Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Eneko Fernandez: "Uste dut 80ko hamarkadan euskal haur literaturak hedatzen zuen emakumearen irudia eta gaur hedatzen denarekin aldaketan daudela, baina ez behar bestekoak"
Erabiltzailearen akzioak

Eneko Fernandez: "Uste dut 80ko hamarkadan euskal haur literaturak hedatzen zuen emakumearen irudia eta gaur hedatzen denarekin aldaketan daudela, baina ez behar bestekoak"

2015/05/11 - Unibertsitatea.net
Eneko Fernandez Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan diplomatua da eta psikodidaktikaren inguruko master bat dauka. Egun "Emakumearen irudia euskal haur literatura modernoan" izeneko tesiarekin dabil buru belarri Ander Deuna Ikastolan lehen hezkuntzako irakasle lanetan ari den bitartean.

Zerk bultzatu zintuen #txiotesia2 lehiaketan parte hartzera?

Twitterren lehiaketaren berri izan nuen eta hasieratik, interesgarria eta originala iruditu zitzaidanez, parte hartzeko erabakia hartu nuen.

Alde batetik, aukera paregabea iruditu zitzaidan nire lana zabaltzeko eta sarean gaiarekiko kezka eta ardura pizteko. Eta bestetik, noski, euskararekin lotuta dagoen edozein ekimen bultzatzeko eta sustatzeko prestutasunak bultzatu ninduen lehiaketan parte hartzera.

Ondorioz, hautu pertsonala izan zen, erabat.

Nolatan otu zitzaizun zure tesian "emakumea eta euskal haur literatura modernoa" gaia aztertzea?

Galdera bat nuen buruan: nolakoa izango da umeek liburuetan ikusten eta irakurtzen duten emakumea? Eta hortik abiatuta beste galdera batzuk bururatu zitzaizkidan: zer-nolako ezaugarriak izango ditu emakume horrek? Non egingo ote du lan? Autonomoa izango ote da? Non kokatuko da, etxe barruan ala kanpoan? Zer emakume eredu eskaintzen du haur literaturak gure ikasle eta umeei?

Lehen hezkuntzako irakaslea naizen heinean, oso garrantzitsua iruditzen zait umeek zer irakurtzen duten ezagutzea. Izan ere, zer irakurri, hura izan.

Sarri entzun izan dira kezkak telebistan (iragarkietan, filmetan…) agertzen diren emakumeen irudien inguruan, zer-nolakoa papera duten edota islatzen diren estereotipoen inguruan. Horregatik, interesgarria eta beharrezkoa iruditzen zait kezka hau euskal haur literatura modernoan aztertzea.

Hiru eta lau urtetako umeek sexu bakoitzari gizarte patriarkatuak egotzi dizkion rol generoak desberdintzen dituztela diozu zure tesian. Zeintzuk dira adin-tarte horretako haurrek ezberdintzen dituzten rol horiek?

Esango nuke sistema heteropatriarkal honek emakumeei eta gizonei egozten dizkion betiko estereotipoak, gizartean erabat barneratuta ditugunak direla. Esate baterako, kolore arrosa neskei lotzea eta urdina, ordea, mutilei. Adjektiboen artean edertasuna eta sentikortasuna emakumeei lotzea eta gizonei, aldiz, indarra eta ausardia. Honez gain, etxerako lanak eta zaintzak (umeena edota zaintzekin zerikusia dituzten lanbideak) emakumeentzako izatea eta ardura eta prestigioa dituzten lanak, berriz, gizonentzako.

Eman da aldaketarik 80ko hamarkadan euskal haur literaturak hedatzen zuen emakumearen irudian gaur hedatzen denarekin alderatuta?

Oraindik nire ikerlana ez dago bukatuta, beraz, galdera honi erantzuteko nire pertzepzioez baliatuko naiz.

Nik uste dut 80ko hamarkadan euskal haur literaturak hedatzen zuen emakumearen irudia eta gaur hedatzen denarekin aldaketak daudela, baina ez behar bestekoak. Orain badirudi detaileak zaintzen direla, adibidez, aita bat etxeko lanak egiten agertzea edo ama izatea kanpoan lan egiten duena. Hizkera sexista ekiditea, hau da, politikoki zuzenak eta egokiak izaten saiatzen diren arren, orokorrean ez dut uste sustraia aldatu denik, alegia, lehen aipatutako rolak behin eta berriz agertzen dira liburu desberdinetan.

Zer nolakoa da egun haurrei erakusten zaien emakumea?

Nik esango nuke, umeek, gaur egungo liburuetan, etxetik atera den emakumea topatzen dutela, hain zuzen ere, espazio pribatutik espazio publikora salto egin duena. Ordea, zentzu honetan, ez da dena baikortasuna: oraindik ez dudalako uste gizonek betetzen dituzten esparru guztietara emakumea ailegatzen denik.

Lanbideei dagokienez, nire aburuz, gaur egungo euskal haur literaturan emakumeei esleitzen zaizkien lanbideak 80.hamarkadan baino ugariagoak dira, baina gizonezkoen lanbideekin alderatuz gero, askoz urriagoak eta mugatuagoak dira. Izan ere, gizonen ogibideak oso anitzak eta ugariak izaten dira (medikua, irakaslea, alkatea, tabernaria, zientzialaria, langilea, polizia…) eta emakumeen lanbideak, berriz, nahiko errepikakorrak eta oro har, zaintzan oinarrituta daude, hala nola, erizaina edota irakaslea.

Egia da gaur egun, 80.hamarkadan baino protagonismo handiago dutela emakumeek, baina puntu honetan ere, gizonezkoen ehunekoetatik urruntxo daudelakoan nago. Gizonen presentzia nabarmenagoa da emakumeena baino.

Egileek- idazleek eta ilustratzaileek- zaintzetara eta etxeko lanetara gizonak hurbildu dituzten arren, esango nuke, ehuneko oso altu batean, emakumeen ardura ere izaten jarraitzen dutela bi eginkizun hauek.

Emakume eredu desberdinak falta direla uste ez ezik, familia eredu ezberdin gehiago egotea ere eskertuko litzakeelakoan nago.

Nori gomendatuko zenioke ikertzaile munduan sartzea? Ze ezaugarri izan behar ditu pertsona horrek?

Ikerketa mundua ezagutzeko gogoa duen edonori gomendatuko nioke. Astia duen edonori. Gizartean zerbait aldatu, ezagutu eta hobetu nahi duen edonori. Kezkaren bat izanez gero, edota, hainbaten artean, buruan bueltaka daukazun gai bati heldu nahi badiozu, murgildu zaitez ikerketara. Bertan, gizarteari ekarpen bat egiteaz gain, zure ezagutzak handituko dira, ikaragarri gainera.

Edozein esparrutan edozer ikertu daiteke, ikergaiak anitzak dira, bururatu beste, beraz, animatu zaitez ikertzera.

Gogoan izan behar dugu egiten ez dena egin gabe geratuko dela. Izan ere, ikertzen ez dena ere ikertu gabe geratuko da. Hala, zuk ez baduzu egiten, agian, ez du beste inork egingo.

Ikertu nahi duen pertsona horrek gogoa eta denbora librea izan behar du, baina, azpimarratuko nuke, pertsona hori pazientziaduna izan behar dela.

Ze asmo duzu etorkizunari dagokionez?

Logikoa denez, etorkizunari begira nire asmoa tesia bukatzea da. Bestetik, hezkuntza munduan lanean jarraitzea.

Ander Deuna ikastolako irakaslea izateko zortea eta aukera daukadanez, horretaz baliatzea eta bertatik nire esku dagoena egitea da, etorkizuneko umeak berdintasunean heziak izan daitezen.





Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari