Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Euskal saltokiak graffitizaleak bihurtu dira

Dokumentuaren akzioak

Euskal saltokiak graffitizaleak bihurtu dira

2012/06/05 - unibertsitatea.net
Iñigo Arrietak, Agustin Otegik eta Lander Subizak unibertsitaterako proiektua zena lanbide bihurtu dute. Zazpi saltokien pertsianak graffitiekin apaindu dituzte eta zenbakia gora doa.

Graffitiak kaleetako ormak estaltzeaz gain saltokien pertsianak apaintzeko aukera originala izan daiteke. Bartzelonan sortu zen saltokiak halakoekin apaintzeko joera, eta gutxika zabaltzen joan da. Hori ikusita hiru gaztek, saltokien eta tabernen pertsianak muralekin apaintzeko egitasmoa abian jarri dute. Iñigo Arrietak eta Agustin Otegik kudeatzen dute bezeroei dagokien lana, eta Lander Subiza graffitigileak egiten du gainontzekoa. Egitasmoa unibertsitate proiektu batean oinarritzen da. Arrietak eta Otegik Mondragon Unibertsitateko Lidergo ikertzaile eta berritzailea gradua egiten ari diren ikaskideekin batera Steps kooperatiba sortu zuten. Ondoren, biak kooperatibaren barruan eraman behar duten egitasmoaren barruan, graffitien munduan murgiltzea erabaki zuten. Erabaki honetatik sortu zen Lasteps egitasmoa. Arrietak eta Otegik Lander Subiza graffitigilearengana jo zuten, honek jantzia zegoelako kaleko margo-lanen munduan.

Hiru hilabete dira lanari ekin ziotela, eta jada, zazpi saltokien pertsianak apaindu dituzte eta zenbakia gora doa. Hori dela eta, zerbitzua zabaltzea pentsatzen ari dira: kaskoak, kotxeak, motxilak margotzea, pertsonalizatutako kamisetak… Oinarrian unibertsitaterako proiektu hutsa zena, orain aurrera eta hobera doan proiektuan bihurtu da. Dena den, ez dakite zenbat denboraz luzatuko duten ekimena. Ikasketak amaitzeko lau urte dituzte aurretik, eta beste egitasmo batzuk ere gauzatu nahi dituzte. Bien bitartean, muralak egiten jarraituko dute.