Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Elisa Sainz de Murieta: "Klima-aldaketa arintzen ez badugu, kostaldeko hiriak inpaktu larriei aurre egiteko prestatu beharko dira"

Dokumentuaren akzioak

Elisa Sainz de Murieta: "Klima-aldaketa arintzen ez badugu, kostaldeko hiriak inpaktu larriei aurre egiteko prestatu beharko dira"

2018/10/09 - Unibertsitatea.net
Geologian doktorea da Elisa Sainz de Murieta. Egun kostaldeko hiriek itsas mailaren igoeraren ondorioz jasan ditzaketen eraginak ikertzen ari da BC3 ikerketa zentroan.

 

Elisa Sainz de Murieta (Bilbo, 1977) Geologian doktorea da UPV/EHUn. Azken 8 urteetan BC3n ikertzaile bezala aritu da lanean, hauetatik azken biak Londoneko klima-aldaketa aztergai duen Grantham Research Institute-ean.


Klima-aldaketaren gaia landu zenuen tesian, zehazki itsas mailan izango duen eragina.

Bai, hala da, gai horixe aukeratu nuen tesirako, klima-aldaketak eragingo dituen ondorioak. Euskal kostaldean eragin garrantzitsua izan dezake, izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 60a eta ekonomia-jardueren herena kostaldean kokatzen dira.

Iraganean Euskal Herriko kostaldean itsas mailak aldaketak izan zituela diozu.

Lurraren historiari begira jakin dugu klima askotan aldatu dela. Orain bizi garen aldi geologikoari Kuaternarioa deritzo eta Lurraren historian aldi “gazteena” da, azken 2,6 milioi urteak. Kuaternarioaren ezaugarrietako bat da kliman eman den aldaketa, izan ere, epealdi Glaziarrak eta interglaziarrak txandakatuz joan dira. Aldaketa hauen atzean dagoen eragile nagusia Lurraren parametro astronomikoen aldaketa izan dela esan dezakegu (orbitan, ardatzean…) beste prozesu batzuek eragina izan badute ere (atmosferaren osaera edo zirkulazio sistema, adibidez).

Azken glaziazioa orain dela 110.000 urte hasi eta orain 20.000 urte inguru bukatu zen. Orduan, izotzak ipar hemisferioko eremu handia estaltzen zuen, Ipar Amerikan, Eskandinavian eta Britaniar Uharteetan ere. Seguraski denok dugu gogoan izotz-aro hau, pelikuletan eta liburuetan askotan ikusia. Baina honen aurretik, epealdi interglaziarra edo garai epela zegoen Lurrean. Munduko batez besteko tenperatura egungoa baino bi gradu altuagoa zen eta ikerketen arabera itsas maila 4-6 metro gorago kokatzen zen. Azken glaziazioan, aldiz, Atlantikoan itsas maila egun baino 100 metro beherago zegoen.

... eta ildo honetatik galdera interesgarria bota zenuen #txiotesia lehiaketan egin zenuen parte hartzean: "Zer gertatuko litzateke itsas maila iraganean bezala igoko balitz?".

Bai, nire tesian iraganean emandako itsas maila aldaketak aztertu nituen, aldaketa abiadura eta egun izango lukeen eragina. Noski, iraganean gertatutakoak ez du zertan egun era berean eman behar, baina datu interesgarriak ematen dizkigu erregistro geologikoak era naturalean gertatutako aldaketen inguruan.

Klima-aldaketaren ondorioz gerta daitezkeen muturreko gertakariak zeintzuk diren aurreikusi dituzue.

Bai, nire tesian eta batez ere ondoren, klima aldaketaren ondorioz emandako muturreko gertakariek kostaldeko hirietan izan ditzakeen eraginak aztertu ditugu, agertoki desberdinak erabiliz. Klima-aldaketa arintzen ez badugu, kostaldeko hiriak inpaktu larriei aurre egiteko prestatu beharko dira…

Baita honek guztiak izango lukeen inpaktu ekonomikoa.

