Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Baserriaren etorkizuna eraberritzeko tresna

Dokumentuaren akzioak

Baserriaren etorkizuna eraberritzeko tresna

2017/09/04 - unibertsitatea.net
Baserrien eraberritzeak ondarea, ingurumena eta alderdi sozioekonomikoa kontuan hartuz diseinatzeko metodologia bat sortu du UPV/EHUko Arkitektura Saileko Ugaitz Gaztelu Onaindia ikertzaileak
Baserriaren etorkizuna eraberritzeko tresna

Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Atzerrian ikasten ari zela, herriminak eraman zuen Ugaitz Gaztelu Onaindia UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikertzailea baserrien gainbeheraz hausnartzera: "Baserriak gure bostehun urteko historia kontatzen du, gure paisaiari identitatea ematen dio, eta gure kulturaren isla da. Baina, kanpoan nintzela, baserriaren irudi jakin bat etortzen zitzaidan burura: erabilerarik gabe, jausita… Horrela erabaki nuen baserriaren etorkizunari begira jartzea". Gauzak horrela eraikin horien etorkizuna lantzeari ekin zion bere diziplinatik, arkitekturatik. Urteetako lanaren fruitua da aurkeztu berri duen baserriak modu jasangarrian eta ondarea errespetatuz eraberritzeko tresna.

Baserriaren krisia aukera ezin hobea da, ikertzaile honentzat, eredu berri bat sortzeko. Jasangarritasun sozioekonomikoaren, ingurumen-jasangarritasunaren eta ondarearekiko errespetuaren arteko orekan oinarrituta.

Lau pausotan banatzen den eraberritze prozesua dakar Gazteluk. Lehenengo pausoa diagnosia egitea da, eraikinaren arkitektura aztertzea "ondarearen ikuspuntutik, eta haren portaera bioklimatikoa ezagutzea. Horretarako, eraikina monitorizatu behar da: hamabost minutuan behin, tenperaturaren eta hezetasunaren datuak eskuratzen dira. Modu horretan, baserriaren simulazio energetikoa osatu eta kalibratzen da".

Behin datu horiek eskuan, bigarren pausoa erabilera integratzea da, "energia eta ondarea kontuan hartuta". Ikertzaileak ikusi du erabilerak zeresan handia duela kontsumoan, eta lehen sektoreko erabilera, "erabilera tradizionala" dela errentagarriena eta efizienteena. Gazteluren arabera "eraikin baten kontsumoa haren erabileraren araberakoa da, auto baten kontsumoa haren gidariaren araberakoa den bezalaxe". Auzia ez baita berogailua noiz pizten eta noiz amatatzen den soilik. "Animaliek beroa sortzen dute. Nik monitorizatutako Urdaibaiko baserrian frogatu nuen lau behi izateak 3,20 °C igotzen duela tenperatura. Makina bat egun osoz beroa sortzen ari balitz bezala".

Hurrengo bi pausoetan esku-hartzerako mapa osatzen da. "Estrategiak planteatu behar dira, eta, horretarako, azterketa parametrikoak erabili nituen, une hartan munduan oso unibertsitate gutxitan erabiltzen zuten sistema bat. Haren bidez, norberak estrategiak banan-banan planteatu ordez (teilatua 5 cm isolatu, hormak 10 cm eta lurra 6, edo zergatik ez 4?), denen arteko konbinazio guztiak probatzen dira. Hala, simulazio-kopuru txiki bat egin ordez, aldi berean ia 40.000 simulazio egiten dira". Efizientziari buruzko datu hori eskuratu ondoren, azken pausoan, ondarea hartzen da kontuan. "Muga bat ipintzen da egin daitezkeen aldaketetan; izan ere, estrategia batzuk oso efizienteak izan daitezke —adibidez, 20 cm isolatzea horma guztiak—, baina ondarea ez dute errespetatzen", argitu du Gazteluk.

Araudian integratu beharreko metodologia bat da, ikertzailearen ustez: "ni hasieratik aritu naiz lanean Urdaibaiko Patronatuarekin, eta haren araudi berrian sartuta daude nik atera ditudan ondorioetako asko, baina araudi orokorragoetan ezarri behar litzateke; tresna sinplifikatu, edozein arkitektok bere estudioan izan dezan. Guztion elkarlana nahitaezkoa da baserriak kalitateko etorkizuna izan dezan. Aurreko belaunaldiak utzi digun altxor hau plazara eraman behar dugu berriz; egoera irauli behar dugu, baserriari merezi duen balioa emanez".

Iturria: UPV-EHU