Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Haumea planeta bitxiak eraztuna du

Dokumentuaren akzioak

Haumea planeta bitxiak eraztuna du

2017/10/13 - unibertsitatea.net
Neptunoren orbitatik harago aurkitutako lehenengo eraztuna da eta horrek erakusten du uste baino eraztun gehiago egon daitezkeela Eguzki Sisteman zein beste planeta sistema batzuetan. Nature aldizkarian kaleratu dute ikerlana eta UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileek parte hartu dute.

Eguzki Sistemaren bazterretan, Neptunoren orbitatik haratago, izotzez eta arrokaz osaturiko objektuen gerriko bat dago. Objektu horien artean, besteak beste, lau planeta ñimiño daude: Pluton, Eris, Makemake eta Haumea. Haumea guztien artean ezezagunena da, eta berau behatzeko mundu mailako kanpaina bat egin da, haren ezaugarri fisiko nagusiak zehazteko asmoz. Bada, ikerlanak erakusten duenez, eraztun bat dago Haumea planeta ñimiñoaren inguruan. Andaluziako Astrofisika Institutuko (IAA-CSIC) astronomoek zuzendu dute ikerketa, eta UPV/EHUko ikertzaileek ere esku hartu dute bertan. Nature aldizkarian kaleratu dute ikerlana.

Neptunoren orbitatik haragoko objektuak oso zailak dira ikertzen, txiki-txikiak direlako, ia distirarik ez daukatelako eta gugandik oso-oso urrun daudelako. Badago izar estaltzeak aztertzeko metodo bat, oso eraginkorra baina korapilatsua dena. Objektuok hondoko izarren aurretik igarotzen direnean behatzea hain zuzen ere (eklipse txiki moduko bat da). Metodo horri esker, objektuaren ezaugarri fisiko nagusiak identifika daitezke (tamaina, forma, dentsitatea); Eris eta Makemake planeta txikiekin ere erabili izan da, eta emaitza bikainak lortu dira.

Urtarrilaren 21ean Haumea izar baten aurretik igaroko zela aurreikusita, Europako hamar behatokitako hamabi teleskopiok ekin zioten behaketari eta horri esker Haumearen forma eta tamaina zein den jakin dute. “Emaitza harrigarria lortu dugu” dio José Luis Ortizek, ikerketa zuzentzen duen Andaluziako Astrofisika Institutuko (IAA-CSIC) ikertzaileak. Uste zena baino dezente handiagoa da eta ez da hain islatzailea. Gainera, aurretik uste zena baino askoz ere dentsitate txikiagoa du, eta horrek erantzuna ematen die objektu honen inguruan argitzeko zeuden zenbait konturi”.

Haumea eguzkiaren inguruan dabil biraka, 248 urte irauten duen orbita eliptikoan (Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia halako berrogeita hamarrera dago gugandik) eta 3,9 ordutan egiten du bira, Eguzki Sistema osoko ehun kilometrotik gorako beste edozein gorputzek baino askoz ere azkarrago. Abiadura hori dela eta, Haumea deformatu egiten da, eta errugbiko baloi baten antzeko forma elipsoidala hartzen du.

“Haumearen inguruan eraztun bat dagoela aurkitzea izan da aurkikuntza interesgarri eta ustekabekoenetako bat" Ortizen esanetan. "Duela urte gutxira arte, eraztunak planeta erraldoien inguruan zeudela besterik ez genekien, eta, orain dela oso gutxi, gure taldeak aurkitu zuen Jupiterren eta Neptunoren arteko bi gorputz txikik, zentauroak deituriko objektuen familiakoek, eraztun trinkoak dituztela. Ezusteko handia izan zen hori”.

Neptunoren orbitatik harago aurkitutako lehenengo eraztuna da eta horrek erakusten du uste baino eraztun gehiago egon daitezkeela Eguzki Sisteman zein beste planeta sistema batzuetan.

Iturria: UPV/EHU