Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Europako Fisika Elkarteak Donostia International Physics Center saritu du

Dokumentuaren akzioak

Europako Fisika Elkarteak Donostia International Physics Center saritu du

2016/09/26 - unibertsitatea.net
Pedro Migel Etxenike buru duen fundazioa Materia Kondentsatuaren Fisikan eta Materialen Zientzian egindako ekarpen eta dibulgazio lanagatik saritu dute
Europako Fisika Elkarteak Donostia International Physics Center saritu du

DIPC

Europako Fisika Elkarteak(EPS) Donostia International Physics Center (DIPC) saritu du materia Kondentsatuaren Fisikan eta Materialen Zientzian egindako ekarpen “nabarmenagatik” eta antolatutako askotariko dibulgazio jarduera “arrakastatsuengatik”. DIPC berak laugarrenez antolatu duen eta bihar hastera doan Passion for Knowledge  jaialdiaren amaiera ekitaldian jasoko du aitorpena EPSko presidente Christophe Rosselen eskutik. 


DIPC 2000. urtean sortu zen. Materialen fisikako oinarrizko ikerketan jarduten du eta erreferente bihurtu da urte gutxian. Ikerketan bikaintasuna bilatzeaz gain, ezagutza zientifikoa gizarteratzeko erantzukizuna hartu du bere gain. Pedro Migel Etxenike zientzialaria da bertako presidentea eta aitorpen hori jasotzea ohorea dela esan du eta lanean aurrera egiteko adore handia ematen duela. Izan ere EPS Europako zientzia-elkarte garrantzitsuenetako bat da. Elkarteko kide dira, besteak beste, Europako 42 fisika-elkarte nazional, fisikaren arlo guztietako kideak eta Europako ikerketa-erakundeak. Guztira, 130.000 lagunek osatzen dute elkartea. Aipatzekoa da, esaterako, EPSk Europako erakundeen zientzia-politikari buruzko eztabaida- eta erabaki-foroetan parte hartzen duela.