Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Gazte solidarioak: graduondoko ikasketak, alokairu merkea eta gizarte-lana
Erabiltzailearen akzioak

Gazte solidarioak: graduondoko ikasketak, alokairu merkea eta gizarte-lana

2016/04/05 - Unibertsitatea.net
UPV/EHUko graduondoko 45 ikasle ari dira gizarte-lanaren truke alokairu merkea eskaintzen duen Bilboko Udal Etxebizitzak proiektuan parte hartzen.
Gazte solidarioak: graduondoko ikasketak, alokairu merkea eta gizarte-lana

Oihane Pildain eta Pablo Dominguez. ARGAZKIA: UPV/EHU

UPV/EHUko graduondoko ikasleek alokairu merkea eskura dezakete gizarte-lanaren truke, hain zuzen, Bizkaiko hiriburuko udalarekin batera abiatutako Bilboko Udal Etxebizitzak programaren baitan. Egitasmoaren seigarren edizio honetan, parte-hartzaileek Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoetan egiten dute bai euren eguneroko bizimodua, baita beraien ekarpena ere.

2015-2016 ikasturtean eskainitako 18 etxebizitzetatik 9 Otxarkoagan daude, eta 18 gazte daude bertan partekatutako alokairuan. Gainerako 9 etxebizitzak, aldiz, Bilbo Zaharreko Mariaren Bihotza plazan eta Gorte kalean daude. Ikasleek, 55 euroko prezio sinbolikoaz gain, argia eta uraren gastuak elkarbanatzen dituzte. Halaber, alokairu hauetako bat eskuratu ahal izateko, 35 urte baino gazteagoa izan behar da, eta graduondoko ikaslea. Gainera, xedea integrazioaren bidez hiri-kultura sustatzea da; horregatik, ikasleek, gutxienez, astero lau ordu eman behar dituzte gizarte lanak egiten.

Bi esperientzia

Programaren seigarren edizioan 45 ikasle ari dira aurten; horietako bi dira Oihane Pildain eta Pablo Dominguez.

Oihane Pildain Arrasatekoa (Gipuzkoa) da, gizarte-lanean titulatua eta, gaur egun, UPV/EHUko Hegoa Institutuak ematen duen Globalizazioa eta Garapena Masterreko ikaslea. Cáritasek abian dituen egitasmo bitan ari da parte hartzen: Txikileku eta Txaloka. "Txikileku, 0-tik 3 urtera arteko haurrentzako haurtzaindegi baten antzekoa da. Goizez egiten da, amak prestakuntza ikastaroetara doazenean. Eta Txaloka, D ereduan, euskaraz, ikasten duten 10 eta 14 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta eskolako eta eguneroko betebeharrak burutzeko laguntza eskaintzen zaie bertan. Baina guretzako ez da ordain bat; oso gustura egiten dugun lana da, auzoan barneratzea eta beraien bizimoduarekin bat egitea ahalbidetzen digulako", ziurtatzen du Oihanek.

Pablo Domínguez, berriz, Sevillakoa (Andaluzia) da, soziologia eta politika-zientziak ikasi ditu, eta orain Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan Unibertsitate Masterra ari da ikasten Leioan. Bere esku-hartze soziala Txurdinaga-Artabe BHI ikastetxean egiten du, eskola-porrot indize handia duen zentro batean. "Ikaskuntza-komunitate batean parte hartzen dut, 16 urte inguruko gazteekin. Talde-lana, elkarbizitza, hausnarketa eta abar sustatzen ditugu. Esate baterako, gaurkotasuneko gaiak proposatzen ditugu talde murritzetan, eztabaida literarioak egiten ditugu… Oso interesgarria da. Urte bi daramatza jada ikastetxeak ekimen honekin, eta emaitzak oso positiboak dira". Gainera, honakoa dio esperientziaz: "Auzokideen aldetik jaso dugun harrera itzela izan da. Bistan da, gu baino lehen beste ikasle batzuk izan direla egitasmo honetan eta arrasto positiboa utzi dutela".

2016-2017 ikasturtera begira

Gazte Solidarioentzako Bilboko Udal Etxebizitzak programak jarraipena izango du datorren ikasturtean ere. Eskariak aurkezteko epea uztailaren erdi aldean irekiko da, eta informazio guztia Bizkaiko Campuseko webgunean (http://www.ehu.eus/bizkaia) izango da eskuragarri.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari