Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Haritz Arrieta Etxeberria: “Adin erlatiboaren eragina nabaria da saskibaloian, bai Europako eta baita Bizkaiko Txapelketetan ere”

Dokumentuaren akzioak

Haritz Arrieta Etxeberria: “Adin erlatiboaren eragina nabaria da saskibaloian, bai Europako eta baita Bizkaiko Txapelketetan ere”

2016/05/06 - Unibertsitatea.net
Haritz Arrieta Etxeberria ikertzaile tolosarrak Ikerketa Biomedikoa Masterra ikasi zuen, hain zuzen, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatu ondoren. Bertan, Jon Irazusta eta Susana Gilek zuzentzen duten Fisiologia Saileko ikerketa talde batean hasi zen eta, halaxe, hainbat ikerketatan parte hartu zuen (hirugarren adinekoekin, triatletekin, korrikalariekin, saskibaloiko jokalariekin …); beti ere, denak, jarduera fisikoari eta kirolari lotuta. Dioenez, nahiz eta ikerketaren aurretik, bestelako esparruetako zein kirolaren inguruko hainbat lanbide izan zituen, behin ikerketaren mundua ezagutu zuenean argi eta garbi ikusi zuen ikerketa dela gustukoen duen lanbidea. IkerGazten aurkeztu zuen "Adin erlatiboaren eragina saskibaloiko jokalarietan" artikuluaren inguruan hitz egin dugu berarekin.

Zer dela eta aukeratu zenuen gai hau?

 

Adin erlatiboaren eragina taldearen ikerketa lerro garrantzitsu bat zen ni ikerketan hasi nintzen garaian, eta fenomeno honen inguruan taldeak hainbat ikerlan argitaratzea lortu zuen. Zuzendariek gaia proposatu zidatenean, oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta horri eutsi nion Master Amaierako Lanari ekiteko orduan. Europako txapelketez gain, Euskadin eta, konkretuki, Bizkaiko Saskibaloi Txapelketetan adin erlatiboaren eragina aztertu nahi izan genuen, eta baita honek errendimenduarekin duen harremana ere.

 

Zer da adin erlatiboa eta zergatik da kirolean garrantzia handia duen faktorea?

 

Umeen eta gazteen kiroletan, maila bateko muga-egunetik bestera, urtebeteko edo bi urteko aldea dago. Horregatik, maila berean jokatzen duten kirolarien artean urte beteko diferentzia egon daiteke urte hasieran edo bukaeran jaiotako mutil eta nesken artean. Nerabezaroan aldaketa handiak gertatzen dira altueran, pisuan eta parametro fisiologikoetan. Adibidez, hazkuntzaren abiadura maximoko adina (age at peak height velocity, APHV) hamaika eta hamabost urteen artean izaten da. Sasoi horretan, nerabeak 8 eta 12 zentimetro artean haz daitezke. Euskal Herrian, eta Europan oro har, kategorien hasierako jaiotze data urtarrilaren bata da. Horregatik, urtarrilean jaiotako jokalari bat 10 zentimetro altuagoa izan daiteke urte berean abenduan jaiotako jokalari bat baino, nahiz eta heltze prozesu bera izan eta heldua izatean altuera bera izan.

 

Gainera, nerabezaroan, heltze prozesua dela eta, jokalariak hazi eta pisua gehitzeaz gain, abiaduran, erresistentzian, arintasunean, indarrean eta jauziaren parametroetan hobekuntzak izaten dituzte. Fisikoki, fisiologikoki eta psikologikoki dituzten hobekuntzak direla eta, urtarrilean jaiotako jokalariek (zaharrenek) abantaila izan dezakete jokalari gazteekiko (abenduan jaiotakoak). Ondorioz, goi-mailako kiroletan urte hasieran jaiotako jokalariak dira gehiengoak -eta honi adin erlatiboaren eragina (RAE) deitzen zaio-.

 

Adin erlatiboaren eragina bestelako kiroletan ere aztertzen da (hockey, beisbol, errugby, boleibal, futbol...); eragina ezberdina izango da horietako bakoitzean, ezta?

 

Adin erlatiboa kirolaren arabera aldatzen dela esan beharrean, kirolaren hedapenaren arabera aldatzen dela esan dezakegu. 2015ean argitaratu genuen artikulu batean (Arrieta, Torres-Unda, Gil, & Irazusta, 2015*) ikusi ahal izan genuen saskibaloiko selekzio onenetan adin erlatiboaren eragina nabariagoa dela helduetan. Adin erlatiboaren eragina jokalari helduetan mantentzea, saskibaloian jokatzeko duten tradizio handiko selekzioetan ematen den fenomeno bat da, non jokalariek selekziora joaterakoan izaten dituzten entrenatzaile eta lehiakortasun hobea izateagatik izan daitekeela ondorioztatu genuen. Hau da, saskibaloian ikusi dugunez, gero eta hedatuago badago herrialdean, aukera gehiago dago helduak diren taldeetan oraindik ere adin erlatiboaren eragina mantentzeko, eta, ondorioz, urte hasieran jaiotako jokalariak gehiengoa izateko.

