Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Enekoitz Etxezarreta: "Euskadi mailan zaintza premian diren pertsona nagusien erdiek senideen aldetiko zaintzak baino ez dituzte jasotzen"

Dokumentuaren akzioak

Enekoitz Etxezarreta: "Euskadi mailan zaintza premian diren pertsona nagusien erdiek senideen aldetiko zaintzak baino ez dituzte jasotzen"

2013/12/16 - Unibertsitatea.net
Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa dira Enekoitz Etxezarreta ekonomialariaren ikergai nagusiak. Iaz aurkeztu zuen tesia.

Enekoitz Etxezarreta 32 urteko ikertzaile gaztea da. UPV/EHUn lizentziatu da birritan, 2003an Ekonomian eta 2010ean Gizarte eta Kultur Antropologian. 2012an, berriz, tesia aurkeztu zuen.

1. Pasa den urtean aurkeztu duzu tesia. Zer aztertu duzu bertan?

Doktorego tesian aztertu nahi izan duguna da Gizarte Ekonomiako entitateek, hau da,  kooperatiba, fundazio eta elkarteek, zein paper jokatzen duten gaur egun Gipuzkoako lurraldeko pertsona nagusiei bideraturiko gizarte zerbitzuen esparruan. Modu honetan ikusi nahi izan dugu zein modutan banatzen den gizarte zerbitzuen eskaintza titulartasun publiko, pribatu eta sozialeko erakundeen artean. Hala ere, eta gure ikergaia zaintzen esparru formala izan den arren, zaintzen gehiengoa esparru informalean edo familien baitan emanikoa dela nabarmendu behar litzateke lehen lehenik. Datuak egoskorrak dira, eta oraindik orain Euskadi mailan zaintza premian diren pertsona nagusien erdiek senideen aldetiko zaintzak baino ez dituzte jasotzen, eta soilik %5 inguru da gizarte zerbitzu publikoen eskaintzarako aukera duena.

Zaintza premian diren aipaturiko pertsona nagusien %5 horrek jasotzen dituzten gizarte zerbitzuen artean, Gipuzkoako lurraldean historikoki esparru publikoa zein gizarte ekonomia izan dira pisurik gehien izan duten gizarte eragileak, nahiz eta azken 10-15 urteetako garapenak sistemaren pribatizazio hazkor baterako joera erakutsi izan duen.     


Jasangarria al da gaur egungo sistema?

Jasangarritasunaren eztabaida puri-purian dago azkenaldian, krisi sakoneko testuinguru honetan, baina bitxia da soilik planteatzea gizarte ongizateari loturiko esparruetan (osasuna, pentsioak, gizarte zerbitzuak) eta ez pertsonen bizi mailan askoz ere eragin apalagoa duten bestelako gastu publikoko partidetan (ejertzitoan edo koroan, esaterako). Gainera, eztabaidak termino horietan planteatuta ondorio okerretara iristeko arriskua izan ohi du eskuarki.  

Guk jasangarritasun eza aipatzen dugunean ez gara kostuen murrizketa ikuspegi batetik egiten ari analisia, justu aurkako ikuspegitik baizik. Aspalditik datoz gizarte zerbitzuen sistema auzitan jartzen duten hainbat gizarte fenomeno, esaterako: populazioaren zaharkitze progresiboa, biztanleria aktiboaren beherakada, andrazkoen enplegu-tasa handitzea, bakarrik bizi diren pertsona nagusien kopuru gorakorra, etab. Prozesu horiek guztiek erronka ikaragarri handiak planteatzen dizkiote sistema publiko eta unibertsal gisa egikaritu nahi den gizarte zerbitzuen sistemari. Esku hartze publikoak, hortaz, zabalagoa, gertuagokoa eta pertsonalizatuagoa izan behar luke erronka berrioi erantzuteko. Gaur egun ordea, krisi finantzariak sektore publikoarengan sorturiko presioak eraginda, zerbitzuok jasanezin direla esanda zerbitzuok gutxitu edo merkatu egin behar liratekeela ulertzen da, eta guk diagnostiko orokorrarekin bat eginda ere, aurkako ondorioa da plazaratu nahi duguna, zerbitzu publikoak biderkatu behar liratekeela, alegia.  

4. “Investigadores en Economía Social y Cooperativa” jardunaldietan saritua izan zinen tesiarengatik.

Sari hori 2006an eman zidaten, tesia amaitu baino lehen zehazki, izen hori zuen Espainia mailako  kongresu batean (zehatzago "XI. Jornadas de investigadores en economía  social y cooperativa", Santiago de Compostelan, 2006ko urrian) eta 35  urtez azpiko egileen komunikaziorik onenaren saria izan zen eman  zidatena.


5. Eta hemendik aurrera zein izango da zure ikerketa ildoa?

Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa dira nire ikergai nagusiak, UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutuaren (GEZKI) kide naizen aldetik. Eragile horiek gizarte zerbitzuen esparruan ageri diren erronkei erantzuteko zein potentzialtasun duten arakatzen jarraitu nahi nuke. Horrez gain, ekonomia solidarioaren ildotik sortzen doazen proposamen teoriko berrien jarraipena egiten dihardut, dela “ondasun komunen” proposamenaren bidetik, dela “bizitzaren jasangarritasunaren” paradigmari helduz. Eta horiez gain, interes pertsonal berezia dut Ipar Euskal Herrian abian jarriak diren hainbat eta hainbat ekimenekin, denak ere gizarte ekonomiaren eta ekonomia solidarioaren ingurumarian sortuak baitira: dela Laborantza Ganberaren fenomenoa, dela Eusko moneta sozialarena, eta abar.

6. UEUko Ekonomia saileko kide zara. Zein uste duzu izan behar duela bere egitekoa?

UEUri aukera handiak ikusten dizkiot etorkizunean garatzeko, batik bat, euskarak eta euskararen lurraldeak asetu gabeko beharrizan asko dituztelako oraindik ere. UEU funtsezko egitura iruditzen zait Euskal Herriko unibertsitate ezberdinek dituzten bi ahulgune nagusiei erantzun bat emateko: ikuspegi nazionala bultzatzeko eta euskararen erabilera akademikoa sustatzeko. Bigarren honi dagokionez, EHUko graduetan bederen irakaskuntza mailan (ezta hurrik ere ikerkuntzan!) nolabaiteko hizkuntzen arteko oreka lortzetik gertuago gauden arren, graduondoko mailan euskararen presentzia hutsaren hurrena da. Hor legoke nire iritzian, gaur egun egiten diren gainerako lan guztiei eusteaz batera, UEUrentzat etorkizuneko abagune estrategikoetako bat. Lehenari dagokionez aldiz, UEUk izan behar luke plataforma Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ikerlariak elkartzeko, nazio ikuspegia duten proiektuak abiarazteko eta gure lurraldea kohesionatzeko estrategiak abiatzeko, herria izanik helburu eta euskara lanabes. Helburu horien alde nire apurra eskaini nahi nuke UEUn, gustu handiz eskaini ere.