Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Euskal Zuzenbide Zibil Konparatuari Buruzko Azterketak" argitaratu ditu Iura Vasconiae Fundazioak

Dokumentuaren akzioak

"Euskal Zuzenbide Zibil Konparatuari Buruzko Azterketak" argitaratu ditu Iura Vasconiae Fundazioak

2017/11/03 - unibertsitatea.net
Euskaraz egindako lan honetan, EAEko eta Nafarroako Foru Erkidegoaren lege zibilen arteko alderaketa egiten da. Bildumaren helburu nagusia da Euskal Herriko lurralde biren erakunde zibilen bilakaera historikoari eta egungo egoerari erreparatzea. Udako Euskal Unibertsitatearekin duten lankidetzaren ondorio ere bada
"Euskal Zuzenbide Zibil Konparatuari Buruzko Azterketak" argitaratu ditu Iura Vasconiae Fundazioak

2016ko Iruñeko ikastaroa

Iura Vasconiae Fundazioak "Euskal Zuzenbide Zibil Konparatuari Buruzko Azterketak » liburua argitaratu berri du. Gaur goizean aurkeztu dute liburua Iruñean eta bertan izan dira Fundazioaren zuzendaria, Roldan Jimeno Aranguren ; liburuaren koordinatzailea, Itziar Alkorta ; UEUko ordezkaria, Mikel Karrera; eta Arantxa Izurdiaga, Foru Berria eguneratzeko Legebiltzarreko Ponentziaren presidentea.

Euskaraz egindako lan honetan, EAEko eta Nafarroako Foru Komunitatearen lege zibilen arteko alderaketa egiten da. Erakunde juridiko garrantzitsuenak, dela ezkontza eta bikotekideen arteko harremanak, oinordetza eta testamentua, oinordetza eta abar aztertzen dira lege-iturri bakoitzak ematen dion ikuspegitik. Bildumaren helburu nagusia da Euskal Herriko lurralde biren erakunde zibilen bilakaera historikoari eta egungo egoerari erreparatzea. Horretarako Euskal Zuzenbidean aditu diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko unibertsitateko irakasleen lanak jasotzen ditu ale honek, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko, 5/2015 Legearen aldarrikapena azaltzeko, EAEko Legebiltzarreko letratua ere bai.

Iura Vasconiae Fundazioaren Etxegarai bilduman jasotzen da alea, izan ere, Bonificio de Etxegarai izan baitzen, joan den mendeko 30eko hamarkadan, Euskal Zuzenbide Zibil Konparatuaren Institutua proposatu zuen legelari ospetsua. Asmo horri jarraiki, Iura Vasconiae Fundazioak Euskal Herriko lurraldeetako zuzenbide pribatu historiko eta garaikidearen inguruko monografiak bildu nahi ditu serie honetan, aurkezten den ale hau izanik, lehena.

Lehen ale hau Udako Euskal Unibertsitatearekin duten lankidetzaren ondorio ere badela aipatu dute. UEUren 2016ko Iruñeko Ikastaroetan Santi Goñi abokatuaren zuzendaritzapean egindako mintegian aurkeztutako lanak eta izandako eztabaidaren ondorioak jasotzen baitira bertan.

Bilduman jasotzen diren lanen artean, Gregorio Monrealek erakusten du bere lanean euskal foru-zuzenbide pribatuaren bilakaera, eta bilakaera horrek foru-zuzenbide publikoak ez bezala izan duen bazterketa. Itziar Alkortak, ikuspegi historikotik halaber, oraingo arauen aurrekari diren konpilazioen bilakaeraren berri ematen du. Roldan Jimeno Aranguren, NUPeko irakasleak bere lanean ezkontza eta izatezko bikoteen araudia du aztergai, eta Unai Belintxon NUPeko bere lankideak, auzotasun zibila eta legeen arteko gatazkak aztertzen ditu xehe. UPV/EHUtik, Mikel Karrerak jabetzaren eta eraentzaren arteko alderaketa egiten du bi lege-iturrietan, eta Leire Imazek oinordetzari buruzko araudia. Txemi Gorostiza abokatu eta Deustuko irakasleak EAEko Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko legearen iturri eta sorburu diren printzipioak aztertzen ditu. Eta azkenik, Josu Oses, EAEko Legebiltzarreko letratuak 2015eko legearen lanketa eta etorkizuneko erronkak aztertzen ditu legegintza-politika ikuspegi batetik.

Mikel Karrera, UEUko ordezkariak azpimarratu du UEUren helburuekin bat egiten duela Iura Vasconiaeren argitalpen honek. Batetik, euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea baita helburu. Unibertsitate-mailako ekarpenak euskararen bitartez egiten dira; “horren bidez ari gara lantzen eta zehazten terminologia zientifikoa, euskarak  itxiak izan dituen ateak ireki ostean, zientziaren jarioa modu naturalean eta normaltasunean ager dadin edonorentzat. Liburu hau ere hondar izpia da, sendoa ordea, zeregin luze horretan”. Bestetik, Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea du ardatz UEUk. “Zalantzarik ez da, egun gizarteak bizi duen informazio-zurrunbiloan, etengabe aldatzen doala ezagutzaren irismena eta, erakunde nahiz teknika berriak barneratzeko, lan kolektiboak direla, ezinbestean, bide aproposenak. Are gehiago kultura juridikoa garatzeko, izan ere, historiaren bilakaeraz, euskal lurralde bakoitzak bere sistema zibil propioa iraunarazi izanak eta, gerora, antolaketa autonomikoa eratorri izanak, aniztasuna kudeatzeko dinamika erabat moldatu eta elkarlanera gidatzen du; hau da, zuzenbideko eremu guztien aditua izatea aspalditik gertatzen ohi ez den bezala, euskal zuzenbide zibilak menderatzeko gaitasuna nekez gara dezake pertsona batek bakarrik eta, errealitateak jazartzen duen premiak eskatuta, elkarren artean egitura berriak eraikitzeko ahalegina eta gure kultura juridikoan arrotza ez den auzolana dira ibilbide emankorra antolatu eta taxutzeko tresna nagusiak.”

 

 

 

 

 

Etiketak: Zuzenbidea