 

Nola eragiten du RAE-k saskibaloian?

 

Adin erlatiboaren eragina nabaria da saskibaloian, bai Europako eta baita Bizkaiko Txapelketetan ere. Saskibaloian altuera oso parametro garrantzitsua da talde onenetan hautatua izateko, hainbat ikerketetan errendimenduko parametroekin lotu baita. Eta beraz, momentu jakin batzuetan garatuenak dauden jokalariak (urte hasieran jaiotakoak edo heltze prozesu aurreratuagoa izan ohi dutenak) talde onenetan eta entrenatzaile onenekin jokatzeko aukera izan ohi dute. Beraz, adin kronologikoaren arazoari (urte hasieran edo amaieran jaiotzeari), adin biologikoarena (heltze prozesua) gehitu beharko genioke. Gaur egun, abiadura maximoaren altuera urtea (age of peak height velocity, APHV) neurtzeko baliabideak daude heltze prozesuaren kontrola eramateko.

 

Zuek nazioarteko (Europa) eta gure inguruko (Bizkaia) saskibaloian RAE ote dagoen behatu duzue eta baita horrek saskibaloian garrantzitsuak diren parametroekin duen lotura ere: zein da emaitza?

 

RAE-ren eragina nabaria dela ikusi dugu aztertu ditugun Bizkaiko eta Europako Saskibaloi Txapelketetan. Hala ere, adin erlatiboaren eragina handiagoa da Europako txapelketetan. Kirol maila eta lehiakortasuna handiagoa denez, urte amaieran jaiotako jokalariek oraindik ere aukera gutxiago dituzte maila internazionaletako txapelketetan parte hartzeko. Dena den, Europako txapelketetan RAE-ren eragina murriztuz doa adina aurrera joan ahala eta 20 urte azpiko nesken txapelketetan desagertu egiten da.

 

Ikerketa honetan ezberdintasun adierazgarriak aurkitu ditugu Bizkaiko saskibaloiko jokalarien jaiotza dataren eta altueraren eta errendimenduarekin lotutako parametroen artean. Honek, neurri batean, RAE azaldu dezake, baina ez guztiz; adinari lotutako garapenaren eragina desagertzen denean ere (18 eta 20 urte azpiko txapelketetan), jaiotza daten banaketa asimetrikoa mantentzen baita mutiletan. Are gehiago, Europako txapelketetan, maila guztietan adin erlatiboaren eta jokatutako minutuen artean korrelazio garbiak ikusi dira. Horrela gurpil zoro bat sortu daiteke jokalari zaharrenek gehiago jokatu eta hobetzeko aukera izan dezaketelako.

 

Ondorio bera atera al duzue nesken eta mutilen taldeetan?

 

Nahiz eta adin erlatiboak neska zein mutiletan eragin, nesketan fenomeno hau lehenago agertzen da, eta lehenago desagertu. 12 eta 14 urte azpiko Bizkaiko Saskibaloi taldeetan nesketan bakarrik aurkitu ditugu ezberdintasun adierazgarriak. Eta, alderantziz, 20 urte azpiko Europako Saskibaloi selekzioetan bakarrik mutiletan irauten duela ikusi ahal izan dugu. Hau, nesken heltze prozesua lehenago gertatzen delako izan daiteke, eta ondorioz, nerabezaroan izaten diren aldaketa fisiko zein fisiologikoen ondorioak ere lehenago agertu zein desagertzen dira.

 

Adin erlatiboari lotutako ondorioak entrenatzaile zein hautatzaileek kontuan hartu beharko lituzketela diozue, zertarako?

 

Argitaratu ditugun emaitza hauekin azpimarratu nahi dugu urte amaieran jaiotakoek aukera gutxiago dituztela saskibaloi taldeetan jokatzeko. Beraz, urte amaieran jaiotako jokalariak ez baztertzeko eta jokalari guztiei aukera berdinak emateko entrenatzaile zein hautatzaileek emaitza hauek kontuan hartu beharko lituzketela iruditzen zaigu.

 

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea? Zer suposatzen du horrek?

 

Gaur egun, ikertzaile gaztea izateak zoritxarrez askotan lan handia musutruk egitea esan nahi du. Nire kasuan, zorte handia izan dut eta tesia euskaraz egiteko Euskal Herriko Unibertsitateko beka eskuratzeko aukera izan dut. Hori lortzeko ezinbestekoa izan den ikerketa taldeari eskertu nahi nioke. Jon Irazusta eta Susana Gilek zuzentzen duten Fisiologiako Sailean nagoen ikerketa taldea oso talde langilea izateaz gain oso giro ona dagoela azpimarratu eta goraipatu nahi dut.

 

* Arrieta, H., Torres-Unda, J., Gil, S. M., & Irazusta, J. (2015). Relative age effect and performance in the U16, U18 and U20 European Basketball Championships. Journal of Sports Sciences, 1-5.