Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Garazi Arrula Ruiz: “Ikergazte egiten gabiltzan horrek balioa baduela geure buruari berresteko tresna da”

Dokumentuaren akzioak

Garazi Arrula Ruiz: “Ikergazte egiten gabiltzan horrek balioa baduela geure buruari berresteko tresna da”

2017/05/10 - unibertsitatea.net
“«Erdaraz, mesedez»: Auto-itzulpen literarioa Euskal Herrian, ikuspegi orokor bat” izeneko aurkezpena egingo du Garazi Arrula Ruiz (Tafalla, 1987) itzultzaileak kongresuan. “Irakasle-eskolan hasi nintzen, atzerriko hizkuntzako espezializazioan; bukatzean, urte erdia pasatu nuen Belfasten, eta Itzulpengintza eta Interpretazio lizentziaren bigarren zikloan sartu nintzen gero. Aritz Irurtzun irakasleak ikerketaren harra esnarazi, eta Hizkuntzalaritza masterra egin nuen, nire arlotik pittin bat aldenduz; azkenik, doktoregoari ekin nion Ibon Uribarriren zuzendaritzapean. Asmoa da 2018ko udaberrian aurkeztea”.

Komunikazioa aurkezteaz gain, batzorde dinamizatzaileko kidea ere bazara. Zergatik da hain garrantzitsua IkerGazte?
Kosta zait konturatzea, mesfidantzaz begiratu izan baitiot beti akademiari. Nolanahi den, ohartu naiz badela jendea unibertsitatean gauzak hobetu nahian, bai irakaskuntzan bai ikerketan urratsak egiten ari dena, muga hertsi batzuen barruko jardun-espazioa malgutu asmoz. Zaila da, ordea, jende horrek modu antolatuan eragitea. IkerGazte garrantzitsua da zentzu horretan, euskal ikertzaileen komunitatea elkartzen duelako, euskara nazioarteko hizkuntza izan daitekeela erakutsiz; eta hala izan dadin lan egiten duelako eta ikerketari balioa ematen diolako, baita dibulgazioari ere. Neuretzat, egiten gabiltzan horrek balioa baduela gure buruari berresteko tresna bat da.

Nafar legez, Iruñean egiteak zer suposatzen du?
Aldaketaren beste adierazle bat da, halakorik nekez proposa baitzitekeen aurreko legealdian. Aunitz dago egiteko euskararen arloan Nafarroan, badakigu, zonifikazioa bertan behera uztetik hasita. Bestalde, baldintza praktikoak egonda, logikoa ere bada Euskal Herriko hiriburuan egitea.

Eta IkerGaztea izatea zer da zuretzako?
Erraz esanda, akademian euskararen presentzia urria da, ez du punturik ematen eta hori drama bat da meritokraziaren erreinuan; argi, bigarren mailako hizkuntza da. Eta UPV/EHUk ez du aunitz laguntzen, egia esan, egoera hori aldatzen. Ez gara negarrez hasiko, ordea, eta norberak ikusiko du zerekin dagoen eroso eta zerekin ez. IkerGazte beharrezko txutea izanen bada ere, gero nork bere eguneroko zingiran murgildu, eta hor eragin beharko du.

«Erdaraz, mesedez»: Autoitzulpen literarioa Euskal Herrian, ikuspegi orokor bat da zure aurkezpenaren izenburua. Zerk eraman zaitu auto-itzulpenean sakontzera? Non jarri duzu fokua?
Jardun zabaldua zela banekien; nahiz eta euskal itzulpengintzan gertatzen denez, apenas ikertu den; gutxi-asko, Elizabete Manterola eta Manu Lopez Gaseni aritu ziren horretan ni baino lehenago. Interesatzen zitzaidan gure testuinguru diglosikoan nola heltzen zaion auto-itzulpenari, non kokatzen den autorea halakoetan, nori mintzatzen zaion, nola aurkezten den itzulitako obra hori, nola jokatzen duten botere-harremanek; betiere ikuspegi deskriptibo batetik. Horrela, batetik, auto-itzulpen jarduna teorikoki aztertu dut, identitate kontuak barne; ez soilik literaturan, egunero egiten dugun buru-ariketa baita. Bestetik, praktikari erreparatu diot, eta, horretarako, helduentzako prosazko literaturan oinarritu naiz. IkerGazten, ordea, zertzelada teoriko batzuk eta euskaratik auto-itzulitako literaturaren katalogoa baizik ez dut aurkeztuko.

Zergatik jotzen dute euskal idazleek auto-itzulpenera?
Esan behar da auto-itzultzea beti dela hautu bat, hautu oro bezala, baldintzatua izan arren; hots, hainbat arrazoi daude, eta ez da zuri ala beltz. Barne-motibazioa eta kanpo-motibazioa dei genitzakeenak daude: barnekotzat jotzen dut, esate baterako, publiko zabalago batengana iristeko edo norberaren lana lantzen segitzeko nahia; hizkuntza hegemoniko batean oraingoan. Kanpo-motibaziotzat har daitezke, berriz, literatur sistemaren nolakotasunari loturiko arrazoiak; hala nola, argitaletxeei errentagarriagoa egitea –ez baitute itzulpena ordaindu behar–, eta itzulpenaren prestigioa txikia izatea.

Aipatu nahiko nuke, maiz ahanzten baitzaigu eta berdin aintzat hartzekoa baita, badirela beren obra ez itzultzea erabakitzen duten autoreak. Beren arrazoiak ere askotarikoak izaten dira; kasurako, Anjel Lertxundik arrazoi estilistikoak aipatu ditu maiz, eta Joxe Azurmendik euskarazko munduari esklusiboki zuzentzeko nahia azaldu izan du.

Auto-itzulpena denean itzulpena da?

Nik baietz defendatzen dut tesian. Autore batzuek argi dute beren auto-itzulpenak bertsioak direla (hala dio Iban Zalduak, esaterako), eta beste batzuek iradoki egiten dute; hots, esaten dute (Karmele Jaio eta Marikita Tanburin ditut buruan) emaitza ez dela hainbeste “itzulpen”, gehiago dela “berridazketa” edo “adaptazio” bat. Gauza bera egiten dute argitaletxe eta kazetariek. Autorea ez den besteren batek itzultzean ere, halako terminoak erabiltzen dira maiz, bereziki idazlearekin lankidetzan egina bada. Esanen nuke, eta hau da ikerlanaren ondorioetako bat, eskema estu eta mugagarri bat dagoela kontzepzio horren atzean. Horrek sortuko luke euskarazkoari hertsiki jarraitzen ez dion hori bestela izendatzeko bultzada; arrazoi gehiago egon daitezkeen arren (itzulpenak izan dezakeen konnotazio negatiboa eta arrazoi komertzialak, kasurako).

Zorionez eta zoritxarrez, espazio ttikia da gurea, eta gogotik mintzatu dira autoreak auto-itzulpen jardunaz; lekukotzak eta iritziak ez dira falta. Tentuz hartu behar dira, ordea. Gauza bat da autoreek beren lanaz diotena, eta beste bat da testuetan ikusten dena.

Zein ondorio nagusi atera dituzu orain arte egindako ikerketatik?
Aurreko erantzunean esandakoaren harira, itzulpenaren oso adiera mugatua dugu, kodez aldatzearekin moldaketak jasaten dituzten testuei “itzulpen” deitzeari muzin egiten baitzaio. Kausa-ondorioen beste ordena bat aldarrika dezakegu: egileak ez du itzulpen berritzailea egiten egilea delako (eta horretarako “zilegitasuna” duelako), baizik eta itzulpen berritzailea egiten duelako da egile. Hots, itzultzailea autorea izan edo beste norbait izan, itzulpenean modu ez hain literal batean jokatuz gero, sortzaile izaera nabarmendu egiten da (emaitzaren itzulpen izaerari uko egin gabe). Bestela, itzultzailea ez da sekula sortzailetzat hartuko, eta itzulpenak ez du “kopiaren” morrontza sekula kenduko (kopia konnotazio negatiboekin ulertuta). Bestalde, katalogoari begiratuta, hainbat datu esanguratsu aipa badaitezke ere (artikuluan eman ditut horiek), nabarmentzekoa da frantsesera auto-itzulitako euskarazko testuak edizio elebidunean ateratzen direla, aldi berean; euskarazkoak, bizitzeko, hasieratik frantsesezkoa lagun beharko balu bezala. Kezkagarria iruditzen zait hori, ez soilik euskararen normalizazio prozesuari ez diolako laguntzen, baita literatur sistema bera ahultzen eta, tamalez, Hego EHren zein Frantziaren mendeko(ago) egiten duelako ere. Bukatzeko, azken boladan corpusaren azterketa mikrotestuala egiten nabilenez, aipatuko nuke hainbat bidetik jotzen dutela euskal auto-itzultzaileek, eta ezin esan joera bakar eta homogeneo bat dagoenik. Ikusi dut hizkuntza-konbinazioak eta argitalpen-lekuak baldintzatzen dituztela zenbaitetan itzulpen-hautuak. Euskarazkoa eta (auto)itzulpena aldi berean merkaturatzeko hautuaz ere mintza gintezke, hipotesi modura esanen bainuke horrek euskarazko sorkuntza prozesua baldintzatzen duela. IkerGazte aunitz beharko genituzke guztia jasotzeko.