Hori da. Itsas maila urtero 3 mm igotzen ari dela esaten dugunean edo XX. mendean 20 cm-ko gorakada izan duela azaltzean, zaila da horrek gure herrietan izango dituen ondorioak ulertzea. Kalteak estimatzerakoan denok ulertzen ditugun neurriak erabiltzen ditugu, eta inpaktuen aurreko arintze edo egokitze neurriak definitzeko orduan ere informazio ekonomikoa oso baliagarria dela uste dut.

Diozu klima aldaketa dagoeneko hemen dagoela eta zerbait egiten hasteko ordua dela. Nondik hasi?

Bai, uda honetan zientzialari batzuk New York Times egunkarian argi esan zuten: klima-aldaketa ikertzetik, honen ondorioak bizitzera pasatu gara. Orokorrean bi neurri edo politika mota ezarri daitezke: arintzea eta egokitzapena. Klima-aldaketa arintzeak Negutegi Efektuko Gasen (NEG) isuriak murriztean datza eta egokitzapena berriz, klima aldaketak sortuko dituen inpaktuei aurre egiteko neurriak abian jartzea. Noski, prozesu honi guztiari ez diogu zerotik ekiten. Adibidez, Euskal Herrian uholdeei aurre egiteko plan eta neurriak badaude. Hori bai, orain beste aldagai bat dugu ekuazioan: klima-aldaketa. Nik klima-aldaketaren inpaktuak aztertzen ditut eta hauei egokitzeko aukerak. Zer egin genezakeen atal honetan? Garrantzitsua litzateke gure herrietan zein inpaktu izan ditzakegun ezagutzea eta hauei nola egokitu jakitea, ez soilik epe laburrean, baita epe ertain eta luzean ere.

BC3an ari zara lanean. Zein proiektutan zaude murgilduta?

Bai, BC3 aurten 10 urte bete dituen klima aldaketarako ikerketa zentroa da. Sortu zenean arlo sozio-ekonomikoa zuen batik bat hizpide. Orain taldea asko hazi da eta ikerketa lerro gehiago jorratzen ditugu. Nire proiektu nagusia kostaldeko hiriek itsas mailaren igoeraren ondorioz jasan ditzaketen eraginak aztertzea da, kalte ekonomikoak eta ziurgabetasuna kontuan hartuta. Zergatik ziurgabetasuna? Etorkizunerako aldagai bakoitzaren joera ezagutzen dugu baina ez dago erantzun bakarra, gauza desberdinak gerta daitezke BEGen isurpenen arabera, garapen sozioekonomikoaren arabera... Garrantzitsua da ziurtasunik gabeko egoera hauetan ere erabaki egoki eta eraginkorrenak hartzeko tresnak izatea.

Aurrera begirako zein erronka dituzu?

Klima aldaketarako Parisko akordioa aurrerapauso handia izan zen, baina oraindik honen helburutik oso urrun gaude, alegia munduko batez besteko tenperatura 2 gradutik behera mantentzetik. Horregatik, une honetan niri gehien interesatzen zaidana zera da, klima-aldaketaren inpaktuei aurre egiteko behar besteko neurriak eta erabakiak hartzeko lagungarria den ikerketa burutzea. Honela, hiru ikerketa ildo nagusi jorratu nahi ditut: lehena, orain burutzen ari naizen lanaren jarraipena egitea, arriskuak eta ziurgabetasuna ulertzeko eta kudeatzeko tresnak eta datuak sortzea; bigarrena, egokitzapen politiken inpaktua eta eraginkortasuna aztertzea, baita hauek biztanleria talde desberdinetan zer nolako eraginak sortzen dituzten; azkenik, nazioartean klima-aldaketaz hartzen diren erabakien baitan, estaturik gabeko eskualdeek eta hiriek izan dezaketen (eta berez izaten ari diren) rola aztertzea.

Etiketak: elkarrizketa