Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Euskal Herriko hezkuntza hobetzeko gakoak, Hik Hasi-ren proposamena" mahai-ingurua Mondragon Unibertsitatean

Dokumentuaren akzioak

"Euskal Herriko hezkuntza hobetzeko gakoak, Hik Hasi-ren proposamena" mahai-ingurua Mondragon Unibertsitatean

2017/12/07 - unibertsitatea.net
Eskoriatzako campusean izango da ekitaldia abenduaren 14an eta antolatzaileek Euskal Herriko eremu desberdinetako unibertsitateko kideei eman nahi izan diete hitza. Sarrera librea da, baina aurretiaz eman behar da izena.

Abenduaren 14an, ostegunarekin, hezkuntza hobetzeko gakoen gaineko mahai-ingurua antolatu du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Euskal Herriko hezkuntza hobetzeko gakoak, Hik Hasi-ren proposamena izenpean, bildutako adituek eztabaidatuko dute Hik Hasi aldizkarikoek, urtebetez, hezkuntza arloko eragile desberdinekin batera sortutako proposamen-txostena. Ekitaldia 17:00etan hasiko da Eskoriatzako campuseko N.0.9 aretoan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan irakasle gisa aritzeko gaitzen duen Unibertsitate Masterreko irakasle taldeak antolatu du mahai-ingurua. Gaiaren gaineko ikuspegi desberdinetako ekarpenak bildu eta ikasleen ikaste prozesuak aberastea da beraien helburua. 

Argia Astekariko Mikel Garcia Idiakez izango da moderatzailea eta Xabier Sarasua (Hik Hasi aldizkaria), Nora Salbotx (NUP), Lore Erriondo (EHU), Ane Ablanedo (UPPA Baiona) eta Nerea Alzolak (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. Mondragon Unibertsitatea) parte hartuko dute.

Euskal Herriko eremu desberdinetako unibertsitateko kideei eman nahi izan diete hitza antolatzaileek. Izan ere, bilkuraren helburua Euskal Herrian hezkuntza hobetzeko erronka ikuspegi orokor batetik lantzea da eta Euskal Herri osoko unibertsitateko irakasle eta ikertzaileekin batera proposamenen gainean hausnartzea.

Sarrera librea da, baina aldez aurretik eman behar da izena. Horretarako hurrengo formularioa bete behar da. Abenduaren 12ra arte egongo da aukera horretarako.

Iturria: Mondragon Unibertsitatea