Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Euskal gazteen erdiak uste du ez duela ikasitakoarekin lotutako lanik aurkituko

Dokumentuaren akzioak

Euskal gazteen erdiak uste du ez duela ikasitakoarekin lotutako lanik aurkituko

2014/02/18 - Unibertsitatea.net
Lanpostua duten gazteen hamarretik lauk enplegua galtzeko arriskua ikusten du, Gazteen Euskal Behatokiaren arabera; eta ia erdien iritziz, ezingo dute emantzipatu.
Euskal gazteen erdiak uste du ez duela ikasitakoarekin lotutako lanik aurkituko

Irudia: Gazte Aukera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen erdiak beltz ikusten du etorkizuna bai profesionalki, bai sozioekonomikoki ere. Izan ere, Gazteen Euskal Behatokiak eta Prospekzio Soziologikoen Kabinetean kaleratutako 'Aurrera Begira 2013. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak' txostenaren arabera, ez du itxaropenik haien ikasketekin zerikusia duen lanpostu bat lortzeko. 15 eta 29 urteko 1.500 inkesta telefonikoren ondorio dira datuok.

Hori gutxi ez, eta lana duten gazteen % 40k lanpostua galtzeko arriskua ikusten du. Enplegurik ez duen % 54, aldiz, itxaropentsu da urtebeteren buruan lanposturen bat izateko. Baina beste % 47k uste du atzerrira alde egin beharko duela ikasitakoarekin lotutako enpleguren bat lortzeko.

Hori horrela, gazteen kasik erdiak —hain justu, % 45ek— ez du ikusten bere burua gurasoen etxetik kanpo, ezinezkoa deritzo emantzipatzea; haien iritziz, gurasoen etxetik irtenez gero, argi dutelako ekonomikoki bizitza aurrera ateratzeko gai ez direla izango, eta gurasoen babesera itzuli beharko dutelako.

 

Datuak datu, % 65en aburuz, hemendik bost urtera egoera sozioekonomikoa aldatu egingo da, eta hori dela eta, baikor da.

 

(Iturria: Gazte Aukera)