Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Gorka Salces Alcalde: “Ez dago Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen duen audientzia-neurketarik”
Erabiltzailearen akzioak

Gorka Salces Alcalde: “Ez dago Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen duen audientzia-neurketarik”

2016/06/03 - Unibertsitatea.net
Gorka Salces Alcalde (Portugalete, 1986) Historian lizentziatu zen 2008an, ikasketak EHUko Letren Fakultatean eginda, Gasteizen. Lautadatik etxera bueltan hainbat lanetan ibili ostean, betidanik kuriositatea piztu izan dion kazetaritza munduan probatzeko erabakia hartu, eta Berrian aritu zen urtebetez. Bertan zegoela, unibertsitatera itzultzeko eta doktore tesia egiteko aukera sortu zitzaion. Hala, hiru urtez euskaldunen erabilera mediatikoak aztertzen ibili ondoren, joan den otsailean defendatu zuen tesia. Orduz geroztik, Euskal Hedabideen Behategiaren koordinatzaile lanetan dihardu, eta ikertzen segitzen du NOR ikerketa taldean eta Errota Digitala elkartean.

"Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa" doktorego-tesia defendatu berri duzu. Euskarazko komunikabideek zer nolako audientzia dute aurrean?

 

Askotarikoa, esango nuke. Euskal hiztunen soslaia gero eta anitzagoa da, eta zaila da, duela zenbait hamarkada ez bezala, lurralde, jatorri edota idiosinkrasia jakinetara lotzen. Horregatik uste dut oso garrantzitsua dela komunikabide sistema osatua eskaintzea, publiko aniztasun horretan egon daitezken talde guztietara heldu ahal izateko. Euskaldunen taldean, hiztunen nukleoa baino askoz zabalagoa da periferia. Edukietan eta enfokeetan egokitzapen bat eska dezake horrek, edo, besterik gabe, eskaintza ugaritzea, soslai desberdina duten publiko horientzako produktuak eskaintzea. Oraindik ere hiztunen nukleoan daude euskarazko hedabideen erabiltzaile efektibo gehienak, eta ertzetara hedatzen jarraitzea izango dute hurrengo urteetako erronka nagusia. Ertzez ari naizenean, geografiaz ari naiz, baina ez horretaz bakarrik: hizkuntza gaitasuna eta hizkuntza identitatea ere kontuan hartu behar dira.

 

Alde kualitatiboan sakoneko elkarrizketa asko egin dituzu euskaldunen iritziak, jarrerak eta ohiturak biltzeko, zein da argazkia? Euskarazko hedabideez zer iritzi du euskaldunak? Zer bilatzen du horietan?

 

Hizkuntzarekiko esperientziak hedabideekikoa baldintzatzen du. Horrekin esan nahi dudana da euskara bere identitatearen funtsezko elementua dela sentitzen duen norbaitek errazago lotuko dituela militantzia linguistikoa eta hedabideen kontsumoa. Euskararekiko harreman lausoagoa duenak, berriz, joera handiagoa izan dezake euskarazkoei beste edozeini eskatuko liekeena eskatzeko: gustuko edukiak emanez gero, ondo; eta bestela errazago alda dezake katea. Dena den, eskema hori huts-hutsean jarraitzea sinplifikazio hutsa litzateke. Errealitate konplexuak ezin dira erantzun sinpleekin ebatzi.

 

Bestalde, esan daiteke hedabideen erabiltzaile kritikoekin egin dudala topo, kritikarako irizpideak asko aldatu diren arren solaskide batzuen eta besteen artean. Oro har, tokiko eta Euskal Herri mailako edukietan ikusten dituzte indartsuago euskarazkoak, eta digitalizazioaren, konbergentzia mediatikoaren eta sare sozialen olatuak garaiz hartu dituzten irudikapena nahiko orokorra da.

 

Euskarazko hedabideen erabilera-maila ez du baldintzatzen soilik hiztunak daukan ingurune linguistikoak; beraz, zeintzuk dira aukeraketarako gakoak?

 

Ingurune geografikoak baino gehiago, ingurune sozialak du garrantzia. Alegia, etxeko, familiako eta lagunarteko giroan euskarak duen presentziak eragin handiagoa du, herrian dagoen euskaldunen ehunekoak baino. Noski, gehienetan harreman sarearen ezaugarri linguistikoak oso lotuta egongo dira bizilekuko baldintzekin. Arnasgune sozio-funtzionalak eraikitzea funtsezkoa da, egunerokotasunean euskara hegemoniko izango den espazioak. Komunikabideen erabilera izan daitezke horietako bat, baina arnasgune funtzio hori betetzeko oso inportantea da euskarazkoen eskaintza anitza eta osatua izatea, eta erabiltzaileen hizkuntza gaitasuna zein identitatea aintzat hartzea.

 

Eta zer nolako eragina dute erdarazko komunikabideek euskaldunon hedabide kontsumoan?

