Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Giza ehun artifizialak hobetzeko urratsak
Erabiltzailearen akzioak

Giza ehun artifizialak hobetzeko urratsak

2016/01/29 - Unibertsitatea.net
UPV/EHUren eta Oxfordeko Unibertsitatearen arteko ikerketa baten emaitza da giza ehunen artifizialen hobekuntzarako estrategia berria.
Giza ehun artifizialak hobetzeko urratsak

Eneko Axpe, Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikerlaria. ARGAZKIA: Iker Ugalde

Giza ehun artifizialak hobetzeko estrategia berriaren ardatza honakoa da: zelulek ehunean behar dituzten oxigenoa eta nutrienteak garraiatzeko modua hobetzea lortu dute, hain zuzen. Britainia Handiko Royal Society elkartearen Journal of Materials Chemistry aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza honen berri zabaltzeko artikulua, eta aldizkariaren editoreek 2015eko adierazgarrienetakoen artean hautatu dute lana.

Ehunen ingeniaritza diziplina askotariko zientzia da (medikuntza, biologia, materialen zientzia eta nanoteknologia uztartzen ditu, besteak beste), eta bere egitekoa da, esaterako, ehun edo organo hondatuak kendu eta neurrira egindako beste batzuekin ordezkatzea. Horrela, ehun artifizial berria sortu ahal izateko pertsonen zelula propioak eta nanoaldamioak erabiltzen dira. Bide horretan, zientzialarien erronka handienetako bat dela diote zelulek funtzionatzeko behar duten oxigenoa eta elikagaia "aldamioaren" bidez egoki garraiatzea.

Horregatik, UPV/EHUren eta Oxfordeko Unibertsitatearen arteko ikerketa batek estrategia berri bat asmatu du ehunen ingeniaritzan aldamio gisa erabiltzen diren materialetan arazo hori konpontzeko. Irtenbidea bilatzeko, aldamioak egiteko prozesuan, txitosan izeneko biopolimero natural bat erabili dute.

UPV/EHUko ikertzaile Eneko Axpek, Journal of Materials Chemistry aldizkarian argitaraturiko "Sub-nanoscale free volume and local elastic modulus of chitosan–carbon nanotube biomimetic nanocomposite scaffold-materials" artikuluaren egileak, honakoa dio: "Aldamioak ehun hondatua ordeztu behar den lekuan jartzen dira; adibidez, pazienteak hezur zati bat galdu badu, hezurraren propietateak imitatzen dituen aldamio batekin betetzen da zuloa. Aldamio horietan, zelulak modu naturalean hazten dira, hazkuntza faktoreek lagunduta batzuetan. Trabak daude, ordea, ehunetan zelula ugari baititugu: hain zuzen ere, gorputzean ditugun zelulen kopurua handiagoa da galaxian dauden izarrena baino (ehun gramo bakoitzeko, gutxi gorabehera, 1.000 milioi zelula). Ehunen ingeniaritzak beste zailtasun handi bat du, gainera: zelula guztiek arnasa hartu eta elikatu egin behar dute. Bestela, hil egiten dira, eta ez da ehun berririk sortzen".

Horrenbestez, oxigenoa eta nutrienteak hobeto garraiatzeko estrategia berri bat proposatzen du, bolumen librea aldatuta: "Bolumen librea molekulen artean dauden hutsune txikiak dira. Hau da: trenean zoazela, barruan jende gutxi badago, aise sartu eta ibili ahal zara; aldiz, puntako ordua bada eta bagoia beteta badago, zaila da aise sartzea eta ibiltzea. Bada, molekuletan berdin gertatzen da: zenbat eta handiagoa izan bolumen librea, orduan eta mugitzeko gaitasun handiagoa izango dute molekulek, esaterako, oxigenoak eta azukreak. Guk estrategia argia dugu: materialaren (txitosan polimeroaren) bolumen librea areagotzen badugu, hedatzeko gaitasuna ere handituko dugu, eta, horrela, zelulek beharrezko oxigenoa eta nutrienteak hartuko dituzte. Aldamioan bolumen librea aldatzeko, karbonozko nanohodiak gehitu dizkiogu txitosan matrizeari; hala, nahierara aldatu ahal izan dugu bolumen librea".

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari