Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa abenduan

Dokumentuaren akzioak

Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa abenduan

2016/10/18 - unibertsitatea.net
Topaketa abenduaren 15ean eta 16an izango da Donostian eta Europako hizkuntza gutxituen egoera izango du aztergai; Europa mailako eragile, erakunde zein adituen eskutik. Abenduaren 17an, bestalde, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpen ekitaldia izango da Kursaalen.

Europar Batasunean 90 eskualde-hizkuntza edo hizkuntza gutxituagotu daude eta UNESCOren arabera, 30 hizkuntza inguru galtzeko arriskuan daude (Report on Endangered European languages and Linguistic Diversity in the European Union 2013). Europar Batasunean, 50 milioi inguruk, bertako biztanleen %10ak, eskualdeko hizkuntzak edo hizkuntza gutxiagotuak hitz egiten dituzte. Gaur egun, hizkuntza-komunitate eta pertsona horiek ez dituzte euren hizkuntza-eskubideak bermatuta.

Testuinguru horretan UNESCO Etxeak, Donostia 2016 Fundazioarekin elkarlanean, Europako Hizkuntza Aniztasunaren foroa antolatu du. Abenduaren 15ean eta 16an izango da eta "Europako hizkuntza gutxituen garapenean eragiten duten alderdiei buruz" hausnartu eta eztabaidatzea da asmoa. Horretarako Europako eragileak, erakundeak zein adituak bilduko dituzte; baita ikerketa eta kultur arloko erakunde edota gobernu-erakundeak ere. 

Foroaren helburuak hizkuntza-aniztasuna aldarrikatzea, Europako hizkuntza-komunitateen jasangarritasunari eta biziraupenari eragin dioten aldaketak aztertu eta ebaluatzea, Europako hizkuntza gutxituak zaintzeko eta sustatzeko ekimenak eta tresnak berrikustea edota  Nazioarteko elkarlana sustatu eta aldarrikatzea dira besteak beste.

Foroaren ondoren, abenduaren 17an, Donostia2016k eta Kontseiluak  Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpen ekitaldia egingo dute Kursaalen. Hizkuntza gutxiagotuen berreskurapenaren alde lan egiten duten Europako gizarte eragileek elkarrekin adostutako proposamenaren aurkezpena.