Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Gorka Azkune: “Jakintza arlo ezberdinetako jendea elkartu eta ideiak partekatzea oso garrantzitsua da zientziaren aurrerakuntzan”
Erabiltzailearen akzioak

Gorka Azkune: “Jakintza arlo ezberdinetako jendea elkartu eta ideiak partekatzea oso garrantzitsua da zientziaren aurrerakuntzan”

2015/06/04 - Unibertsitatea.net
Gorka Azkune azpeitiarra elkarrizketatu dugu oraingoan, bera izan baitzen IkerGazte kongresuko Ingeniaritza eta Arkitektura alorrean saria eraman zuena. “Ezagutzan oinarritutako giza-jardueren eredu dinamiko eta pertsonalizatuak ikasten” izeneko ikerlana aurkeztu zuen Durangon, eta horren inguruan mintzatu gara berarekin.

Zertan datza egin duzun ikerketak? 

Gizakiok egunero egiten ditugun jardueretan zentratzen da, hots, kafe bat prestatzea, hortzak garbitzea, telebista ikustea eta abar. Teknologia gizakietara egokitzea nahi badugu, ezinbestekoa da makinek momentuoro gu zer egiten ari garen antzemateko gai izatea. Modu horretan, makinek beraien ekintzak egokituko lituzkete egiten ari garenaren arabera. Horretarako, makinek sentsoreak behar dituzte lehenik eta behin, beren ingurunetik informazioa ateratzeko. Sentsoreen informaziotik giza-jarduerak inferitzeko berriz, jardueren eredu konputazionalak behar dira, hau da, ordenagailu batek uler ditzakeen eta jarduera baten ezaugarri garrantzitsuenak biltzen dituzten eredu batzuk. Gure lanaren helburua da jarduera eredu horiek lortzea. 

Zertan lagunduko luke edota zein da egiten duen ekarpena? 

Ekarpenik garrantzitsuena lehendabizikoz ekintza pertsonalak ikasiz eredu pertsonalizatu eta dinamikoak lortzea da. Orain arte, modelatze teknikek ez zuten lortzen horrelakorik. Ekintzak ikasteko gai zirenean ezin zuten eredu orokorrik lortu (hau da, edozein pertsonentzako balio duten ereduak), eta eredu orokorrak edukiz gero, pertsona guztiek ekintza berak exekutatzen zituztela jarduera batentzat suposatzen zen. 

Lanak, ordea, baditu beste ekarpen batzuk ere: alde batetik, ebaluaketa metodologia berri bat definitu eta inplementatu da lan honetan; beste aldetik, ezagutza partziala erabiliz giza-jaduerak hautemateko algoritmo berriak ere sortu dira. Azken bi ekarpen horiek asko lagun dezakete giza-jardueren inguruko ikerketa errazterako orduan. 

Ikerketa lan hau egin eta gero ze asmo dituzu? 

Egin den lana eszenatoki mugatu batzuentzat egin da. Orain dugun helburua, lan hori bestelako eszenatoki batzuetara hedatzea da. Adibidez, oraingo ikasketa algoritmoak suposatzen du jarduerak bata bestearen atzetik exekutatzen direla, eta beraz, ez ditu jarduera konkurrenteak kontuan hartzen. Esaterako, janaria prestatzen ari garen bitartean ontziak garbitzen bagabiltz, bi jarduera konkurrente ditugu. Errealitatetik gertuago dauden eszenatoki horietara hedatu nahi dugu gure lana.

Zer suposatu du zuretzako IkerGazte kongresuan saria irabazteak? 

Poz handia izan da niretzat. Gure lana aurkeztu nuen saioan bertan maila handiko lanak eta aurkezpenak ikusi ahal izan nituen. Euskal Herrian, euskaraz ikertzen duten talde indartsuak daude gure arloetan lanean. Haien alboan saritua izatea ohore bat da niretzako. 

Ze ekarpen egingo du mota honetako kongresu batek ikerketari dagokionez? 

Nire ustez ekarpen nagusia arlo ezberdinetako ikerlariak elkartzea da. Jakina da zientzia oso espezializatua dagoela gaur egun. Baina jakina da baita ere jakintza arlo ezberdinetako jendea elkartu eta ideiak partekatzea oso garrantzitsua dela zientziaren aurrerakuntzan. IkerGazte bezalako kongresu batek gure egunerokotik pixka bat irten eta gure hizkuntza bera hitz egiten duten beste arlo oso ezberdinetako ikerlariekin batzeko aukera ematen digu. Jakintza arlo ezberdinetako ideiak norberaren arlora eramateko aukera sortzen da modu horretara, bide berriak irekitzeko aukerak sortuz.

Eta euskarari dagokionez? 

Zientzia kulturaren zati oso garrantzitsua da, hizkuntza den bezalaxe. Hemen egiten dugun zientzia euskaraz espresatzeak aberastasun handia sortzen du. Material zientifikoa euskaraz garatzeko aukera ematen du era honetako kongresu batek, eta horrek bere eragin positiboak izango ditu, hezkuntzan esaterako. Gainera, euskara zientziara egokitzen ere laguntzen digu, kontzeptu berriak itzultzeko beharra agerian jarriz. Erabiltzen ez den hizkuntza bat ez da berritzen eta hil egiten da. Euskara esparru guztietan erabili behar dugu bizirik mantendu nahi badugu. Eta noski, esparru horietako bat zientzia da. 

Zer da kongresuan bizi duzunetik gehien azpimarratuko zenukeena? 

Izan genuen giro aparta eta batez ere, jakintza arlo ezberdinetako ikerlariak elkarrekin batu izana. Azpimarratzekoa baita ere antolakuntzakoek egin zuten lana, horrelako kongresu bat martxan jartzea ez baita makala.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari