Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Game of Thrones" telesaileko unibertso bisualaz hitzaldia bihar

Dokumentuaren akzioak

"Game of Thrones" telesaileko unibertso bisualaz hitzaldia bihar

2017/03/15 - unibertsitatea.net
Christina Moore telesaileko arte zuzendaria gonbidatu dute horretarako. Hitzaldia ingelesez izango da, baina Interprest aplikazioaren bidez aldi bereko itzulpena izango da.

HBO kateko "Game of Thrones" telesail arrakastatsuko arte zuzendaria den Crhistina Moore izango da bihar 11:00etan UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan.  "Game of Thrones-en arte zuzendaritza" izenburupean telesailaren unibertso bisuala izango du mintzagai.

Moore Europa zein Afrikako filmazioetako arte zuzendaritzako arduraduna da eta Euskal Herrian izan zen orain gutxi azken denboraldiko kapituluak grabatzen. Arte zuzendari moduan ibilbide luzea du eta, besteak beste, Emmy saria jaso du.

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea sailak antolatu du eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte. Hitzaldia ingelesez izango da, baina aldibereko itzulpena izango da Interprest aplikazioaren bidez. Telefono mugikorrak kargatuta eta aurikularrak eramatea gomendatzen dute. Interprest, aldibereko interpretazio-sistema eramangarri eta librea da. Haririk gabeko teknologia baliatuz, mugikorretan oinarritutako komunikazio-sistema erabiltzen du. Interpretearen mugikorrak mikrofono txiki baten bidez audioa bidali eta entzuleak bere mugikorrean jasotzen du.


 



Etiketak: UPV-EHU