Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Gerra galdu zutenen" memoria berreskuratzeko ikerketa-proiektua

Dokumentuaren akzioak

"Gerra galdu zutenen" memoria berreskuratzeko ikerketa-proiektua

2016/03/11 - Unibertsitatea.net
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Azpeitiko Udalak, elkarlanean, bi liburu aurkeztu dituzte; hain zuzen, 1936 eta 1945 bitartean jazotako gertaerak biltzeko.
"Gerra galdu zutenen" memoria berreskuratzeko ikerketa-proiektua

ARGAZKIA: Uztarria.eus

Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Azpeitiko Udalaren ikerketak 1936 eta 1945 urteen bitartean jazotako gertaeren “memoria berreskuratzea” izan du helburu eta emaitza bi zatitan banatutako liburua izan da.

Liburua bikotza da: Azpeitia 1936-1945: Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa alde batetik, eta, bestalde, Azpeitia 1936-1945: Memoriaren izenak lana.

Horietan, besteak beste, honako datuak bildu dituzte: 1.000 pertsona inguruk alde egin behar izan zuten Azpeititik -163 herritarrek auzitegi militar frankisten gerra-kontseiluen ondorioz-, ehundako azpeitiar beren etxeetatik urrun zeuden kartzeletara eraman zituzten, 77 bizilagun beren lanpostuetatik “baztertu” zituzten, 35ek zigor ekonomikoak edota beren ondasunen konfiskatzeak jasan zituzten edota dozenaka emakume azpeitiar desterratu zituzten eta irainak eta tratu txarrak jaso zituzten. Ikerketa lanari esker, borrokan, gutxienez 280 gudari eta miliziano aritu zirela jakin dute, eta horietatik behintzat 22 gudan hil zirela.

Datorren larunbatean, martxoaren 19an, aurkeztuko dituzte liburuak Sanagustin kulturgunean, eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Liburua doan azpeitiarrei

Udalak jakitera eman duenez, datozen egunotan herriko etxe guztietan jasoko dute liburuaren aurkezpenera gerturatzeko gonbitea. Egun horretan bertan, txartelak erakutsita, herritarrek doan eskuratuko dituzte liburuak. 1.000 ale argitaratu dituzte eta guztiak agortu arte egingo dute banaketa; Udaletik adierazi dutenez, "gure betebeharra delako liburu horiek banatzea. Egia jakiteko eskubidea dugu, eta modu honetan hala izatea bermatuko dugu”.