Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Eusko Ikaskuntzako Gazte Departamentua 18 eta 30 urte bitarteko gazteen bila dabil

Dokumentuaren akzioak

Eusko Ikaskuntzako Gazte Departamentua 18 eta 30 urte bitarteko gazteen bila dabil

2012/05/10 - unibertsitatea.net
Eusko Ikaskuntzako Gazte Departamentua 18 eta 30 urte bitarteko gazteen bila dabil 2012-13 ikasturterako, Datorkigunea ekimenean parte har dezaten. Maiatzaren 31a baino lehen izena eman behar dute.

18 eta 30 urte bitarteko gazteen bila dabil Eusko Ikaskuntzako Gazte Departamentua 2012-13 ikasturterako, Datorkigunea ekimenean parte har dezaten. Hitz hauek erabili ditu Eusko Ikaskuntzak deialdia irekitzeko: "Zalantzaz betetako etorkizun bati ezinbestean aurre egin behar diozuen guztiekin eta guztientzat elkarrekin topo egiteko gune bat sortu dugu, etorkizun hori prestatzen joateko asmoz. Ei Gazte!-k sare sozial, fisiko eta birtuala sortu du, zazpi lurraldeetako gazteak eta askotariko diziplinak batuz, gaur egungo gizartearen erronkei buruzko eztabaida pizteko eta aztertzen ditugun problematikei erantzuteko ekintzak definitzeko".

Guztira, 40 gazte behar dituzte. Euskaraz hitz egiteko, irakurtzeko eta idazteko gaitasuna dutenak eta urtebetez Datorkiguneako partaide izateko konpromisoa hartu nahi dutenak. Tratatu beharreko gai zehatzean adituekin egingo diren bileretan aktiboki parte hartzera prest dauden gazteak bilatzen dira. Aukerak, jarduera planak eta etorkizunerako sortu litezkeen lan ildoak planteatzeko gaitasuna eta konpromisoa dutenak.

Euskal Herriko txoko desberdinetatik aukeratutako gazteak zazpi probintzietako batean bilduko lirateke hilean behin, eta aurretik egindako lanetan oinarrituz, eta Eusko Ikaskuntzak prestatuko gidoi bat jarraituz, planteatutako arazoen inguruan diagnosi bat definitzea eta proposamenak edota lan ildo posibleak aurkeztea helburu izango lukete.