Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Gipuzkoako herri batzuk erromatarren garaikoak izan daitezke ikerketa baten arabera

Dokumentuaren akzioak

Gipuzkoako herri batzuk erromatarren garaikoak izan daitezke ikerketa baten arabera

2017/11/13 - unibertsitatea.net
UPV/EHUko Ondare eta Kultura Paisaietako Ikerketa Taldeko ekipo bat arkeologiako proiektu bat garatzen ari da Gipuzkoan, oraingo herrien eta, bereziki, baserrien eta landako parrokien sorburuak ezagutzeko
Gipuzkoako herri batzuk erromatarren garaikoak izan daitezke ikerketa baten arabera

Argazkia: UPV/EHU

Aizarnan (Zestoako udalerria, Gipuzkoa) ari dira arkeologia lanetan UPV/EHUko Ondare eta Kultura Paisaietako Ikerketa taldekoak. Aurreneko proiektua da oraindik habitatuta dagoen herri bat arkeologiaren ikuspegitik aztertzen dutena. Josu Narbarte Hernández  Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako Zuzendaritzako bekadunaren doktorego tesiaren barruan sartzen da ikerlana, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu du diruz.

Geoarkeologia, prospekzioa, indusketa, ahozko eta idatzizko iturrien azterketa eta toponimia uztartzen dituen metodologia berritzaile baten bitartez, soro landuak, gune habitatuak, baso eremuak eta, azken batean, herri tradizionalen osagai guztiak aztertzen ari dira. Narbarteren esanetan, "aurreneko emaitzak ikusita litekeena da Gipuzkoako herri batzuen sorburuak erromatar garaikoak izatea. Hala, agerian geratzen da gaur egungo landako paisaiek garrantzizko balio arkeologikoa dutela, orain arte behar bezala balioztatu eta aintzat hartu ez dena".

Datuen arabera Aizarnako lehenengo etxe okupazioa K.a. I. eta K.o. I. mendeen artekoa da, garai hartan datatutako egitura baten aztarnak aurkitu baitira bertako parroki-elizaren inguruan. "Oraindik Goi Erdi Aroaren inguruko berri gutxi baditugu ere, jakin badakigu garai hartan oraindik erabiltzen jarraitzen zutela, eta Gipuzkoa osoko Goi Erdi Aroko lehenengo soro landua aurkitu da bertan" dio Narbartek. Hala ere, Behe Erdi Aroan erabat aldatu zen dena, baserri ugari eraiki baitziren inguruan, gaur egun bertan dirautenak, neurri handi batean.

Proiektuaren lehengo emaitzak oso onak dira ikerketa taldearen esanetan, bidea irekitzen dutelako gure lurraldearen eremuan gutxi aztertu izan diren hainbat problematika historiko eta arkeologikori heltzeko. Beraien esanetan, gure oraingo herrien zabaltasun diakronikoa erronka bat da herri horiek aztertzerakoan, gaur egun habitatuta dauden testuinguruetan egin behar delako eskuhartze arkeologikoa, eta horrek zaildu egiten du ohiko metodologien erabilera.

Bestalde, halako ikerketa proiektu bat oraindik okupatuta dauden herrietan garatzeak tokiko biztanleekin elkarrekintza eraginkor baterako ateak irekitzen ditu. Ikerketa taldeko kideen esanetan, "Horrek pizgarri izan behar luke proiektu berriak aurrera eramateko ondarearen ikuspegitik; gure ingurunearen balioa nabarmentzea helburutzat hartuta, gure paisaiek gordetzen dituzten istorio konplexuen garrantzia azpimarratzean eta beren garapen iraunkorrerako tresnak sortzean".