Dokumentuaren akzioak
Geneak nahieran aldatzea etorkizuneko botika izango ote den eztabaidagai
Koldo Garciak, UPV/EHUko eta Biocruceseko ikertzaile zein biologo konputazionalak, eskainiko du "Geneak nahieran aldatzea, etorkizuneko botika?" hitzaldia bihar, martxoaren 9an, arratsaldeko 19:00etan Azkuna Zentroko Bastida aretoan.
Hitzaldiaren abiapuntua honakoa izango da: posible al da gure geneak komeni zaigun bezala eraldatzea? Izan ere, iazko zientzia-albiste garrantzitsuenetako batek -CRISPR teknikak, hain zuzen-, DNA sekuentzia bat berridazteko aukera eskaini digu. Beraz, gene bat berridazteko gaitasuna daukagu egun teknika horri esker. Zertarako? Gene bat aldatzeko, itzaltzeko edota bere akatsak konpontzeko. Baina, berau, behin-betiko lanabes genetikoa izango ote da? Edo, agindutakoa beteko ez duen teknika berria? Gogoeta horiek hartuko dira hizpide hitzaldian.
Zientziateka hitzaldi-zikloaren barnean eskainiko den hitzaldiko sarrera doakoa da; hala ere, gonbidapenak eskatu behar dira Azkuna Zentroko informazio-gunean bertan.