Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Galder Guenaga: "Jendarte zabalari ikusarazi behar zaio ikerlariok ez gaudela “burbuila” batean bakarturik, gizartetik at"

Dokumentuaren akzioak

Galder Guenaga: "Jendarte zabalari ikusarazi behar zaio ikerlariok ez gaudela “burbuila” batean bakarturik, gizartetik at"

2017/01/19 - unibertsitatea.net
Galder Guenaga Ekonomia eta Enpresa Fakultateko (UPV/EHU) irakasleak eta UEUkideak Koldo Mitxelena saria jaso berri du “Enpresak bertatik bertara bisitatzea: Turismoa eta kultura garatzeko aukera Goierrin eta Euskadin” tesiagatik. Goizalde Hernando irakaslearekin batera 2012ko abenduan Gerriko Ikerlan Beka irabazi zuen Guenagak eta lan hori da tesiaren ernamuina eta bizkarrezurra. Laster argitaratuko den lana.

Lehenengo eta behin zorionak, Koldo Mitxelena saria jaso berri duzu tesiagatik. Nola hartu duzu?
Poz-pozik eta atsegin handiz, jakina. Sari hori zein erakundek eta zergatik ematen duten kontuan izanik, niretzat biziki pozgarria eta ohoragarria ere bada. Eta zinez eskertzen diet EHUri eta Euskaltzaindiari nire lana aintzat hartu eta saritu izana. Duela urtebete tesia irakurri nuenean, sekulako pisutzarra kendu nuen lepo gainetik eta hura ere sari handia izan zen. Baina orain Koldo Mitxelena saria jasotzea lorpen aparta da niretzat. Eta etorkizunerako presio-iturri baina pizgarri ere bada

“Enpresak bertatik bertara bisitatzea: Turismoa eta kultura garatzeko aukera Goierrin eta Euskadin” izenburupean Turismo industrialaren alde egiten duzu.
Bai, hala da. Zehatzago esateko, turismo industrial biziaren alde egin dut. Turismo industrialak bere baitan bi sail edo atal ditu: batetik, ondare industrial “hila” bisitatzea edo turismo industrial “hila” (museo industrialak, meatze parkeak, aztarnategi industrialak…); eta, bestetik, martxan dauden enpresak bisitatzea edo turismo industrial “bizia”. Gure tesian bigarren sail edo atal horretan jarri dugu arreta ia osoa. Kontuak kontu, eta izenak izen, turismo industriala ―eta, bereziki, turismo industrial bizia― nahiko fenomeno ezezaguna da, oro har; gainera, oso oraintsu arte ez du ikertzaile zientifikoen interesik bereganatu izan. Hala ere, azken urteetan, inguruko zenbait lurraldetan aisia molde edo produktu turistiko-kultural gisa merkaturatzen ari da, eta tokiko garapen ekonomikorako baliabide bezala ustiatzen: hala da Erresuma Batuan, Alemanian, Italian, Portugalen eta, bereziki, Frantzian, baina baita Katalunian, Toledon, A Coruñan eta Cádizen ere, banaka batzuk aipatzearren. Euskal Herrian, berriz, ezta arrastorik ere. Zergatik ez, ordea? Begiratu batean, halako produktu edo eskaintza batek gurean potentzial handia izango lukeela dirudi.

Zein da bada argazkia?
Euskadiko errealitate industriala (enpresa ehuna, oro har) ezagututa, itxura guztien arabera gurean bada (lehen)gaia eta aukera turismo industrial “bizia” ustiatzeko. Sektorea edo jarduera edozein dela ere, enpresa esanguratsurik ez da falta; marka entzutetsurik ere ez; enpresak asko eta askotarikoak dira; tradizio industriala luzea eta zabala da; horrek tokian tokiko gizartean, kulturan, paisaian eta identitatean utzi duen arrastoa ikusgarri eta bizigarria da. Horrez gain, ikuspegi turistikotik begiratuta, kontuan hartzekoa da Euskadin azken urteetan turismo kulturala, gastronomikoa, enoturismoa, landa eta nekazaritza turismoa eta beste zenbait txoko edo “nitxo” berezi eta bereizgarri hartzen ari diren munta eta sona. Horiekin batera, turismo industrial “biziak” ere tarterik izango lukeela begitantzen zaigu. Goierriri dagokionez, beste horrenbeste esan genezake. Goierrik lurralde eta identitate sentimendu handi eta berezia du; tradizio industrial luze, zabal eta ezagun baten jabe da; enpresa eta marka ospetsurik ez zaio falta, ezta “a priori” bisitarientzat erakargarriak diruditen zenbait cluster edo espezializazio produktibo ere; hala nola elikagaien industria (gaztagintza, batez ere), ibilgailuen fabrikazioa (trenak, autobusak), egurraren industria, altzarien fabrikazioa, metalurgia eta produktu metalikoak, makineria eta beiragintza. Gainera, azken urteetan Goierri ere apustu sendoa egiten ari da turismo molde “alternatibo” edo berezi eta bereizgarrien alde.

