi duen ororentzat. Biltzarra Unibertsitatearen Iruñeko Arrosadia campusean egingo da, hain zuzen, Haurrak Babesteko Kontseilu Independenteak (CIPI) eta Haurrak, Kultura eta Hezkuntza Elkarteak (AICE) antolatuta.

Biltzarra, "Espainia Haurren Alde" izeneko biraren geldiuneetako bat da; urtebetez, Espainiako 30 unibertsitate baino gehiagotan egingo dutelako hausnarketa, baita Portugalen eta Marokon ere. Azkenik, bira amaitzeko, Asuncionen (Paraguay) aurkeztuko dira ondorioak 2016. urtearen bukaeran ospatuko den Haurren eta Nerabeen Eskubideen aldeko VII. Munduko Biltzarrean.

"Haur-pobrezia munduan" biltzarraren egitaraua

NUPeko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearen laguntzarekin egingo den Biltzarra astelehenean izango da, otsailaren 22an, arratsaldeko 16:00etan, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan.

Hasiera ekitaldian, Miguel Laparra, Foru Gobernuaren Gizarte Eskubideetarako presidenteordeak eskainiko du irekiera ponentzia, eta Alfonso Carlosena Unibertsitateko errektorea zein Antonio S. Jiménez Hernández Haurrak Babesteko Kontseilu Independenteko (CIPI) burua ere izango dira hizlari.

Bestalde, biltzarra antolatzen duten bi erakundeek "Hiri Arduratsua Haurrekin" izeneko proiektua aurkeztuko dute. Proiektu horren helburua, "hainbat programak osatzen duten espazio bat sortzea da, non haurrak, nerabeak eta gazteak izango baitira interesgune nagusia, eta aldi berean haiekin loturiko auzietan nazioarteko erreferentzia izango baita".