 

Oso handia. Ezin dugu ahaztu kontsumoa ez dela bakarkakoa, inplikazio sozialak dituela, ez dela esposizio hutsera murrizten. Harategiko ilaran edo auzoko parkean komentatzen diren albisteek eta programek indar zentripetoa dute, eta zaila da dinamika horri itzuri egitea. Agenda ez dute euskarazkoek markatzen, zoritxarrez.

 

Zer estrategia landu beharko lituzkete euskarazko hedabideek?

 

Joko-zelaia zein den ikusita, zelako baldintza ekonomiko eta sozialetan lehiatu behar diren kontuan hartuta, oso lan duina egiten ari dira. Hori nabarmendu beharra dago. Nire ustez, informazioaren esparruan publikoak gertutasuna eskertzen du, eta horretan funtzio sozial argia betetzen dute euskarazkoek. Hori esatearekin nahikoa, hizkuntza normalizatu batean arituko balira. Baina ez da hala, eta, hortaz, euskarazko komunikabideen funtzio soziala ez da esparru mediatikora mugatzen. Alfabetizazio eta estandarizazio tresna boteretsuak dira, lexiko berria ezagutarazteko bidea... Hori guztia kontuan hartu beharko lukete erakunde publikoek euren inbertsioak planifikatzean. Funtzio soziala egiten dutela bermatzeko bideragarritasun ekonomikoa bermatu behar da. Instituzioen ekarpena garrantzitsua da horretarako, baina komunikazio proiektuen partaide sentitzen diren pertsonen komunitateak iraunaraztea eta zabaltzea elementu giltzarria da.

 

Bestalde, kuantitatiboki, sakabanatuta zeuden euskaldunen kontsumoaren inguruko audientzia-neurketa guztiak biltzeko lana hartu duzu: bada, ba al dugu neurgailu bateraturik?

 

Ez dago Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen duen audientzia-neurketarik, eta horrek datuak desitxuratu egiten ditu, batez ere euskarazkoen kasuan: hamaika tokiko hedabideren erabiltzaile-kopuruak ez dira inon agertzen. Herrialdearen ezaugarri demografiko, soziolinguistiko eta mediatikoak oinarri izango dituen neurgailua martxan jartzea estrategikoa da, baina bestelako irizpideak kontuan hartzea eskatzen du bizi dugun une mediatikoak. Audimetria klasikoak neurtzen duen errealitatea askorekin gainditzen dute egungo kontsumo-praktikek, eta horregatik neurketa horrek dimentsio kualitatiboa ere izan beharko luke. Egokiena litzateke erakundeekin eta komunikazioaren munduko eragileekin elkarlanean eta haien adostasuna bilatuta garatzea neurketa berria.

 

"Euskal audientzia eta ikus-entzuleriaren neurketak: hurbilketa euskaldun baterako oinarriak" artikulua aurkeztu zenuen IkerGazte kongresuan Xabier Landabidea eta Koldo Diazekin batera; duela gutxi, hirurok, Errota Digitala sortu duzue: zer ikertzeko asmoz?

 

Aurreko galderan azaldu ditudan kezkak partekatzen genituen hirurok, eta 2015eko Euskal Hedabideen Urtekarirako proiektua aurkeztu genion Hekimen elkarteari. Sakoneko elkarrizketak egin genituen, euskaldunek hedabideak nola erabiltzen zituzten deskubritzeko. Batez ere interneteko erabileran zentratutako ikerketa izan zen, eta argi ikusi genuen audientzia-neurketak birpentsatu behar zirela errealitate berri hori islatzeko: bigarren pantailen erabilerari lotutako diskurtsoak, interakzio digitalak... Hausnarketa prozesu horrek beste askotara eraman gaitu, eta azkenean elkartea sortzeko erabakia hartu genuen gure eferbeszentzia bideratzeko. Hizkuntza gutxituen, komunikabideen eta identitatearen inguruko kezkak partekatzen ditugu, eta horietan guztietan espazio fisikoa gainditzen duten esperientzia sozial eta aldi berean teknologikoek nola eragiten duten interesatzen zaigu. Begiluze samarrak gara, eta orain transmedia narratiben inguruko esperimentu praktikoak planteatzen ari gara, kontzeptua bera malgua dela eta guztiz ulertzen ez dugula aitortzeko lotsarik gabe. Askotan, “ez dakit” erantzuteak galdera berriak egitera garamatza, eta jakinminaren bidea iruditzen zaigu politena. Eskuak zikintzera gatoz.

 

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea? Zer suposatzen du horrek?

 

Esango nuke ezegonkortasunarekin lotuta dagoela plano laboralean, eta horrek ere inplikazio emozionalak dauzka. Kongresuen eta aldizkarietako artikuluen inflazio garaiak bizi ditugu. Argitaratzeak puntuak ematen ditu lan egonkorragoa bilatzeko, eta ekoizpen zientifikoa, helburua baino, bitartekoa izaten da maiz. Pena ematen dit horrek sortzen duen lehia, baina logikoa ere bada hein handi batean. Zurrunbilo horretatik ahalik eta urrunen mantentzen saiatzen naiz. Osasun mentala zaintzen ikasi behar da ofizio honetan, eta ondo banatzen lana eta aisia.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari