Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Euspot" euskarazko spot lehiaketa abian

Dokumentuaren akzioak

"Euspot" euskarazko spot lehiaketa abian

2016/02/29 - Unibertsitatea.net
Sari nagusia 1.000 eurokoa izango da eta Mondragon Unibertsitatearen ekimen honetan parte hartzeko, nahi duen orok, 20-30 segundu arteko spot bat sortu beharko du.

Euspot lehiaketaren 5. edizioa izango da aurtengoa. Euskarazko spot laburrak sortu behar dira bertan parte hartzeko, hain zuzen, 20-30 segundu bitartekoak. Sari nagusia 1.000 eurokoa izango da eta lanak apirilaren 28ra arte aurkez daitezke.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin batera, antolatzaile lanetan honakoak ere badabiltza: Aretxabaletako Udala eta Arteman Komunikazioa. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta AudioNetwork etxeak ere babesten dute lehiaketa.

Gaia: turismoa erakarri Gipuzkoa barnealdera

Antolatzaileen hitzetan, "Gipuzkoa barnealdeko bailarek sekulako aukera turistikoak eskaintzen dituzte, kostaldekoek beste". Horren haritik, lehiaketarako sortutako iragarkiak barnealdeak turismorako eskaintzen dituen aukerak nabarmendu beharko ditu, bai eta paisaia-multzoak zein kultura egitasmoak.

Era berean, turismoaren arloan, Gipuzkoan lurralde oreka sustatzea da zeharkako helburua. Iragarkiaren publiko objektiboa Euskal Herriko gainerako lurraldeetako biztanleak izango dira, alegia, Euskal Herriko barne kontsumora bideratutako iragarkia izan beharko da. Spotak fokoa jarri beharko du barneko turismoak eskaini ditzakeen esperientziatan. Hortaz, ardatz izan daitezke pertsonak, ohiturak (jaiak, folklorea…), paisaia-multzoak (bailara bat herri bat, txoko bat…)…

Lanak aurkezteko epea

Lanak apirilaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dira www.euspot.eus webgunean eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 12an egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan. Iaz Kike Amonarrizek hitzaldia eskaini zuen sari banaketa ekitaldian eta aurten ere ez dira sorpresak faltako.

Sariak:

Guztira Euspot Lehiaketak, aurten ere, 2.250 euro banatuko ditu sarietan.

  1. Spotik onena: 1.000 euro
  2. Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena: 500 euro
  3. Publikoaren saria: 500 euro
  4. Gazteen saria (14-18 urte): 250 euro