Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Estibaliz Mateos: “Depresio sintomak pertsona nerabezarora heldu baino lehen ager daitezke”

Dokumentuaren akzioak

Estibaliz Mateos: “Depresio sintomak pertsona nerabezarora heldu baino lehen ager daitezke”

2016/02/22 - Unibertsitatea.net
Estibaliz Mateos 1985ean jaio zen Laudion. Lehenik, Psikologia ikasketei ekin zien eta, gero, Osasun Mentalari eta Terapia Psikologikoei buruzko Masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Orduantxe, Deusto Stress Research ikerketa taldeko hainbat proiektutan hasi zen ikertzen, kolaboratzaile eta ikerketa laguntzaile gisa. Geroago, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko doktoretza aurreko diru-laguntza lortu zuen, eta horrek “Eskemen Terapia Modeloaren eta Etsipenaren Teoriaren baterako ekarpenak Nerabeen Depresioan” izeneko doktorego-tesia egiteko aukera eman zion. Gaur egun, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Pertsona Ezinduen Arloan egiten du lan psikologo moduan. IkerGazte kongresuan aurkeztu zuen lanaren inguruan aritu gara berarekin.

Zer dela eta aukeratu zenuen "Eskemek nerabeen depresio-sintomen agerpena iragartzen dute inferentzien bidez" gaia?

 

Hasteko, Esther Calvete buru duen Deusto Stress Research ikerketa taldean hasi nintzen ikerkuntza egiten. Talde honetan aztertzen diren gaien artean, arazo emozionalak daude. Ordutik argi izan nuen ikerketa taldean aztertzen diren gaietatik depresioa zela nigan interes gehien pizten zuena. Garai hartan, Esther Calvete “Nerabeen Depresioa: Ekarpenak Ahultasun Kognitiboaren eta Genero Desberdintasunen Transakzio-ikuspuntutik” ikerketa proiektua lantzen ari zen, zeinetatik atera baitzen nire doktore-tesia.

 

Ikerketan nerabezaroan agertzen diren depresio sintomen azterketa egin duzu; zeintzuk dira sintoma horiek?

 

Ikerketa honetan depresio-sintomatologiaren osagai nagusienak aztertu ziren: gogo-aldarte depresiboa, sintoma somatikoak, jateko gogoaren galtzea, loaren nahasteak, geldotze psikomotorea eta arazo interpertsonalak.

 

Zergatik agertzen dira depresio sintoma horiek nerabeetan?

 

Egia esan, depresio sintomak pertsona nerabezarora heldu baino lehen ager daitezke, nahiz eta sintoma horien adierazpena desberdina izan daitekeen pertsona aurkitzen den eboluzio-aldiaren arabera. Gertatzen dena da, depresio-sintomatologiaren prebalentzia haurtzaroan txikiagoa dela nerabezaroan baino. Kontuan izan behar da garapen-aldi honetan, nerabezaroan, pertsonak aldaketa biologiko eta psikosozial askori egin behar dizkiola aurre eta aldaketa horiek depresio-sintomen gehitzearekin erlazionatuta egoten direla.

 

Eskemek nerabeen depresio sintomen agerpena iragartzen dute, baina zer dira eskema horiek?

 

Eskemak emozioz, oroitzapenez, kognizioz eta gorputz-sentsazioz konposatutako patroi disfuntzional, egonkor eta iraunkorrak dira, zeintzuek kognizioaren maila sakonena osatzen duten. Ikerketa honetan, aurretiko ikerketen arabera depresioarekin erlazionatuta dauden eskemak aztertu ziren eta desberdindu egin zen eremu interpertsonalari eta autonomia eremuari erreferentzia egiten dietenen artean.

 

Nola funtzionatzen dute?

 

Eskemak aktibatuta edo latente egon daitezke, dagokion eskema partikularrarentzat garrantzitsua den inguruneko gertaeraren baten presentziaren edo presentzia-ezaren, hurrenez hurren, arabera.

 

Ikerketa honetan aurkitutako emaitzek diotenez, horietako eskema batzuek, eskema interpertsonalek zehazki, depresio sintometan eragina dute pertsonek beren bizitzetako estresore sozialei buruz egiten dituzten inferentzien bidez. Autonomi eskemek, berriz, depresio sintomak zuzenean iragartzen dituzte; hau da, eskemen eta depresio sintomen arteko iragarpen erlazioa ez zegoen erredimenduarekin erlazionatuta dauden inferentzien bidez azalduta, baizik eta zuzenean.

 

Ezaugarri jakin batzuk dituen nerabe batek aukera gehiago ditu depresioa bezalako gaitz bat garatzeko?

 

Bai. Ikerketa honen emaitzen arabera, adibidez, haien segurtasun, egonkortasun, afektu, enpatia, sentimenduen elkartruke, onarpen eta errespetu beharrak beteko ez diren sinesmenak ezaugarritzat dituen eskema-perfila duten gazteek depresioa izateko joera dutela ondorioztatzen da.

 

Zeintzuk dira ikerketa honen ondorio nagusiak? Eta etorkizuneko urratsak?

 

Ikerketa honen ondorio nagusiak hurrengoak dira:

 

1. denborako eskema interpertsonalek 2. denborako inferentzia sozialak iragarri zituzten eta inferentzia sozialek aldi berean 3. denborako depresio sintomak iragarri zituzten. Emaitza horien arabera, eskema interpertsonalak dituzten pertsonek inferentzia sozialak egiteko joera dutela ondorioztatu ahal da, eta inferentzia hauek egiterakoan depresio sintomak agertzeko arriskua areagotu egiten da.

 

1. denborako autonomia eskemek 2.denborako erredimendu inferentziak iragarri zituzten. Hala ere, espero genuenaren aurka, 2. denborako erredimendu inferentziek ez zituzten 3.denborako depresio sintomak iragarri. Bukatzeko, 1.denborako autonomia eskemek zuzenean 3. denborako depresio sintomak iragarri zituzten.

 

Laburbilduz, ikerketa honetan lortutako emaitzak nerabezaroko depresio sintomak azaltzeko Eskemen Modeloaren eta Etsipenaren Teoriaren integrazioaren aldekoak izan dira.

 

Gomendagarria litzateke etorkizuneko ikerketek aldagai kognitibo gehiago integratzea, sintoma gehiago ebaluatzea eta ikuspuntu desberdinak erabiltzea faktore kognitibo desberdinen arteko harremanak kontzeptualizatzeko.

 

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea?

 

Nire iritziz, “ikertzaile gaztea” kontzeptuak, ikertzaile gisa hezteko prozesuan dauden pertsonei edo orain dela gutxi beren doktore titulua lortu dutenei egiten die erreferentzia.

 

Ikerketa lana beharrezkoa denez, ezaguera sortzeko eta aurreratzeko, oso garrantzitsua da unibertsitateak ikertzaileen irudia defendatzea, eta indartzea eta gazteoi lan honetarako sarbidea erraztea. Dena den, gaur egun ikertzaile gaztea izateak askotan ezegonkortasuna, etorkizunarekiko ziurgabetasuna eta sakrifizio pertsonal ikaragarria dakartza berarekin. Erakunde publikoek baliabide gutxi bideratzen dituztenez lan honetarako, konpromiso pertsonal handia beharrezkoa da ezagueraren aurrerakuntza eman dadin.