Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basea, UEUren ikasturte hasiera ekitaldian protagonista

Dokumentuaren akzioak

Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basea, UEUren ikasturte hasiera ekitaldian protagonista

2014/10/23 - Unibertsitatea.net
Ekitaldia Bilboko Alondegian izango da 12etan eta streaming bidez eskainiko da. Bertan, besteak beste, Karmele Artetxek "Euskarazko produkzio eta komunikazio zientifikoaren argi-ilunak” hitzaldia eskainiko du.

UEUk gaur ospatuko du 2014/2015 ikasturtearen hasiera ekitaldia Bilboko Alondegian.

Bertan ikasturte berrirako dituzten proiektuez hitz egingo dute, baina garrantzia berezia emango zaio euskal komunitate zientifikoaren bilgunea den Inguma datu-baseari.

Izan ere, Ingumak, 14 urteko ibilbidea bete du. Goi-mailako euskarazko produkzioa eta egile euskaldunak ezagutarazteko helburua duen proiektua da eta egun, 1960. urtetik gaur arteko 8.839 egile euskaldunen lanak sailkatuak ditu. Guztira, 36.400 erreferentzia.

Ildo honetatik, euskarazko produkzio zientifikoa oinarri hartuta Karmele Artetxe Historian doktoreak, ikertzaileak eta EHUko irakasleak "Euskarazko produkzio eta komunikazio zientifikoaren argi-ilunak” hitzaldia eskainiko du.

Ekitaldia 12etan izango da Bilboko Alondegiko Bastida Aretoan eta streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da: UEUren ikasturte hasiera ekitaldia.

Honez gain, @ueu_orokorra, @ingumakeriak eta @Uninet_ataria twitter kontuek ere ekitaldiaren jarraipena egingo dute (#UEU traola).

Azkenik, jakizue Ingumak, webguneaz gain, badituela sarean beste bi erreferentzia-gune: Unibertsitatea.net atariko Ingumak Laborategian bloga eta @Ingumakeriak twitter kontua.