Orokorrean turismoak mesfidantza sortzen digu, hala ere...
Bai, egia da. Tesian bertan adierazi dugun bezala, eremu ekonomikoari dagokionez, jendartearen ―eta, are, adituen― betidaniko ikuspegi itxi eta “industrialistak”, oraintsu arte, mesfidantzaz so egin izan dio turismoari, eta gutxietsi egin izan ditu turismoaren ekarpenak eta balioa. Turismoa sektore ezegonkortzat hartu izan da, ez sendo eta fidagarritzat; sarritan, eraikuntza edo higiezinen sektorearekin eta espekulazioarekin lotu eta gaitzetsi izan da; natur eta kultur baliabideak hutsaltzen dituela leporatu izan zaio, etab. Are gehiago, badirudi herritar xumeok, oro har, turismoa “anekdotatzat” edo “luxutzat” hartuz alboratzen dugula, eta, ezbairik gabe, turistei erreparatzen diegunean gure begirada lausotu egiten du argazki makina lepotik zintzilik dutela gora begira dabiltzan japoniarrei buruzko estereotipo faltsuak. Ez gara jakitun, inondik ere, gu geu ere turista (edo bisitari, bidaiari, txangolari…) garela; turismo mota hedatuena eta jendetsuena tokian tokikoa edo hurbilekoa dela, ez nazioartekoa; gu geu emaile eta hartzaile garela aldi berean, bisitari eta “anfitrioi”. Eta aurreko guztiarekin batera ―eta akaso denetan esanguratsu eta are larriena ere bada hau―, eremu akademiko-zientifikoak ere ez du interes eta arreta gunetzat hartu izan turismoa: nolabait mespretxatu egin izan du, azalekotzat edo arinkeriatzat zokoratuta, gurean bederen.

Eta enpresen kasuan?
Enpresek ere mugak eta errezeloak izaten dituzte ateak zabaldu eta bisitariei harrera egiteko (zer esanik ez, bisitariak turistak badira). Bisitek enpresaren eguneroko jarduna oztopa edo nahas dezaketelako; bisitek arriskuak eragin ditzaketelako (segurtasuna, higienea, industria espioitza…); bisitek lan karga gehigarria dakartelako; oro har, enpresek baliabide gutxi izaten dituztelako (pertsonak, denbora, finantzaketa) bisitak prestatu eta hartzeko, eta, jakina, instalazioak bisitarientzat egokitzeko; enpresa batzuek ez dutelako uste (eta ez dutelako balioesten) bisitagarriak eta interesgarriak direnik, eta bisita ez dutelako hartzen/ulertzen komunikazio, heziketa, marketin edota gizarte erantzukizunerako tresnatzat; enpresa batzuk ez direlako ohartzen bisitek dakartzaten onurez edo irabaziez, onura horiek zeharka eta epe erdi edo luzera etorri ohi baitira, eta maiz ukiezinak eta neurgaitzak izaten baitira.

Azken Txiotesian parte hartu zenuen. Garrantzitsua al da zuretzat ikertzaileen lana plazaratzea? Zer nolako esperientzia izan da?
Garrantzitsua ez, ezinbestekoa da ikertzaileen lana plazaratzea. Zertarako dihardugu ikerlanean bestela? Nola edo hala, bide batetik edo bestetik, zuzenean ez bada zeharka, eta euskarri edo bitarteko oro erabilita, gure lana, gure ekarpenak, gure emaitzak gizarteratu egin behar ditugu. Eta, era berean, gizartearen nahiak eta premiak ere geureganatu behar ditugu, eta ikergai bihurtu, zientziaratu. Harremanak norabide bikoa (edo, are, norabide anitzekoa) izan behar du, beraz.

Txiotesia dela eta, oso gustura hartu nuen parte, nahiz eta ni ez naizen sare sozialen oso zale. Dena dela, Txiotesian parte hartzea esperientzia aparta izan zen. Propio zabaldu nuen kontu bat Twitter-en eta lehiaketan parte hartzea erronka tekniko eta linguistikotzat hartu nuen. 6 mezu, 140 karaktere: tesia, sintesia eta sintaxia uztartu behar!!! Ariketa polita eta gustagarria izan zen.

Maiatzean IkerGazte kongresua izango da Iruñean. Era horretako ekimenak beharrezkoak direla uste duzu?
Bai, noski. Horrelako ekimenak beharrezkoak dira bai ikertzaileok zuzenean eta aurrez aurre elkar ezagutzeko eta elkarren berri izateko (esperientziak partekatzeko, ideia berriak ernarazteko, jakintza-alorren arteko mugak desegiteko, etorkizuneko ikerketa-ildo bateratuak taxutzeko, etab.), baita komunitate zientifiko euskalduna gizartearen aurrean ikusarazteko ere. Bigarren horri bereziki garrantzitsu deritzot: jendarte zabalak jakin egin behar du ikertzaileok, izan, bagarela, eta bagabiltzala, badihardugula (eta, noski, jakin egin behar du zertan gabiltzan, zertan dihardugun). Jendarte zabalari ikusarazi behar zaio ikertzaileok ez gaudela “burbuila” batean bakarturik, gizartetik at. Aitzitik, gizarteari zerbitzu ematen, gizartearen mesedetan ari garela (hala izan beharko luke, behintzat).

Zer suposatzen du zuretzat ikertzaile gaztea izateak?
Gazte-gaztea ez naiz, baina tira! (kar-kar). Ikertzaile izatea, azken batean, ikusminari eta jakin-minari bide ematea da. Eta bide horretan, ikastea eta gozatzea (eta, ahal bada, ikasaraztea eta gozaraztea).

txiotesia,elkarrizketa